KOLONBIA

Astelehenean itzuliko dira FARCeko ordezkariak negoziazio mahaira

Herritarrek bake prozesuan lortutako akordioak erreferendum bidez bozkatzeko legea proposatu du Kolonbiako Gobernuak; asmo hori aztertzeko, bake elkarrizketak eten ditu gerrillak. Kolonbiara itzultzeko agindu dio Juan Manuel Santosek gobernuaren ordezkaritzari.

2013ko abuztuaren 24a
10:41
Entzun

Negoziazio mahaitik altxa dira FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileko ordezkariak, baina astelehenean itzuliko dira elkarrizketetara. Hala jakinarazi du Caracol Kolonbiako irrati kateak. Gerrillako ordezkariek atzo iragarri zuten "eten bat" egingo zutela elkarrizketetan, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bake akordioaren inguruan erreferenduma egiteko lege aldaketa bat egingo duela esan ondoren. Asmo hori aztertu nahi du gerrillak.

Santosek, ordea, Kolonbiara itzultzeko agindu dio gobernuaren ordezkaritzari. "Prozesu honetan, etenak egin edo erabakiak hartzen dituena ez da FARC", ohartarazi du. Haren esanetan, "ulertzekoa" da gerrillak gobernuaren proposamena aztertu nahi izatea, baina erantsi du "herritarren pazientziak mugak" dituela.

Nolanahi ere, elkarrizketei eutsi eta aurrera egiteko asmoa adierazi du Santosek: "Asko aurreratu dugu, lehen puntuaren inguruan [lurren auziari buruzkoa] lortu genuen akordioa oso garrantzitsua da".

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek iazko azaroaren 19an hasi zituzten bake negoziazioak, Habanan. Bake negoziazioak hasi eta sei hilabetera amaitu zuten agendako lehen eztabaida, maiatzaren 27an. Bost puntu ditu negoziazio agendak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.