Assange

Assange "legez kanpo atxilotua" izan zela berretsi du NBEk

Ebazpena bihar egingo du ofizial Genevak. Wikileaksen sortzaileak hiru urte daramatza Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babestuta.

Julian Assange Ekuadorren enbaxadan, artxiboko irudi batean. KERIM OKTEN / EFE
2016ko otsailaren 4a
08:51
Entzun

Erresuma Batuko BBC kateak zabaldu du albistea: Wikileaksen sortzaile Julian Assangek egindako salaketa babestu du NBEk, alegia, "legez kanpoko atxiloketa" izan zela harena. Dena den, erabakia bera eta salaketa berresteko arrazoiak bihar emango ditu argitara Nazio Batuen Erakundeak.

Assange 2012tik dago Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babestuta; aurretik etxean atxilotuta egon zen. Erresuma Batuak iragarria du handik atera orduko atxilo hartu eta Suediara estraditatuko dutela. Izan ere, bere aurkako lau salaketa daude bere aurka herrialde hartan. Haietatik hiru —sexu abusuengatik hirurak— dagoeneko preskribatuta daude; baina laugarrena, emakume bat bortxatu izanagatik aurkeztutakoa, indarrean da.

Babes eskea

Ekuadorrek onartua dio Assangeri asilo politikoa, baina enbaxadatik irten ahal izateko Londresek igarobaimena eman behar dio, eta azken horrek esana du Quitoren egoitzatik irtenez gero, atxilotu eta Suediara bidaliko dutela.

Wikileakseko sortzaileak asiloa eskatu zion Ekuadorri, argudiatuz Suediara estraditatuz gero, handik AEBetara eramango dutela, eta han bere aurkako "epaiketa sekretua" egiten ari direla. Izan ere, AEBetako Estatu Departamentuaren ezkutuko dokumentu ugari plazaratu zituen webguneak. Bere aurkako "sorgin ehiza" egitea egotzi dio Assangek Washingtoni.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.