mundua

Aung San Suu Kyi ekintzaileak eserleku bat lortu du Myanmarko Parlamentuan

Atzo izandako hauteskundeetan Kahwnu hirian lortu du ordezkaritza, LND Demokraziarako Liga Nazionala haren alderdiak jakinarazi duenez. Gutxienez 43 eserleku eskuratu ditu LND alderdiak. 2010eko bozetan bi ganberetan hautatu gabe gelditu ziren jarlekuak aukeratu dituzte. Agintariek eta oposizioak uste dute hauteskundeak mugarri izango direla erregimena erreformatzeko.

2012ko apirilaren 2a
15:43
Entzun

Aung San Suu Kyi ekintzaile eta Bakearen Nobel saridunak eserleku bat izango du Myanmarko Parlamentuan, LND Demokraziarako Liga Nazionala haren alderditik jakinarazi dutenez. San Suu Kyik azken hogei urteak etxean giltzapetuta eman ditu, Gobernuaren aginduz. LND alderdiak 43 eserleku lortu ditu guztira, azken datuen arabera.

Myanmarren Parlamenturako hauteskundeak izan ziren atzo, eta 2010eko hauteskundeetan bi ganberetan hautatu gabe gelditu ziren jarlekuak aukeratu dituzte. LND oposizioko alderdiko burua da Suu Kyi, eta Kahwnu hiriko eserlekurako garaipena lortu du. "Herriaren garaipena izan da", nabarmendu du Suu Kyik garaipenaren ondoren.

1962. urtetik hauteskundeak egiten dituzten hirugarren aldia da Myanmarren. Ordutik iaz arte militarrek osatutako batzorde bat izan da boterean. Gobernuak hauteskunde-legea aldatu zuen eta horri esker, Demokraziarako Liga Nazionalak hauteskundeetara aurkezteko aukera izan du. 

1990. urtean izandako hauteskundeetan LNDk lortutako emaitzak baliogabetu egin zituzten, eta Suu Kyi etxean giltzapetzea agindu zuen Gobernuak. Pasa den azaroaren 13an arte aske utzi zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.