Aurkitu dituzte galdutako hegazkinaren arrasto batzuk

Brasilgo Defentsa ministroak baieztatu du Airbus A330 airekoaren hondakinak aurkitu dituztela itsasertzetik 650 kilometrora

2009ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Brasilgo aire armadak lokalizatu ditu igandetik astelehenerako gauean Ozeano Atlantikoan galdu zen Air Franceko Airbus A330 hegazkinaren zenbait arrasto. Rio de Janeiro (Brasil) eta Paris (Frantzia) artean lotura egiten zuen aireko horretan 228 lagun zihoazen: 216 bidaiari eta eskifaiako hamabi lagun.

Hegazkineko jarleku batzuk eta beste puska zenbait itsaso gainean sakabanatuta aurkitu zituzten Brasilgo armadako airekoek, astelehen gauean eta atzo goizean. Erregai orbanaren zantzuak ere ikusi zituzten uraren gainean. Puska horiek Brasilgo itsas zabalean aurkitzen den Fernando de Noronha artxipelagoko kostaldetik 650 kilometro ipar-ekialdera aurkitu zituzten, eta 60 kilometroko ur esparru batean sakabanatuak. Inguru horren gainetik igaro zen, hain zuzen, Rio de Janeirotik igande iluntzean aireratu eta Parisera astelehen goizean iristekoa zen AF447 hegaldia. Hegazkinarekin harremana aireratu eta hiru ordu eta erdira galdu zuten.

«Puska hauek ikusiak izan diren uraldea aintzat hartuz pentsaraz daiteke airekoarenak izan daitezkeela, baina oraindik ezin dugu baieztatu», adierazi zuen Brasilgo armadako eledun Jorge Amaralek, atzo goizean. «Zati hauetako batzuk eskuratu beharko ditugu egiaztatzeak egiteko xedean». Handik ordu gutxira, hala zela baieztatu zuen Nelson Jobin Brasilgo Defentsa ministroak: «Zalantzarik ez dut itsasoan aurkitu ditugun arrastook galdutako hegazkinarenak direna. Airekoa Brasilgo uretan jausi zen». Bilaketa lanetan ari diren itsasontziak eta urpekoak hegazkinaren kutxa beltzak aurkitzeko ahaleginetan ari dira, horiek argitu baitezakete zer gertatu zitzaion hegazkinari.

Zergatiaren bila

Parisen, anartean, kutxa beltz horien aurkitzea oso zaila izango zela nabarmendu zuten agintariek. «Kutxa beltzak aurkitzea baldintza oso neketsuetan egin beharreko erlojupeko lehia bat da», adierazi zuen atzo Jean-Louis Borloo garraio auzietarakoIngurumen ministroak. «Uralde hartan lautada kontinentalik ez dago, eta kutxa beltzak hondo oso sakonetan egon litezke». Garraio Estatu idazkari Dominique Bussereauk zehaztu zuen ur azaletik 5.000-6.000 metro sakonera baino ezin izango dutela «gehienez jota» itsasoaren hondoa arakatu.

Lehen arrasto batzuk aurkitu arren, A330 hegazkinari zer gertatu zitzaion ezin da jakin oraindik. Air Franceko arduradunek zehaztu zutenez, hegazkina trumoi gune batean sartu zen, eta litekeena da tximista batek jo izana. Adituen iritzian, baina, gertakizun horrek soilik ezin diezaioke hegazkin bati istripu larria eragin.

Charles de Gaulle aireportuan astelehenean jaso ziren airekoaren datu teknikoek matxuratze askoren berri eman zuten, horietatik batek hegazkinaren barneko aire girotuan arazo bat seinalatu zuelarik. Hipotesi bat da beraz, aire girotua bat-batean eten egin zela; nahiz eta horrek hain istripu larria eragin zezakeen ere zalantzan jarri duten adituek.



Ozeano Atlantikoan galdu den Airbus A330 hegazkinaren eredu ugari daude; segurutzat jotzen da, eta istripu gutxi izan baditu ere, arazo teknikoak izan ditu.

Arazoetatik ezbehar larrira

A.S.

Ozeano Atlantikoan erori den Air France aire konpainiaren Airbus A330 hegazkinak 18.870 hegaldi ordu eginak zituen, 2005. urteko apirilaren 18an zerbitzuan jarri zutenetik. Mantenurako azken azterketa, aldiz, iragan apirilaren 16an egin zioten. Air Francek atzo arratsaldean zabaldutako oharrean zehaztuta zeuden datuok. Aireko modelo horren lehen hegaldi saioak 1997ko abuztuan egin ziren. Salmentan jarri zutenetik, berriz, A330 ereduko 600 aparailu baino gehiago banatu ditu Airbusek eta beste 950 bezeroen eskuetan jartzekoak dira. Ibileran jarri denetik, 11 milioi orduko hegaldiak eginak dauzka ereduak.

A330ak, beraz, arrakasta handia dauka aire konpainien artean, eta hori lotuta dago, bereziki, hegaldi luzeetarako duen ahalmenarekin; izan ere, A330ak 12.500 kilometro egin ditzake depositua behin bakarrik kerosenoz beteta, eta, hortaz, oso egokia da Ozeano Atlantikoaren zeharkaldietarako. Luzaera 59 metrokoa eta hedadura 60,30 metrokoa. Bi erreaktore dituen hegazkin honek 253 eta 293 bidaiari artean eraman ahal ditu; AF 447 hegaldian 228 bidaiari zihoazen.

Hegazkin mota aski berria denez, arazo gutxi izan duen airekoa da Airbus A330. Haatik, ondorio larriegirik izan ez zuten ezbehar batzuk pairatu ditu. Hala, iazko abenduaren 27an, Australiako Quantas aire garraio konpainiako A330 batek -eredu handiagoa- buelta eman behar izan zuen Pertheko aireportutik (Australia), Singapurrerako bidean,abiatu berri zelarik. Pilotatze automatikoko sistema bat-batean matxuratu zen, 45 minutuko hegaldiaren buruan eta pilotuak nahiago izan zuen abiagunera itzuli, ezbehar horrek beste zerbait larriagoren abisua izan zezakeelakoan.

Antzeko arazo bat gertatu zen iazko urrian, orduan ere Qantas konpainiako beste A330 batean. Aldi hartan ere, pilotatze automatikoa deskonektatu zen. Orduan ere, Perth eta Singapurren arteko hegaldi bat egitera abiatu zen aireko bati gertatu zitzaion ezbeharra. Pilotatze automatikoa galtzean, airekoak 300 metroko beheraldia egin zuen, eta, horren ondorioz, 40 lagunek zauritze arinak jasan zituzten.

Airbus A330aren pilotatze automatikoan akats tekniko bat izan zitekeela ukatu zuen Airbusek. Australiako aire garraioetako segurtasun bulegoak, bere aldetik, nabarian jarri du matxuratze hori, bi kasuetan, hegazkinak Learmondeko base militarraren gainaldean zeudenean izan zirela. Hortaz, ikerketa egileek ez zuten baztertu matxuratzeak transmisio militarrekiko interferentzia batzuen ondorioak izan zitezkeenik.

Ezbeharra Okzitanian

Horrelako hipotesirik ez zen aipatu ere egin, aldiz, Airbus A330 batek arazo bat izan zuelarik Tolosa (Okzitania) gainean proba bat egiten ari zelarik, 2007. urteko azaroaren 21ean. Egun hartan, Airbusek hegaldi erakustaldi bat antolatu zuen eredu horretako aireko bat erosi zion Air Mauritius aire konpainiako ordezkarientzat.

Fabrikatua den hiri horretatik abiatu ondoren, 10.000 eta 13.000 metroko altuera tartean aurkitzen zelarik, airekoan presurizazio arazo bat izan zen. Airekoak behera jo zuen, pilotuak egoera berriro menpean hartu zuen arte. Gertakari horren ondorioz, sei lagun arin zauritu ziren; kolpeak jasan zituzten airekoan zeuden hamar lagunek, eta batzuek konortea ere galdu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.