Londres

Atzerritarren erbesteratzea eta webguneen kontrola proposatu ditu Blairek "estremismo islamdarrari" aurre egiteko

Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairek "estremismo islamdarrarekin" amaitzeko proposamenak aurkeztu ditu gaur; besteak beste, indarkeria eta "terrorismoa" goresten dituzten atzerritarrak erbesteratzea pentsatu du. Proposamenen barnean webguneen eta liburu-denden kontrola ere sartzen dira. Ingalaterrako Bankuak uztailaren 21eko atentatuekin lotutako susmagarrien kontu korronteak izoztu ditu.

2005eko abuztuaren 5a
19:03
Entzun
Tonya Blair Erresuma Batuko lehen ministroak hedabideen aurrean azken agerraldi bat egin du gaur udako oporrak hartu aurretik. "Estremismo islamdarrarekin" amaitu nahiduela adierazi du, eta horretarako atzerritar "susmagarriak" erbesteratzea, eta islamismoarekin lotutako webgune eta liburu-dendak kontrolatzea proposatu du.

Erresuma Batuko Gobernuak "ekintza estremistekin" lotuta dauden webgune eta liburu-denden zerrenda bat egingo duela ohartarazi du, eta Barne Ministerioak hauekin zerikusia daukan edozein atzerritar erbesteratuko duela ere bai.

Blairek aurrea hartu nahi izan die Giza Eskubideen erakundeek egin ditzaketen kritikei, eta azpimarratu du Europako beste herrialde batzuk (Frantzia edo Espainia kasu) "ministerioen bitartez" egiten dituztela erbesteratzeak, eta ez auzitegien bitartez.

Lehen ministroak nabarmendu du uztailaren 7ko atentatuen aurretik "terrorismoarekin" lotutako susmagarrien aurkako lege gogorragoak aurrera ateratzen saiatu zela, baina lege hauek "aurkaritza handiekin" egin zutela topo Parlamentuan.

Bukatzeko, Erresuma Batuko egoera sozio-politikoan "klima desberdina" dagoela, eta "jokuaren arauak aldatu egin direla" azaldu du, eta azpimarratu nahi izan du arau berriak ez direla komunitate musulman zintzoei zuzendutako eraso bat.

Ingalaterrako Bankuak uztailaren 21eko atentatuekin lotutako susmagarrien kontu korronteak izoztu ditu eta, inork ezingo dituela "ukitu" adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.