Aubry eta Hollande faborito direla abiatu dira PSren hauteskunde primarioak

Inkesten arabera, biek ere erraz garaituko lukete Sarkozy Frantziako presidentetzarako bozetan

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Martine Aubry eta François Hollande bi aldiz faborito direla abiatu ziren atzo Frantziako Alderdi Sozialistaren hauteskunde primarioak. PSren lehendakarigaitza irabazteko ez ezik, batek zein besteak Frantziako Errepublikako lehendakari izateko aukera handiak dituztela diote inkesta guztiek.

Atzo gauerdian itxi zuen PSk barne hauteskundeetara lehiatzeko hautagaitza aurkezteko epea. Azken orduko ezusterik ezean, sei hautagai izango dira.Hollande eta Aubryz gain, izena eta bermeak eman dituzte Segolene Royalek, Arnaud Montebourgek, Manuel Vallsek eta Jean Michel Bayletek. Azken hori ez daPSko kidea, haren aliatu PRG Ezkerreko Alderdi Erradikaleko presidentea baizik. Primarioak, ordea, AEBekoen ereduarekin antolatu ditu PSk: bere burua «ezkerreko baloreei» atxikimendua adierazten dien edonor izan daiteke hautagai edo hautesle. Hori bai, euro bat pagatu beharko dute botoa eman nahi badute.

Primarioen lehen itzulia urriaren 9an izango da, eta astebete beranduago bigarrena. Inkesta guztiek diote lehia Hollanderen eta Aubryren artekoa dela. CSAk herenegun kaleratutakoak, esaterako, iragarri du lehenengoak botoen %34 lortuko lituzkeela eta %32 bigarrenak. Hirugarrena Royal izango litzateke, botoen %16ekin eta hortik behera geratuko lirateke beste hautagaiak.

Lehen itzulian, parez pare

Sondaketa horrek beraren arabera primario horietako irabazleak parez pare geratuko liratekeela Nicolas Sarkozyrekin Frantziako presidente izateko bozen lehen itzulian, apirilaren 22an: %26na Hollandek eta Sarkozyk, edo%27 Sarkozyk eta %25 Hollandek. Bi aukeretan hirugarren Marine Le Pen ultraeskuindarra izango litzateke, botoen %16ekin.

Bigarren itzulirako, berriz,LH2k aste honen hasieran kaleratutako inkestak dio sozialistek erraz irabaziko luketela: %60 Hollanderentzat eta %40 Sarkozyrentzat, edo %58 Aubryrentzat eta %42Sarkozyrentzat.

Inkestetako faboritoa Dominique Strauss Kahn (DSK) zen joan den maiatzaren 14ean New Yorken atxilotu zuten arte. Uztailaren 1ean libre geratu zen DSK, bortxaketaz akusatu zuen emakearen fidagarritasuna auzitan jarri baitzuen epaileak. Astelehenean zen deklaratzekoa berriro, baina agerraldia abuztuaren 1era arte atzeratu dute. PSren aldekoen artean %42k bakarrik nahi zuen DSK-k alderdiaren primarioetan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.