Roquetas de Marreko (Almeria, Espainia) Guardia Zibilaren kuarteleko kamerek grabatutako irudiak ikusi ahal izan ziren atzo epaiketan. Martinez Galdeano Guardia Zibilaren autoan sartzen saiatu zirenean hasi ziren borrokak eta Galdeano lurrera bota zuten. Handik minutu gutxira 17:17ean haietatik helduenak kamerak grabatzen ari zitzaizkiela adierazi zien besteei eta haietako batek kameren irismenetik kanpo eraman zuen atxilotua.Kuartelaren pareko tabernan zazpi bezero eta zerbitzaria begira zeuden. «Legez kontrako zerbait gertatzen ari zen. Zerbait arraroa», azaldu zuen atzo zerbitzariak. Biktimak guardiak bultzatu eta jotzen zituela ikusi zuen. «Geroz eta agente gehiago ateratzen ziren kuarteletik. Izugarrizko jipoia eman zioten. Hil egingo zuten». Tabernako bezeroak ez zirela ezer egitera ausartu azaldu zuen. Arratsaldeko 16:30ean ailegatu zen Galdeano kuartelera. Drogak hartu zituela eta ijito familia batekin istripu bat izan zuela esan omen zien akusatuei. Handik gutxira agertu ziren haiek ere kuartelera. Guardia Zibilek ijitoak handik bidali eta alkoholemia froga egingo ziotela esan zioten atxilotuari, baina hark ez zuen nahi izan eta ihes egiten saiatu zen. Orduan lurrera bota eta «geldiarazi» egin zuten. Akusatuetako batek belauna jarri zion bularrean, ihes egin ez zezan. Hori izan zitekeen, Guardia Zibilen abokatuaren arabera, heriotza eragin zuena. Jipoia hasi eta anbulantzia iritsi zen arte, 45 minutu igaro ziren.Bestalde, Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok abuztuaren 11ra aurreratu zuen Kongresuan egin beharreko agerraldia. Gertatutakoari buruz hitz egin behar du han. Berez abuztuaren 17an zen Kongresura joatekoa.
leonardo montoya -galdeano familiaren bozeramailea
«Inor ez zen gertatutakoa saihesten saiatu, ez alkatea, ezta Guardia Zibila bera ere»
Justizia. Horixe da Guardia Zibilaren esku hildako Juan Martinez Galdeanoren familiak eskatzen duena. Martinez Galdeanoren koinatua eta familiaren bozeramailea da Leonardo Montoya. Haren esanetan, herritarrak oso suminduta daude gertatutakoarekin.
Guardia Zibilaren arabera, drogatuta zegoela eta ijito familia batengandik ihesian joan zela esan zien Galdeanok.
Hori da Guardia Zibilak esaten duena. Bihotzekoaren ondorioz hil zela ere esaten zuten hasieran. Itxuraz kolpe txiki bat izan zuen autoarekin eta laguntza eske joango zen segur asko kuartelera.
Akusatuek porra elektrikoak erabili zituztela ere esan da.
Autopsiak frogatu du hori. Porra elektrikoak eta hedagarriak eta gas paralizatzailea ere erabili zuten. Hori da kuarteleko kamerek grabatutako irudietan ikus daitekeena.
Akusatuak ezgaitzea erabaki du Barne Ministerioak. Zer iritzi duzue zuek?
Ez dakit. Horrelakoetan familiak kontu handiz hitz egin behar du. Horiek badira gobernuak horrelakoetan hartzen dituen neurriak, har ditzatela. Baina har ditzatela bai akusatuak Guardia Zibilak direnean, eta baita herritarrak direnean ere.
Lehendik ere baziren tenientearen aurkako salaketak.
Hala da bai. Nik eraman nion aurreko salaketa gure abokatuari eta beste baten berri ere izan dut. Ez dakit horrek kasuan eraginik izango duen, baina argi geratu da gizon bortitza dela. Lehen jauna deitzen nion, baina argi utzi du ez duela halako tratamendurik merezi.
Zer giro bizi da egunotan Roquetas de Marren?
Herritarrak suminduta daude oso. Ezintasuna sentitzen dute. Babesgabe gaude. Inor ez zen gertatutakoa saihesten saiatu, ez alkatea, ez beste agintariak, ezta Guardia Zibila edo Polizia bera ere.
Nola dago Galdeanoren familia?
Hamaika egun pasa ditugu borrokan eta gertatutakoa salatzen. Atzo [herenegun], lurperatu ahal izan genuen gure senidea. 11 egun Barne Ministerioa edo Guardia Zibila bezalako erraldoien aurka borrokan.
Uste duzu honek guztiak zerbaitetarako balioko duela etorkizunean?
Jende horrek tratu txarrak eragiten dituen azken aldia izango dela pentsatu nahiko nuke, baina ez dakit hori zilegia den, gobernua horiek guztiak kontrolatzeko gai izango ote den. Jendeak asko hitz egiten du. Baina inork ez dio familiari barkamenik eskatu. Ez Roquetas de Marreko alkateak berak, ez Guardia Zibilak eta ezta Barne Ministerioak ere, nahiz eta eurak ere erantzuleak izan. Ez dakit doluminak ematen ez ote dakiten. Benetako justiziarik baldin badago, hori betetzea da guk nahi dugun bakarra.