Rio Tinto meatze enpresa erraldoiak Australiako aborigenen egonleku bat suntsitu zuen igandean, 46.000 urte baino gehiago zituena. Australia ipar-ekialdeko Pilbara eskualdeko meatzea handitzeko lanak egiten ari zela hondatu zuen, lehergaiekin.
Rio Tinto enpresa 2013az geroztik ari da Pilbara eskualdeko meatzeetan lanean. Lanean hasi eta urtebetera, duela 28.000 urte kanguru hezurrekin egindako lanabesak aurkitu zituzten, eta duela 4.000 urte gerriko modura erabilitako txirikorda bat. Haren DNAk erakutsi zuen lotura genetikoak zituela eskualde horretan bizi diren bertakoen arbasoekin: Puutu Kunti Kurrama eta Pinikura komunitateekin.
Puutu Kunti Kurrama eta Pinikurako aborigenen komiteko presidente John Ashburtonek nabarmendu du «sekulako kolpea» izan dela aztarnategi hori galdu izana: «Gure komunitateko jendea triste eta kezkatuta dago gure lurrarekin eta gure antzinakoekin dugun konexioa galtzen ari garelako», nabarmendu du Ashburtonek.
Ashburtonek kontatu duenez, Rio Tinto enpresarekin negoziatzen ibili dira leherketak eteteko, edo, behintzat, leherketetan kalteak gutxitzeko. «Onartzen dugu Rio Tintok lege betebeharrak bete dituela, baina oso arduratuta gaude erregulazioen zorroztasunaz», esan du Ashburtonek, eta azaldu du horrelako tokiak ez direla hain ezagunak Australian: «Esku bateko hatzekin zenbatu daitezke». Gelditzen diren aztarnak kontserbatzeko lanetan ari direla nabarmendu du Ashburtonek.
Australiako Berdeen alderdiko Sarah-Hanson-Young senatariak salatu du enpresaren jarrera «lotsagarria» izan dela. Enpresaren jarreraz harago, gobernuak aborigenekin izandako jarrera ere salatu du senatariak: «Leku sakratu hori suntsitu izanak agerian utzi du Australiako ingurumen legeen bertze akats bat. Argi dago lege indartsuagoak behar ditugula; bertzela, ikusiko dugu enpresa handiek nola suntsitzen dituzten gure ingurumena eta gure leku sakratuak», nabarmendu du Facebooken zabaldutako mezu baten bidez.