Aurrerapen gutxi eta bete gabeko hitzak

Herrialde arabiar guzti-guztietan egin dituzte protestak, Yemendik Marokora. Agintariek emakumezkoen diskriminazioa hobetzeko hainbat promesa egin badituzte ere, herrialde gehienetan aurrerapen txiki batzuk bakarrik lortu dituztela salatu dute ekintzaileek.

2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bidaiatzeko, lan egiteko edota ebakuntza bat egiteko, emakumezkoek zaindariaren —aita, anaia, senarra, edota emakume baten zaintzaren ardura duen familiako gizonezko bat— baimena behar duten herrialdera ere iritsi da udaberriko matxinaden oihartzuna. Protestek Saudi Arabiako erregimena larritzeko moduko neurria hartu ez badute ere, egoera baretu nahi izan du Abdullah bin Abdul Aziz erregeak, datozen hauteskundeetan emakumezkoei bozkatzeko baimena emango dietela iragarrita. «Zoragarria da», esan du Eman al-Nafjanblogari eta ekintzaileak. Beldur da, dena den, agintariek emandako hitza jango ote duten, «iraganean hainbatetan egin duten bezala».

Oraingoan Abdullahek hitza betetzen badu ere, oraindik egiteko asko dagoela esan dute herrialdeko emakumeen eskubideen aldeko erakundeek. Dena den, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Saudi Arabiako egoera ez dela salbuespena, eta eskualde osoan urratzen dituztela emakumezkoen eskubideak.

Jordanian ere Abdullah II.a erregeak erreforma politikoak iragarri ditu, eta, horretarako, herritarrekin negoziatzeko bideak ireki ditu. Emakumezkoek euren eskaerak helarazi dituzte. Besteak beste, Konstituzioko seigarren artikuluan genero hitza gehitzeko eskatu dute, «berdintasuna bermatzeko». Legebiltzarrak, baina, ez du kontuan hartu eskaera.

Protestalk zirela eta, Sabah Al-Ahmad emirrak Kuwaiteko Legebiltzarra desegin zuen iazko abenduan. Otsailean hauteskundeak egin zituzten, eta islamistek gora egin zuten. Beste ondorio bat ere utzi zuten bozek: 50 eserlekuko parlamentuan emakumezkoek lehen zituzten lau aulkiak galdu zituzten. Marokon, berriz, emakumeen diskriminazioa amaitzeko legedian hainbat erreforma egin badituzte ere, praktikan berdin jarraitzen dutela salatu du Amnesty Internationalek. Udaberri arabiarrak aurrerapen gutxi eta bete gabeko hitzak utzi dituztela diote ekintzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.