Hauteskundeak Venezuelan

Aspaldiko lehia estuena

Oposizioak segurtasun arazoak nabarmenduz eraso dio Chavezi gaurko hauteskundeetarako kanpainanInkestek ez dute garaile ziurrik ematen, gehienak Chavezen aldekoak izan arren

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Autoa pronto edukitzeko eta erregai tankea betetzeko «hauteskunde egun bezperarako»; bizi diren hiritik ez irteteko, «beharrezkoa ez bada»; patrikan eskudirua sartzeko, «edozein larrialditarako»; etxean jakiak, ura eta argia biltzeko, «gutxienez hiru egunetarako». Nazioarteko korporazio batek Venezuelako bere langileei gaurko hauteskundeei begira emandako aholkuetako batzuk dira.

Beste korporazio batzuek, berri agentzien arabera, opor bereziak hartzeko aukera eman omen die venezuelarrak ez diren langileei herrialdetik egun batzuetarako irten daitezen.

Korporazioetako langile ez diren herritar askok ere, normalean baino jaki gehiago erosi dituzte egunotan. Galtzen ez diren jakiak betiere. Hauteskunde aurreko egunetan ohikoa dela diote denda saltzaileek. Halakoxea da Venezuelan hauteskundez hauteskunde gordetako memoriaren zama. Eta halakoxea da Hugo Chavezek hauteskunde hauetan bizkar gainean eduki duen harriaren astuna: 1999an boterera heldu zenetik hona Venezuela osoan areagotu egin da segurtasunik eza —duela 13 urte 100.000 biztanleko 25 hilketa gertatzen baziren, iaz 45,1ean zegoen ratioa, esate baterako—, hauteskunde osteko egunetan biolentzia areagotu daitekeelako ustea ez da gutxi batzuen kontua.

Datuak alde, datuak kontra

Inkesten arabera, aspaldiko lehia estuena izango da gaurko bozetan. Boza ematera deituta dauden ia 19 milioi lagunek beren herrialdean eta nazioartean eragin handia izan dezakeen erabakia hartu behar dute: Latinoamerikan itzal handia lortu duen sozialismo bolivartarrari jarraipena eman ala neoliberalismoaren arrastora sartzea dute aukeran.

Venezuelako presidentea da Latinoamerikako hainbat herritan mamitzen ari den sozialismo ereduaren ikur nagusia, eta hamalau urteko jardunean lortutako datu sozioekonomiko oso garrantzitsuak ditu alde. 1999an, boterea eskuratu zuenean, esate baterako, venezuelarren ia laurdenak (%23,4) muturreko pobrezian bizi ziren, eta iaz, %8,5. 1999an, herrialdeko langabezia tasa %14,5ean zegoen; joan den abuztuan, %7,9an. Chavezek boterea lehen aldiz eskuratu zuenean, mila haur jaioberrietatik hogei hiltzen ziren; iaz, hamahiru. Eta duela hamahiru urteko per capita errentaren ia hirukoitza zuten iaz. Eta petrolio esportazioen balioa ere, Chavezen aginte hastapeneko 14.400 milioi dolarretatik 60 mila milioitara igoa zen iaz.

Chavezek erabat nazionalizatutako Pdvesa petrolio konpainia erraldoia pribatizatzeko, AEB Ameriketako Estatu Batuekin harremanak estutzeko eta estatu egitura zenbait desegiteko beharra aldarrikatu du Henrique Caprilesek, eta aspaldiko oposizio indartsuenaren irudia haizatu du kanpaina honetan, oposizio batuaren irudia; horretarako plaza espeziala izan du bere kontrolpeko baliabide multzoa. Hedabide publikoetan hauteskunde kanpainari eman zaion tratamenduagatik, berriz, kexu agertua da oposizioaren hautagaia, «nabarmen desorekatua» izan delako Chavezen alde.

Atzerritik, iritzia

Gaurko hauteskundeek nazioartean izan dezaketen eraginaren neurria, azken egunotan hainbat nazioarteko eragilek egindako adierazpenek ematen dute. Nikaraguako presidente Daniel Ortegak, esaterako, Hugo Chavezen garaipena espero duela esan zuen ostegunean. «Igandekoa bataila handia izango da gure Amerikarentzat. Erraza da ulertzen nor dagoen herriarekin eta nor dagoen herrien aurka». Ortega Chavezen aliatu politiko eta ekonomiko garrantzitsua da Erdialdeko Amerikan.

Paraguain, aldiz, Federico Franco presidenteak esana du «oso ezusteko atsegina» litzatekeela Chavezek gaur galtzea. Fernando Lugo ekainaren 22an kargutik kendu zuen maniobra politikoaren ondorioz dago boterean Franco, eta ordutik Chavezek eginahalak egin ditu nazioarteko erakundeetan zilegitasuna onar ez diezaioten Paraguaiko egungo gobernuari.

Unasur Hegoamerikako Nazioen Batasunak gaurko hauteskundeak aztertzeko bidali duen misioko buruak, Carlos Alvarezek, hautagai guztiei dei egin zien asteazkenean hautagaiei hauteskunde emaitzak onar ditzaten, normaltasunerako «berme» gisa.

Hauteskunde Batzorde Nazionalak, berriz, «erabateko garbitasuna» iragarri zuen herenegun gaurko hauteskundeetarako. Batzorde horretako bost buru nagusietatik bakarra jotzen dute Venezuelan Caprilesen aldekotzat. Vicente Diaz izena du, eta berak esana da «ezinezkoa» dela gaur iruzurra gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.