'Brexit'-a

Atzera bota dute Mayren aurkako konfiantza mozioa

Lehen ministroak iragarri du ez dela aurkeztuko 2022ko bozetara. 159 boto behar zituen Mayk, eta 200 lortu ditu —117 izan ditu kontra—. Lehen ministroak ohartarazi du lidergo aldaketa batek "arriskuan" jarriko lukeela Erresuma Batuaren etorkizuna.

jarraia160409.jpg
Arantxa Elizegi Egilegor - Hodei Iruretagoiena
2018ko abenduaren 12a
06:59
Entzun

Aurrera jarraitzen du Theresa Mayk brexit adostu bat aurrera ateratzeko ahaleginean. Konfiantza mozioa gaindituta, beste mugarri bat gainditu du gaur bere alderdian bertan, nahiz eta egoera zailean jarraitu. Joan den astelehenean May berak sostengu nahikorik eza argudiatuta akordioari buruzko bozketa atzeratu bazuen, oraingoan aderdikideak izan dira urratsa egin eta haren aurkako konfiantza mozioa aurkeztu dutenak. Ez du aurrera egin, ordea. Alderdi kontserbadoreko 159 diputaturen babesa behar zuen Mayk, eta 200 lortu ditu —117 izan ditu aurka—. Berak jarraituko du, beraz, alderdiko buru, eta aurrera segitu ahal izango du brexit-erako prozesuan.

Europako Batasunak, gainera, goi bilkurara deitu du biharko eta etzirako, brexit-ari buruz aritzeko. Zehazki, Erresuma Batuak eta EBk lortutako akordioa gauzatzeko dituen “kezkak” azalduko ditu Mayk, Komunen Ganberako bozketa atzeratu ondoren. Gaur bertan Europako Parlamentuak ohararazi dionez, EBk ez du brexit-erako akordioa berretsiko Ipar Irlandako mugarako proposatutako irtenbidea aldatzen badute; hau da, britainiarrek muga "gogor" baten alde egiten badute —Komunen Ganberako zenbait diputatu eskatu bezala—, Europako Parlamentuak ez du akordioa onetsiko.

Mayk kritikatu egin du alderdikideen jarrera, eta nabarmendu du "herritar guztien alderdia" dela kontserbadoreena. Ohartarazi du, bide batez, halako bera lidergotik kentzeak Jeremy Corbyn eta John McDonnell buruzagi laboristei soilik egingo diela mesede. "Nire asmoa da hasitako lana amaitzea". Hori lortu ahal izateko bertan behera utzi behar izan du gaur arratsaldean Dublinera egitekoa zuen bidaia, eta sostenguak biltzeko baliatuko ditu bozketa aurreko orduak.

Nahikoa babes

Graham Brady batzordeko buruak azaldu duenez halako bozketa bat deitzeko beharrezko %15a gainditu da, eta beraz, bada aurrera egiteko arrazoirik. Berez, Mayk 159 alderdikideren aldeko botua behar du bere lidergoa bermatu eta beste urtebetez karguan jarraitu ahal izateko. Ordea, litekeena da aurkako bozkak asko izanez gero, lehen ministroak berak hartzea dimisioa emateko erabakia.

Izan dira, hala ere, Mayren alde agertu diren parlamentari kontserbadoreak. Jeremy Hunt Atzerri ministroa izan da horietako bat. "Brexita inoiz ez da erraza izango, baina bera da martxoaren 29an Europatik irtengo garela bermatzeko egokiena". Ildo beretik joan da Sajid Javid Barne ministroa ere, zeinak kritikatu egin dien alderkideei konfiantza mozioa orain aurkeztu izana.

Krisi sakona

Europako Batasunetik irteteko erabakiak eztabaida gogorra eragin du Erresuma Batuaren baitan. Mayk berak Bruselarekin lortutako akordioa defendatu badu ere, joan den astelehenean hari buruzko bozketa atzeratu behar izan zuen, Parlamentuan babes nahikorik ez zuela onartuta. Hori izan da, hain zuzen ere, haren lidergoari buruzko zalantzak handitu dituena eta alderdikideen haserrea eragin duena.

Hain zuzen ere, bozketa atzeratuta "Parlamentuak hartutako erabaki bat gutxiestea" egotzi dio Corbynek lehen ministroari, gogoraraziz Parlamentuak erabaki zuela noiz egingo zen bozketa, eta Mayk bere kabuz ebatzi zuela erabaki hura bertan behera uztea.

Kontserbadoreak, baina, ez dira May buruzagitzatik baztertu nahiko luketen bakarrak. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak ultimatuma bota zion atzo oposizioko buruari mozioa eguna amaitu baino lehen aurkez zezala eskatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.