Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararako "irtenbide politiko justu bat, iraunkorra eta aldeek onartua" babesten duela esan du Mariano Rajoyk NBEren Batzar Nagusian, New Yorken. Nazio Batuen printzipioetan oinarrituta, "saharar herriari autodeterminazio eskubidea" aitortu behar zaiola nabarmendu du Espainiako presidenteak. Marokok okupatu zuen Mendebaldeko Sahara, Espainiako indar kolonialek alde egin ostean.
Bartzelonan, berriz, Politika Orokorraren Eztabaidak aurrera jarraitzen du, bigarren egunez. Artur Mas presidenteak (CiU) eta Oriol Junqueras ERCko buruak estatu bat sortzeko "egiturak" eskatu dituzte. Pere Navarro PSCko buruak "hirugarren bidea" egiteko esparru aproposagoa dela azaldu du, baina Masek erantzun dio hiru mendean saiatu direla bide horretatik eta antzua izan dela.