Australiara bidean, etorkizunik ez

Australiako Gobernuak atxilotze zentroetara bidaltzen ditu uhartera iristen diren errefuxiatuak. Zentro horietako egoera okerrera doa urtetik urtera, eta batzuk bertatik ihes egiten saiatzen dira.

Amaia Garcia.
2010eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Australiarako bidea hartzen dute Afganistandik eta Irandik ihes egiten duten errefuxiatuek. Babes politiko eske doaz, beren herrian arriskuan bizi direlako. Bidaia luzea izaten da, eta helmugara iristearekin ez da nahikoa.

Iheslari askok gerratik ihes egiten dute, familiako kideak galdu ostean. Afganistango errefuxiatuak Pakistanera joaten dira. Indonesiara iristeko giza trafikatzaileen aginduak bete behar dituzte. Han hilabete batzuk egon ondoren, Australiara doan itsasontzian sartzen dira eta helmuga lortzen dute. Baina guztiek ez dute bidaia amaitzen. Indonesiako Poliziak bertatik ateratzen diren itsasontzi asko harrapatu egiten dituzte eta.

NBE Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuen programaren barne dago Australia. Errefuxiatu askok horregatik aukeratzen dute herrialde hori. Hara iritsita aldiz, gauzak ez dira hain errazak. Asiloa eskatzen dute, eta erantzunaren zain dauden bitartean, etorkinentzat diren atxilotze zentroetara bidaltzen dituzte -immigrazio zentro deitzen diete-.

Christmas uhartea

Immigrazio zentroak espetxe modukoak dira. Australian dagoen handiena Christmas uhartean dago, Indonesiako hiriburutik 360 kilometrora. Horra eramaten dituzten errefuxiatu gehienak Afganistangoak dira, baina Turkiakoak, Sri Lankakoak, Irangoak eta Pakistangoak ere badaude. Zentroan dauden bitartean, Australiara sartzeko dituzten arrazoiak ikertzen dituzte. 2.000 lagun daude beren egoera konpontzeko zain. Bertako egoera txarra da, eta errefuxiatuek protestak egiten dituzte barruan. Batzuek ihes egiteko ahaleginak ere egiten dituzte.

Christmasko zentroa ez da Australiako bakarra, baina ez omen dira nahikoak Julia Gillard Australiako lehen ministroa. Ekialdeko Timorren eskualdeko zentro bat eraikitzeko proiektua aurrera eraman nahi du Australiako lehen ministroak.

Oposizioak, aldiz, Pacific Solution izeneko programa berriro ezartzeko eskatzen du. Programa horri esker migrazioak jaitsi egin zirela gogorazi du Tony Abbott oposizioburuak. Australiako Gobernuaren baimenik gabe itsasontziz joaten ziren errefuxiatuak bidean harrapatu eta beste herrialde batera bidaltzen zituzten, gehienetan Australiatik gertu, Nauru edo Papua Ginea Berriara.

Programa horren helburua errefuxiatuen etorrera gutxitzea da. Politika hori sei urtez egon zen indarrean, 2002tik 2007ra. 2001ean 5.516 pertsona iritsi ziren Australiara asilo bila; 2002an aldiz, pertsona bakarra. Baina ez dago daturik urte berean Nauru eta Papua Ginea Berrira edo haien jatorrizko herrietara eraman zituzten errefuxiatuen inguruan. Politika horrek beldurra sortu nahi zuen Australiara joaten ziren errefuxiatuen artean.

Atxilotze zentro asko itxi ziren urte horietan. Bitartean, Christmas uharteko zentro handia eraikitzen hasi ziren. Pacific Solution programa amaitu arte zentroa ez zen ireki .

Amnesty Internationalek etaerrefuxiatuen eskubideen aldeko hainbat elkartek politika hori salatu zuten. Haien arabera, urte hauetan errefuxiatuen eskubideak urratu ziren.

Politika hori 2007an amaitu zen Gobernu aldaketaren ondorioz. Lehen ministro berriak, Kevin Ruddek, Manus uharteko eta Nauruko immigrazio zentroak itxi zituen. Zentro horietan Myanmarko eta Sri Lankako errefuxiatuak zeuden. Australian bizitzeko eskubidea lortu zuten errefuxiatu hauek.

Pacific Solutionen itzulera

Errefuxiatuen egoera asko aldatu da azken urte hauetan. Chris Evans Immigrazio ministroak asilo eskubidea eten zien Sri Lankako eta Afganistango herritarrei apirilean. Oposizioak Gobernuaren «politika indar gabekoa» salatu du urte hauetan. Gobernuak kritika horiei erantzuteko atxilotze zentroak bete ditu eta ez die babesik eman errefuxiatuei.

«Giza trafikoan ibiltzen direnei mezu argi bat eman nahi diegu», adierazi zuen apirilean Chris Evans, Immigrazio ministroak.

Giza eskubideen aldeko taldeek Evansen politika salatu dute. Sri Lankako herritarrei hiru hilabetez asilo eskubidea debekatu die, debeku hori amaitu da. Bestalde, Afganistango herritarrek sei hilabetez asilo eskubidea debekatua dute.

Australian hauteskundeak egin zituzten abuztuaren 21ean. Hauteskundeen emaitzen ondorioz, oraindik ez da aukeratu zer alderdi egongo den Gobernuan. Alderdi Laboristak parlamentuko 150 eserlekuetatik 72 lortu zituen eta Koalizio Nazional Liberalak 70.

Bi alderdiek errefuxiatuekiko politika desberdinak dituzte, baina bi politikak salatu dituzte giza eskubideen aldeko erakundeek. Laboristak boterean jarraitzen badute indarrean dagoen politikak jarraituko du, hau da, errefuxiatuak beren asilo eskaeraren zain dauden bitartean immigrazio zentroetan edukiko dituzte.

Koalizio Nazional Liberalak boterea lortzen badu Pacific Solution programa berriro martxan jartzeko arriskua dago. Lau diputatuk dute Gobernu berriaren giltza. Diputatu hauek bi alderdien politiken nondik norakoen berri jakin nahi dute, beren babesa eman baino lehen.

Alderdi Berdeko Adam Bandt diputatuak aurreratu du Gillardi babesa eskainiko diola CO2 igorpenen politikaren aldaketaren truke. Ez da bere babesa negoziatzen ari den diputatu bakarra. Andrew Wilki, zentro-ezkerreko diputatuak adierazi du Gillardi babesa eskainiko diola. Wilkiren ustez Gillardek Gobernua modu egoki batean gidatuko du.

Negoziazioek bide honetan jarraitzen badute, errefuxiatuen egoerak berdin jarraituko du. Australiara iristerakoan Christmas uharteko zentrora edo beste zentro batera bidaliko dituzte. Timor Ekialdean eskualdeko zentro bat egiteko proiektua aurrera eramango du Gillardek. Alternatiba, hala ere, ez da hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.