Italia

Atzera bota dute Berlusconiren aurkako zentsura mozioa, eta lehen ministro izaten segiko du

Ezkerrak eta Gianfranco Finik aurkeztutako zentsura mozioek aldeko 311 boto jaso dituzte, 314 kontra, eta bi abstentzio egon dira Italiako Diputatuen Kongresuan. Senatuan goizean aurrera atera da Berlusconiren aldeko konfiantza mozioa, Iparraldeko Ligaren babesarekin.

2010eko abenduaren 14a
16:22
Entzun
Italiako Diputatuen Kongresuan ere ez da aurrera atera Silvio Berlusconi lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa. Ezkerrak eta Gianfranco Fini gobernukide ohiak aurkeztutako zentsura mozioak batera bozkatu dira, eta 311 boto jaso dituzte alde eta 314 kontra; bi abstentzio egon dira. Etorkizuna eta Askatasuna (FLI) alderdiko hiru kidek alderdiari aurka egitea erabakigarria izan da. Maria Grazia Siliquini izan da bat, eta aurrez adierazi zuen Berlusconiren alderdiarekin bat egiten zuela. Katia Polidori FLIko kideak ere berlusconiren alde egin du. Sorpresakoa izan da horren erabakia, aurretik ezer esan gabe baitzegoen. Silvano Moffa, FLIko beste kidea, berriz, abstenitu egin da. Aurrez Fini eta Berlusconiri mahai baten bueltan eseri eta akordioa lortzeko deia luzatu zien.

Ondorioz Berlusconik lehen ministro izaten segiko du, goizean, espero bezala, Senatuan aurrera atera baita bere aldeko konfiantza mozioa, Iparraldeko Ligaren babesarekin. Ikusteko dago, ordea, nola gobernatuko duen Berlusconik, Finik Gobernua utzi zuenetik gutxiengoan baita lehen ministroa, eta bost hilabete hauek ez dira errazak izan beretzat. Azken egunetan Gobernuan sartzeko eskaintza luzatu die zentristei eta moderatuei. Inoiz baino leunago aritu zen atzoko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.