Akordioa horren gertu egonda, inork ez du nahi atzera egin eta azken hogei hilabeteetako negoziazio amaigabeak alferrik galdu. Batez ere luzeak eta nekezak egin zaizkie azken hamabost egunetako elkarrizketak Irango eta 5+1 Taldeko goi ordezkariei. Vienan izan dira denbora horretan, itunaren azken xehetasunak fintzen. Baina alde bakoitzak bere «marra gorriak» ditu, eta inork ez du amore eman nahi: bi asteetan hirugarrenez atzeratu dute epemuga. Gaur gauerdian amaituko da bi alde negoziatzaileen epemuga eta hiru urteko gatazka nuklearraren ondoren, herritarrek "albiste onak" jasoko dituztela iragarri du Errekublika Islamistako Komunikazioen eta Informazio Teknologien ministroak, Mahmud Vaezík.
Bestalde, EB Europako Batasunak eta AEBek Irani ezarritako zigor batzuek izoztuta jarraituko dute. 2013ko azaroan Genevan (Suitza) behin-behineko akordioa sinatzean, zigor horiek bertan behera uztea adostu zuten, Iranek programa nuklearraren zati bat gelditzearen truke.
Negoziatzaileen pazientzia agortzen ari den seinale, mehatxuak eta akusazioak ugarituz joan dira azken egunetan. Diplomazialari irandar batek Entekhab Irango egunkariari esan dionez, astelehenean auzia bideratu ezean «ez dute inoiz konponduko». Antzeko adierazpenak egin dituzte John Kerry AEBetako Estatu idazkariak eta Federica Mogherini EBko diplomaziaburuak. «Akordio bat posible da oraindik, baina erabaki historikoak ez badira hartzen, ez dugu itunik izango», esan dio Mogherinik CNN AEBetako telebistari.
Mohammed Javad Zarif Irango Atzerri ministroa kexu agertu da, eta 5+1 Taldeko potentziei —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak, Errusiak eta Alemaniak osatzen dute— leporatu die jarrera gogortzea. «Eskaerak gehiegizkoak dira. Itun duin bat nahi dugu, eta negoziatzen jarraituko dugu hori lortzeko. Elkar ulertzea posible izango da beste aldeak akordio orekatu bat nahi baldin badu». Gaineratu du posible dela iluntzeko negoziazioak gaur gauean ez ixtea eta jarraipena izatea.
Elkarlanerako zubia
Mendebaldearen xedea da Iranek jarduera atomikoak murriztea, gutxienez hurrengo hamar urteetan bonba atomikoa egiteko gaitasunik izan ez dezan. Teheranek, ordea, zigorrak altxatzea nahi du, eta erabilera zibilerako energia atomikoa erabili ahal izan. Itunak Iranen eta AEBen arteko urteetako gerturatze handiena ekarriko luke, eta ateak irekiko lituzke Ekialde Hurbileko geopolitikaren oreka moldatzeko; orain arte etsai izandakoen elkarlana erraztu dezake jihadista suniten aurka.