Irakeko erresistentziak bahiketak egiten jarraitzen du, azken bahituaklau italiar izan dira. Lau lagun horiek hiru japoniar bahitu zituen talde berak hartu ditu gatibu, Mujaidinen Brigadak deiturikoak. Al Jazeera telebista kateak eman duen bideo batean honako eskaria egiten dio bahitzaileetako batek italiako gobernuari: "inbasioagatik barkamena eskatzeko, egutegi bat beteaz tropak erretiratzeko, atxilotuta dituzten irakiarrak askatzeko (batik bat erlijiosoak), eta zuzenean beraiekin negoziatzeko".
Bestalde, Irakeko hiriburuan atzo gauean bahitu zituzten hiru errusiar eta bost ukrainar aske utzi ditu Irakeko erresistentziak. Interenergoservice enpresako langileak dira bederatzi lagun horiek; atzo gauean, armatuta pertsona batzuk beren etxean sartu ziren, eta gatibu hartu zituzten guztiak. Bat berehala askatu zuten.
Errusiako Atzerri Ministerioaren ustez, Iraken gero eta okerrago dagoen egoeraren ondorio dira bahiketa hauek, eta koalizioari dagokio Iraken segurtasuna bermatzea.
40 atzerritar bahituta
Koalizioak onartu duenez, 12 herrialdetako 40 lagun ditu Irakeko erresistentziak bahituta. Horietatik 13 daude identifikatuta: gaur bahitutako lau italiarrak, eta aurretik zeuden beste bederatzi. Hiru kazetari txekiar apirilaren 11n bahitu zituzten, dirudienez taxi batean zihoazela. Estatubatuar bat ere bahitua dago, apirilaren 9tik. Bere askatasunaren truke tropak erretiratzeko eskatu dute. Apirilaren 8an bahitu zituzten 3 japoniar. Japoniako tropak erretiratu ezean bizirik erreko zituztela esan zuten bahitzaileek. Israelgo arabiar bat ere apirilaren 8an bahitu zuen, bere buruari Ansar al-Din deitzen dion talde batek. Bahituta denbora gehien daramana kanadiar bat da; apirilaren 7tik dago bahitua.
Iraken okupazioa
Atzerritarrei Iraketik ateratzeko ohartarazi diete
Bahiketak gero eta gehiago direla-eta, Iraken dauden atzerritarrei irtetzeko deia egin diete. Esaterako, Parisko Gobernuak Iraketik alde egiteko gomendatu diete han diren frantziar guztiei. Izan ere, erresistentzia etengabe ari da atzerritarrak gatibu hartzen. Gaur, lau italiar bahitu ditu Mujaidinen Brigadak izeneko taldeak. Bestalde, atzo bahitutako bost ukrainar eta hiru errusiar aske utzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu