Atzoko emaitzari errespetua adierazi dio Moskuk

Erreferendumak ez duela baliorik dio Kievek.

2014ko maiatzaren 12a
17:01
Entzun

Ukrainako Gobernuaren aitortzarik gabe egin dute erreferenduma Donetsken eta Luhansken, eta jarrera horri eutsi dio Kievek galdeketaren ostean ere. Ukrainako Atzerri Ministerioak ohartarazi du erreferendumak ez duela eraginik izango ez juridikoki ezta herrialdearen lurralde batasunari dagokionean ere.

"Erreferendum eta probokazio horien atzean, talde terroristak daude, estandar errusiarren arabera hezitakoak", nabarmendu du Atzerri Ministerioak.

Ukrainako Segurtasun Kontseiluko idazkari Andrei Parubiren esanetan, berriz, Kievek erasotzat joko du Errusiak galdeketaren emaitzak onartzen baditu. Erreferenduma atzeratzeko eskatu zien Vladimir Putin Errusiako presidenteak antolatzaileei.

Kremlinetik "errespetua"

Errusiako Gobernuak esan du "errespetatu" egiten duela erreferendumaren emaitza. Ohar batean, nabarmendu du parte hartze maila altua izan dela, eta espero du galdeketaren emaitzak "indarkeriarik gabe eta elkarrizketaren bidez" ezarriko direla.

Europako atzerri ministroek, berriz, gaur aztertuko dute erreferenduma egin osteko agertokia, baina estatu batzuetako ordezkariek jada "legez kanpokotzat" jo dute galdeketa. "Asteburuko gertakariak eta erreferendum deiturikoa aztertuko ditugu", esan du Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruak.

Didier Burkhalter ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen presidenteak Errusiari dei egin dio elkarrizketarako borondatea baieztatzera: "Errespetuaz hitz egin du, ez aitortzaz.  Ez dago emaitzen aitortzarik, eta garrantzitsua da hori". Burkhalterren esanetan, baina, Errusiak krisiaren eragile nagusi guztiekin elkarrizketarako gogoa duela berrestea falta da.

Europako Batasuna: zigor neurri berriak

Ukrainako eta Errusiako hainbat agintari zigortu ditu Europako Batasunak Ukrainako krisia hasi zenetik, eta iragan astean iragarri bezala, izen gehiago gehitu dituzte gaur zerrendara. Beste hamahiru lagun eta Krimeako bi enpresa zigortu ditu EBk: horien finantza aktiboak izoztuko ditu, eta agintariei, gainera, EBra sartzea mugatuko diete. Gaur bertan argitaratuko da zigortu berrien zerrenda EBren Buletin Ofizialean, eta hori egin bezain pronto sartuko dira neurriok indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.