John Howarden garaiko erlikia izan da orain dela gutxi arte. Australiako gobernu kontserbadoreak etorkinen aurka martxan jarritako makineriako pieza berriena. Christmas uharteko atxilo zentroa amaituta eta estreinatzeko utzi zuen hark. Baina Kevin Rudd liberalak ez zuen zabaldu iaz, lehen ministro kargua hartu zuenean. Horren hutsegitea, ordea, segurtasun handiko zentroa behera bota ordez, erlikia gisa mantentzea izan da. Izan ere, babes politiko bila Australiara iritsitako etorkinen kopuruak gora egin du azken hilabeteetan, eta esandakoak betetzea baino eraginkorrago bihurtu zaio Gobernuari Howardek utzitako ondareari etekina ateratzea. Horregatik ireki du Christmas uhartean atxilo zentroa.
Babes politikoa eskatzen zuten guztiak atxilo hartzen zituzten orain gutxi arte Australian. Gehienetan, Ozeano Bareko uharteetara eramaten zituzten, haien estatusa erabakitzen zuten bitartean eta nazioarteko zuzenbidetik salbu, enbarazurik egin ez ziezaien australiarrei. Polemikoa izan zen John Horwardek indarrean jarritako Ozeano Bareko Irtenbidea delakoa: Australian lurreratu aurretik Nauru edo Papua Ginea Berriko Manus uhartera eramaten zituzten etorkinak, Canberrako gobernuari nazioartean hartutako obligazioak urratzeagatik inork erantzukizunik eska ez ziezaion. Hala, uharte horietako linbo juridikoaz baliatu zen urteetan Howard, babes politiko bila joandakoak hilabeteetan atxilo izan eta, maiz, berriro jatorrira itzularazteko. Buruzagi kontserbadoreak neurriko Guantanamoak ireki zituen Nauru eta Manus uharteetan, baita Christmas uhartean ere.
1990eko hamarkadatik indarrean zen politika hura gogor kritikatu zuten liberalek; horregatik, Kevin Ruddek Gobernua osatu zuenean, erreforma sakonak egin zizkien Australiako migrazio legeei. Moldaketei esker, asilo eske joandako etorkinak «beste aukerarik ez denean» soilik atxilotuko dituzte, eta, epe laburreko bisen ordez, herrialdean betiko gelditzeko aukera emango diete behin haien estatusa erabakita. Hori dio egun Australian indarrean den legediak. Errealitateak, ordea, bestelako zerbait erakusten du; Christmas uhartean segurtasun handiko atxilo zentroa irekitzea erabaki dutenetik, batik bat.
Giza eskubideen aldeko erakundeek, Ozeano Bareko Irtenbidearen ordez, Indiako Ozeanokoa indarrean jarri nahi izatea leporatu diote Ruddi. Izan ere, Howarden garaitik indarrean jarraitzen du oraindik Bereizketa Eremuak. Horri esker, Australiatik mendebaldera, iparraldera eta ekialdera dauden 4.600 uharte ingurutan ez du eraginik herrialdeko Errefuxiatuen Legeak, eta, noski, Canberrako gobernuari ezin zaio konturik eskatu uharte horietan Errefuxiatuen Hitzarmena urratzeagatik.
Bi hesi elektriko
«Kostu ekonomikoa edozein izanda ere, etorkinei aurre egiteko edozer egitea zilegi zen garaikoa da». Kerry Nettle Australiako senatariak hitz horiexekin deskribatu du Christmas uharteko atxilo zentroa. Ez da gutxiagorako, segurtasun goreneko kartzela hori eraikitzen 400 milioi dolar (286 milioi euro inguru) xahutu zituztela kontuan hartzen bada. Guztira 800 lagunentzako tokia dago bertan, baita bi hesi elektriko ere inguruan, mugimendu detektagailuak, bideo kamerak teilatu hegaletan, teilatuetan eta logela guztietan. Anaia Handia Canberra bertan dago; handik kontrolatzen dituzte asilo politiko eske joan eta atxilotutako etorkinak.
Christmas uhartean bada zaharragoa den beste atxilo zentro bat. Hiru lagunek handik ihes egitea lortu zuten orain dela gutxi. Eta agintariek segurtasun neurriak saihestea nola lortu zuten ikertzen duten bitartean, hainbatek gertatutako zentro berria martxan jartzeko nahikoa argudio badela adierazi dute dagoeneko. Horrek izan du zerikusia Gobernuak hartutako erabakian, baita Ruddi oposizioak migrazioak sustatzea leporatu izanak ere.
Giza eskubideen aldeko erakundeek, berriz, halako zentroek etorkinei gizatasuna ukatzen dietela salatu dute, eta Christmas uhartean gune berria ireki ordez, asilo eskaeren tramitazioa azkartzeko eskatu diote.
Australiako Guantanamo
Australiako gobernu liberalak Christmas uharteko atxilo zentroa irekitzea erabaki du, asilo eske herrialdera iritsitako etorkinen kopurua nabarmen handitu dela argudiaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu