AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Atergabeko bonbardaketa

Azken txanpan, etenik gabe ari dira kanpaina egiten Obama eta Romney AEBetako presidentetza eskuratzeko lehianEz dago ezer erabakita, eta zalantzan dauden estatuetan igaroko dituzte azken egunak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Hasi da AEBetan round-the-clock-blitz deritzoten garaia, alegia, mezuen bonbardaketa atergabea azaroaren 6ra bitartean; hautagaiak hara eta hona botoak bereganatzeko lehia basatian sartu dira, azken txanpan, datorren lau urteetarako Etxe Zuria eskuratzeko. Ez baitago ezer irabazia, bederatzi egun eskas dauzkate Barack Obamak eta Mitt Romneyk presidentetza irabazteko.

Obamak zaila izango du; Romneyk ere bai, eta ezer ez da ezinezko, ezer ez segurua. Horregatik, horren denbora gutxian ahalik eta gehien lortzeko estrategiak hartu dituzte. Azken inkesten arabera, botoetan bertsu ageri dira, Romneyk gora egin du, baina estatuetako ordezkari gehiago dauzka eskuratuak egungo presidenteak. Zalantzan daudenek erabakiko dute, ordea, noren alde egingo duen balantzak, estatu bakar batzuetako milaka gutxi botok. Horregatik, biak buru-belarri sartu dira swing estatuetan —zalantzan daudenetan—, eta hautesle konkretuaren bila hasi dira. Romneyk emakume zuri, ikasketa gutxikoak eta langileak ditu jomuga; Obamak, latinoak, emakumeak eta gazteak. Haiek eman diezaieke garaipena, eta, jakina, berez bereganatuta dituzten sektoreetako abstentzionista posibleek, etxean geratuko liratekeenen botoa eskuratzeak.

Obamak etxez etxekoa du estrategiarik eraginkorrena. Duela lau urte irabaziz gero, bere taldea horretan aritu da. Lehen aldiz hautatu zutenean, gogoberotasun izugarria zegoen haren inguruan, eta orain indar hori metodikoagoa da. Sekulako makineria dauka presidenteak bere bizkarrean. Bulegoetan lan egiten duten boluntarioek hartu-eman pertsonala landu dute, herri eta hirietako komertzioetatik hasi eta talde sozialetaraino. Gazteak ere badauzka, buru-belarri, ordenagailuen aurrean zalantzan daudenak non, noiz eta nola bereganatu esango dieten datuak eskura—estrategia horrek, ordea, ez die ziurtasunik ematen—. Romney ere ordenagailuetako datuen bila dabil lehiakidea bezalaxe, baina gertuko estrategian ez du Obamak bezain landua. Besteak beste, borroka gehien daukaten estatuetan, Ohion, Romnneyk baino 90 bulego gehiago dauzka Obamak; Floridan 60 eta Virginian 30. AEBetan 2008an presidentearen zerbitzura 700 bulego zeuden, eta orain, 800dik gora. Milioi erdi boto-emaile gehiago erregistratzea ere lortu du, baina orain zailena geratzen da: horiek botoa ematera joan behar dute. Horregatik, aldez aurretik botoa emateko deia, eta, horregatik, Obamak, gal dezakeela ohartarazi die boluntarioei, azkenera arte lanari euts diezaioten.

Mezuetan, berriz, Romneyk ez du zerikusirik primarioetan erakutsitako alde kontserbadorearekin. Zentroan jarri du bere burua, eta aukera bakartzat jo du. Ekonomian zentratu da batez ere, gehienbat zuria ez den komunitateetan; abortuaren legerik ez du aldatzeko asmorik —duela bi hilabete kontrakoa esan zuen—, immigranteen kontrako diskurtsoa leundu du, eta atzerri politikan, ja ez zaio Irani eraso behar, ezinbestekoa ez bada. Obamak, berriz, konfiantza eskatu du egiten ari denarekin jarraitzeko, eta Romneyri 1970eko hamarkadara itzultzea galarazteko.

Estatuz estatu

Colorado, Nevada,Iowa, New Hampshire, Winsconsin, eta batez ere Ohio, Florida eta Virginian gertatzen denak emango die garaipena Obamari eta Romneyri, kolorea urdina edo gorria izango den erabakita ez dagoen estatuetan. Horregatik, hiru estatuotan bikoiztu egin dituzte hitzorduak, bai presidentegaiek eta bai presidenteordegaiek ere.

Florida berriz ere AEBetako borroka eremurik gogorrena gerta daiteke. 2008an Obamak bereganatu zuen, baina estatu horretan etxeetarako hipotekatan izan den arazoak, eta ekonomiaren gainbeherak kalte egin diezaioke oraingoan. Gainera, haziz doa kontserbadore erretiratuen kopuruak, eta mesede egin diezaioke Romneyri. Hispanoen botoan egongo da seguruenik erantzuna: kubatar jatorrikoak eta puertorricarrak dira Obamaren kezkak.

Virginia, berriz, AEBetako panorama orokorraren isla da, eta borroka eremurik berriena hauteskundeetan. Obama berriz aukeratzeko oinarrizkoa izan daiteke. Estatua tradizioz kontserbadorea da, baina estatuaren iparraldeko demografiak asko aldatu du izaera. Iritsi berrietan lautik hiru asiarrak, afroamerikarrak eta latinoak dira, eta, horiei esker, 1964tik lehen aldiz irabazi zuten demokratek 2008an, zazpi punturen aldearekin. Orain, aldea estuagoa da.

Eta Ohio da harribitxia, han irabazten duena izan baita tradizionalki AEBetako presidentea, baina hori baino gehiago ere bai.Romneyk aukera txikia du Ohio galduz gero. Azken hamabi hauteskundeetan haren irabazlearen kolorekoa izan da Etxe Zuria. Ekonomiak modu erregularrean gora egin izana Obamaren aldekoa izan daiteke, eta demokratak motibaturik daude, iazko garaipenaren ondoren. Kontserbadoreek langile publikoaren kolektiboari eskubide murrizketak jarri nahi zizkion legea bertan behera botatzea lortu zuten langileek, eta haiek izango ditu Obamak bere alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.