IRLANDA

Asteburuko bake negoziazioa zapuztu izana ukatu du DUPek

Alderdi Demokratiko Unionistak komunitateen betoa proposatu du

Erredakzioa
2004ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Stormonteko gobernua berriz indarrean jartzeko asteburuan eginiko elkarrizketetan hitzarmena lortzea ezinezkoa bihurtu zuena bere jarrera izan zela ukatu zuen atzo DUP Alderdi Demokratiko Unionistak. Unionistei leporatu zieten behatzaileek bake negoziazioen porrota: «Gure jarrera 'dena hartu eta ezer ez eman' izan zela gaitzetsi du hainbatek, baina ez da bidezkoa DUP erruduntzat jotzea», defendatu zuen bere burua atzo alderdiak adierazpen baten bitartez.

DUPek gai garrantzitsuenak konpondu arte «jo eta ke» jarraituko duela gaineratu zuen alderdiak. Ian Paisley apaizaren taldea Stormonteko gobernua errepublikanoekin partekatzeko prest ez dagoela argi utzi zuen larunbatean. Gehiengo unionistaren bidez, utxiengo nazionalista botererik gabe utzi nahi duela leporatu zioten errepublikanoek. Ostiral Santuko akordioei jarraiki bi komunitateak biltzen dituen gobernua izan behar du Stormontekoa, baina DUPk uko egiten dio Sinn Feinekin batera gobernatzeari. Edonola ere gehiengoaren agintea berriz ezarri nahi duela ukatu zuen atzo DUPek, eta komunitate bakoitzari Gobernuaren erabakien gaineko beto eskubidea ematea proposatu zuen atzo.Leedsko elkarrizketetan porrotik ez dela izan esan zuen atzo, bestalde, Erresuma Batuak Irlandako iparraldeko sei konderrietarako duen Ministerioak. «Ez genuen huts egin; akordioa lortzeko astirik ez genuen izan, besterik gabe», adierazi zuen Paul Murphy ministroak. «Alderdiek benetan konpondu nahi dituzte gaiak. Bide zuzenean gaude», gaineratu zuen. Gaur biltzekoak dira Murphyrekin uhartearen iparraldeko alderdiak, banan bana.Bake prozesuaren mugarria izan zen Stormonteko gobernua eratzea. Lehen aldiz, boterea partekatu zuten nazionalistek eta unionistek. Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi zuen Stormont 2002an, IRAk espioitzarako baliatzen zuela esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.