Atentatu oldeak 95 hildako eta ia 600 zauritu eragin ditu Bagdaden

Eremu Berdearen parean bi bonba-kamioi leherrarazi dituzte; Atzerri Ministerioaren eta Finantza Ministerioaren alboan

Kristina Berasain Tristan.
2009ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bagdaden azken hilabeteotako egun beltzena izan zuten atzokoa. Horrelaxe izan zen Ala Abdul Karimentzat: «Urteko egun beltzena izan da». Irakeko hiriburuko leku ugaritan izandako atentatuek dozenaka hildako eta ehunka zauritu utzi baitzituzten. Goizean, ia aldi berean, sei bonba leherrarazi zituzten, horietako batzuk seguruenentzat jotzen diren eremuetan; tartean, egoitza ofizialak dauden eremuetan. Eta horrek kezka eragin du herritarren artean; izan ere, zalantzan jartzen hasiak dira hango segurtasun indarrek gaitasuna ote duten euren eginkizunak betetzeko. «Non daude gure segurtasun indarrak?», galdezka ari zen Karim.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak ekainean utzi zuen irakiarren eskutan segurtasunaren ardura hiri nagusietan eta, orduz geroztik, nabarmen handitu da atentatuen kopurua, batez ere, Mosulen eta Bagdaden. Urtarrilaz geroztik 150 base militar itxi dituzte AEBek Iraken; eta egun 300 inguru dituzte. 2012rako dira erabat erretiratzekoak.

Irakeko Gobernuak plazaratutako azken datuen arabera, atentatu oldeak gutxienez 95 hildako eragin zituen. Zauritutako lagunak, berriz, ehunka dira -azken informazioen arabera 597-, eta kopuru horrek gora egin dezake;izan ere, hondakinen artean gorpu gehiago aurkituko dituzten beldur dira erreskate taldeak, eta larri zauritutako lagunetako batzuk hilko diren beldur dira medikuak.

Eremu Berdea jomuga

Bagdadeko Eremu Berdearen parean izan zen eraso bortitzena -segurtasun neurri zorrotzak daude eremuan-. Atzerri Ministerioaren parean bonba-kamioi bat leherrarazi zuten ekintzaileek 45 hildako eta 90 zauritu eraginez. Eremu Berdea babesten duen hesitik kanpo dago eraikina, bainahesiaren beste aldean dauden eraikinetan ere, enbaxadetan barne, kalteak eragin zituen bonbak. Irakeko Legebiltzarrean, esaterako, kristalak hautsi ziren. Ministerioa, berriz, erabat suntsituta gelditu zen. «Ministerioko leihoak txiki-txiki eginda gelditu dira, eta sarraski gorria zegoen barruan; funtzionarioak, kazetariak eta bizkartzainak ikusi ditut hildakoen artean». Asia izeneko gaztearen hitzak dira.

Finantza Ministerioaren aurrean beste bonba-kamioi bat zartarazi zuten minutu batzuk lehenago ekintzaileek, eta leherketak parean dagoen zubi bat behera erortzea eragin zuen, azpian zeuden autoak erabat hondatuz. Atentatu horretan 28 lagun hil eta beste 180 zauritu ziren. Ingurumen, Etxebizitza eta Osasun Ministerioek ere kalteak izan zituzten leherketen ondorioz.

Bagdad iparraldean beste bonba-auto bat leherrarazi zuten; Al Mustansarija Unibertsitatean. Hiriburuko beste auzoetan, berriz, eraso txikiagoak izan ziren; Katyusha misilak eta mortero obusak jaurti zituzten ekintzaileek. Kifa, Salihije, Al Shuhada eta Karrada auzoetan izan ziren, besteak beste, erasoak. Baia auzoan ere bonba-auto bat zartarazi zuten bi pertsonen heriotza eraginez.

Hiriburuko kaleak hutsik geratu ziren atentatuen ostean, eta hainbat lekutik ke beltzezko eta hauts zuriko zirimolak irteten ziren zerura. Poliziak hainbat kale itxi zituen eta kontrolak ezarri zituen etorbide nagusietan. Mustapha Muhie bete-betean harrapatu zuten auto ilarek: «Erotzen hasiak gara, nora ezean dabil jendea; autoetara joan nahi dute, euren etxeetara ahalik eta azkarren iristeko». Bera ere halaxe ibili zen, baina zirkulazioa handia zegoelako eta non-nahi kontrolak zeudelako kexu zen: «Auto guztiak ari dira miatzen eta gidariak galdekatzen. Hamar minututan egin ohi dudan bidea egiteko ordubete behar izan dut. Eta etxera ailegatutakoan familia oso kezkatuta zegoen». Gauzak okerrera egingo duten beldur da Muhie.

Bagdadeko hesiak eraisten

Al Kaedari leporatu diote atentatu sorten erantzukizuna agintariek, eta talde horretako kideren bat atxilotu zutela jakinarazi zuten. Kasem Ataa Bagdadeko Segurtasun Planeko bozeramaileak eta jeneralak erasoak ikertzen ari direla aurreratu zuen, erantzuleak zeintzuk diren argi duela zehaztu bazuen ere: «Al Kaeda eta Baath alderdiaren inguruan eratutako taldexkak daude atentatuen atzean». Saddam Husseinen alderdia zen Baath.

Bagdad hiriburuan okupazioaz geroztik hainbat auzotan zutitu zituzten hesiak eraisten hasi izanak, bestalde, errezeloa sortu du herritarren artean, eraiki zituztenean eragindako errezelo bera. Segurtasuna bermatze aldera eraiki zituzten hesiak, baina atentatuak murrizten ari zirelakoan, botatzeari ekin zioten hilaren 8an.Urteotan itxitako hainbat zubi ere ireki dituzte hiriburuan. Iraken, baina, areagotu egin dira erasoak. AEBek hiri nagusienetatik ekainean erretiratu zirenetik 200 lagun baino gehiago hil dira atentatuetan, eta heldu den urtarrilean bozak egin artean litekeena da indarkeria ekintzak gogortzea. Eta egun beltz gehiago izatea Iraken. Pentagonoa ere horren beldur da.



Irakeko errolda egiteko lanak bertan behera utzi dituzte bigarrengoz

Iraken egun baliatzen den erroldak hamabi urte ditu. 1997an osatu zen azkenekoz eta, orduz geroztik, berritu gabe dago. Bitan egin dute errolda osatzeko saioa, baina bietan bertan behera gelditu da; aurrenekoz duela bi urte, eta bigarrengoz orain. Urrian ziren errolda egitekoak, baina «desadostasun politikoengatik» sine die atzeratu dute. Kurdistango hiru eskualdeetan sortu dira desadostasunak -Niniven, Kirkuken eta Dijalan-; egungo erroldak ere ez ditu hango herritarren datuak jasotzen. Iraken 1937an ekin zioten errolda egiteari, hamar urtetik behin berritu zuten, 1997a arte. 30 milioi lagun bizi dira Iraken.





Zenbakia

3.000

Protesta egunak. Brian Haw bake ekintzaileak hiru mila egun daramatza kanpatuta Erresuma Batuko Legebiltzarrean; Afganistango eta Irakeko gerren kontra ari daprotestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.