Denbora luzean, Salvador Puig Antich gazte katalan anarkistaren auzia frankismoaren desmasien beste adibide bat baino ez zen izan, historiak bazter batean zokoratua eta memoria ofizialaren ahanzturak lausotua. Aurreko hamarkadan, baina, gauza batzuk aldatu ziren. Frankismoaren krimenak ikertzeko zenbait elkarte eta mugimenduk erakutsitako prestutasunak hizpidera ekarri zuen berriro Puigen auzia. Manuel Huergak 2006an zuzendutako Salvador filmaren arrakastak fokua jarri zuen ostera ere Puig Antichen heriotzaren gainean, eta, batez ere, ordura arte ezezagunak ziren froga eta testigantza berriak agertu ziren, bertsio ofiziala zalantzan jartzen zutenak.
Hori zela eta, auzia berriro irekitzeko aukera zabaldu zen, eta horretarako eskaera ere egin zuen familiak. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, haatik, behin baino gehiagotan egin diote uko familiaren eskaerari.
Ukoaren harresian zirrikitu bat zabaldu da azken hilabeteetan. Argentinan frankismoaren krimenak ikertzeko abiarazitako auzibideek berriro piztu dute itxaropena, eta horri gehitu behar zaio joan den urtarrilean liburu bat argitaratu dela, Jordi Panyella kazetariak idatzitako Salvador Puig Antich, cas obert (Salvador Puig Antich, auzi irekia, Angle argitaletxea), eta liburu horrek ezagutzen ez ziren hainbat xehetasun uzten dituela agerian: esate baterako, Espainiako Poliziak sumarioaren edukia aldatu zuela eta Puigen errugabetasuna froga zezaketen hainbat agiri desagerrarazi zituela.
Segada baten kronika
Salvador Puig Antich Bartzelonan (Katalunia) jaio zen, 1948an. 1970eko hamarkadaren hasieran MIL Askapeneko Mugimendu Iberikoan sartu zen, horren adar armatuan, hain zuzen. Ezkerreko talde autonomoa zen MIL, garai hartako beste alderdi eta erakunde iraultzaileen abangoardismoari kontra egiten ziona, eta borroka armatua hobesten zuen, betiere tokian tokiko langile borrokak sustatzeko helburuz: horregatik, bankuak lapurtzea izan zen praktikan taldearen jarduera armatu bakarra.
1973ko irailaren 25ean, Espainiako Poliziak segada bat prestatu zuen MILeko ekintzaileen kontra Bartzelonan. Xavier Garriga eta Salvador Puig Antich atxilotu zituzten, azken horri pistolaren giderrarekin kolpe batzuk eman ostean, eta Girona kaleko atari batera sartu zituzten. Atarian tiroketa bat gertatu zen: polizia bat, Francisco Anguas inspektoreordea, hilik suertatu zen, Puig Antich larri zauritua, eta, anabasa baliatuta, Garriga ihes egiten saiatu zen, kalean berriro atxilotu zuten arren.
Zer gertatu zen atarian? Nolakoa izan zen tiroketa? Poliziaren bertsioaren arabera, Puig Antichek tiro egin zien poliziei, Anguas zerraldo utzita, eta poliziek erantzun egin zuten. Baina badaude datu asko bertsio ofizial hori ezbaian jartzen dutenak.
Jordi Panyella, liburuaren egilea, 1966an jaio zen, Bartzelonan, eta El Punt Avui-ko kazetaria da. Dioenez, bere liburuan "asko" hurbiltzen da atari hartan benetan gertatu zenera: "Ausartuko nintzateke esatera Anguasen heriotzaren erantzuleak, izen-abizenak ez ezik, plaka eta poliziaren pistola ere bazituela. Sei poliziak parte hartu zuten operatiboan, eta, bildutako froga eta testigantzen arabera, haietako bat edo bi izan ziren".
Panyellaren ustez, operatibo hori "sekulako lardaskeria" izan zen: poliziek uste zuten Garrigas baino ez zela agertuko segadara, ez zuten Puig Antich ere agertzea espero, gutxi eta gaizki hornituta zeuden eta, esaterako, atxilotuak kateatzeko eskuburdinarik ere ez zuten eraman. Inprobisazio eta nahasmen egoera horretan gertatu zen tiroketa.
Autopsia, polizia etxean
Anguas Bartzelonako Ospitale Klinikora eraman zutenerako, hilik zegoen. Ospitale horretan egin ohi zituzten hildakoen autopsiak. Baina, harrigarria bada ere, poliziek gorpua eraman zuten berriro polizia etxera. Panyellak dioenez, hori "guztiz irregularra" da, "eta legez kanpokoa ere bai, legeak baimentzen zuelako autopsiak auzitegiko institutu anatomikotik kanpo egitea soilki familiak eskatzen bazuen; polizia ez zen nor gorpua eraman eta autopsia beste nonbait egiteko".
Autopsia polizia etxean bertan egin zuten. Liburuak dakarren berrikuntzetako bat da Panyellak bildu duela autopsian egon zen lekuko baten testigantza. Lekukoak ez du izenik eman nahi izan, eta asmatutako ezizenaz agertzen da liburuan, baina bere testigantza ikaragarria da: autopsia oso modu zabarrean egin zuten, gorpua hilkutxa batean sartuta zegoela; hilotzak hiru zulo baino gehiago zituen, eta autopsiaren agiria bi medikuk sinatzen badute ere, bakarra egon zen han.
Bertsio ofizialaren arabera, Puig Antichek lau aldiz egin zuen tiro, eta horietatik hiruk jo zuten Anguasen gorputzean. Autopsian ere agertzen da gorpuak hiru zulo zituela. Baina Panyellak lortu du egun hartan ospitalean lanean ari ziren medikuekin berba egitea, eta den-denek gogoratzen dute gorpuak bost bala zulo zituela. "Ez dakit Puig Antichek lau aldiz tiro egin ote zuen, baina, hala balitz ere, gutxienez Anguasek jaso zituen baletako bat polizien pistola batetik atera zen".
Beste datu bitxi bat: autopsiaren agirian agertzen da hiru zuloek bala mota berak egindakoak diruditela. "Baina ñabardura hori testuari erantsia agertzen da, beste idazmakina mota batekin idatzia", zehaztu du Panyellak.
Egun batzuk geroago, Alejandro del Toro fiskala, Julian Gil Mesas Poliziaren komisario nagusia eta Santiago Bocigas inspektorea Puig Antich zegoen ospitalera joan ziren, eta handik atera zirenean, zortzi orriko deklarazio bat zeramaten besapean. Panyellak dioenez, ezinezkoa zen deklarazio hori Puig Antichek egin izana: "Bi tiro eman zizkioten, bat bizkarrean eta bestea masailean. Azken horren ondorioz, masailezurra hautsita zeukan, ahoa josita, eta ezin zuen hitz egin. Hala gogoratzen dute Puig artatu zuten bi erizainek".
Palauren testigantza
Edozelan ere, Salvador Puig Antich, cas obert liburuan agertzen den testigantzarik garrantzitsuenetako bat Enric Palaurena da. Soldadutza egiten ari zen Palau garai hartan, milizien sisteman. Bide hori erabiltzen zuten unibertsitatean ikasten ari zirenek soldadutza egiteko: hiru udatan kanpamendu batean aritzen ziren, eta geroago beste tarte bat ematen zuten bulego lanak egiten. Azken zerbitzu horretan zegoen Palau, eta, behin-behineko alferez karguarekin, epaitegi militarrean aritzea egokitu zitzaion, Puig Antichen auzia epaitegi horretara iritsi zenean.
Palauk ikusi zuen nola poliziak epailearen bulegora joaten ziren eta han erabakitzen zuten zein agiri atxikitzen zioten sumarioari eta zein ez. Interesatzen ez zitzaizkien edo bertsio ofiziala zalantzan jar zezaketen froga eta agiriak baztertu eta epaitegiko armairu batean gordetzen zituzten. Poliziaren neurrira egindako sumarioa izan zen: "Ikusi zuenaz lotsatuta gelditu zen Palau, eta soldadutza amaitu eta gutxira atzerrira joan zen bizitzera. Ez zuen ustelkeria horren konplize izan nahi. Kazetaritzaren ikuspegitik, bere testigantza erdietsi izana da lan honen lorpenik handienetako bat".
1973ko abenduaren 20an, Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuaren presidentea hil zuen Madrilen (Espainia) ETAren komando batek. Espero izatekoa zen frankismoak Puig Antichen kontrako epaiketa baliatuko zuela sendotasun itxura eman eta bere alderik gogorrena erakusteko. Hala izan zen. 1973ko abenduaren 30ean, IV. Erregio Militarreko kapitain jeneralak itxitzat eman zuen auzibidea, hiru hilabete eskas iraun zuen arren. Urtarrilaren 8an izan zen epaiketa. Puigek adierazi zuen berak airera egin zuela tiro. Alferrik izan zen. Hurrengo egunean, Puig hiltzera zigortzen zuen epaia sinatu zuten epaile militarrek.
Oso azkar gertatu zen dena, eta nazioartean protestaldi batzuk egon ziren arren, Espainiako mugimendu antifrankistak ez zuen erabakiaren kontrako zarata handirik atera. 1974ko martxoaren 2an garrotez hil zuten Salvador Puig Antich. Hura izan zen Espainiako justiziak preso bat exekutatzeko sistema hori erabili zuen azken aldia. Laster beteko dira berrogei urte.
Justizia eske
Lehenagotik ere, susmo handiak zeuden Salvador Puig Antichen kontrako heriotza zigorra Poliziaren operazio narras eta akatsez beterikoa estaltzeko muntaketa izan ote zen. Puig Antichen senitartekoek behin baino gehiagotan eskatu dute auzia berriro zabaltzeko, baina Espainiako Auzitegi Gorenak uko egin dio eskaera horri. Auzitegi Konstituzionalean aurkezturiko helegiteak ez zuen zorte hoberik izan. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere jo zuten, baina erantzuna izan zen epaitegi horrek ez zeukala auziaren inguruko eskuduntzarik, 1974an Espainiak jarraitzen zuelako Europako Giza Eskubideei Buruzko Ituna izenpetu gabe.
Panyellak argi du oso zaila zela Auzitegi Gorenaren areto militarrak Puig Antichen senitartekoen eskaera onartzea, "areto hori osatzen dutenak iraganari lotuta" daudelako.
Kontuan hartu behar da, berrogei urte igaro badira ere, Puig Antichen heriotzaren erantzule izan zirenetako batzuk bizirik daudela orain. Epaitegi militar hartan heriotza zigorraren epaia idazteko ardura hartu zuena Carlos Rey Gonzalez izan zen. Erretiroa hartuta dagoen arren, abokatu gisa lanean dihardu, eta duela gutxi Kataluniako PPren buruzagi Alicia Sanchez Camachoren abokatua izan da Metodo 3 agentziaren espioitza politikoari buruzko auzian.
Beste aldetik, epaia ebatzi ostean, Espainiako Ministro Kontseiluak berretsi behar izan zuen. Kontseiluko kide gisa heriotza zigorra izenpetu zutenetako bat bizirik dago oraindik, Jose Utrera Molina ministro frankista ohia. Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroaren aitaginarreba da Utrera Molina.
Auziak beste jite bat hartu zuen Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak frankismoaren krimenen inguruko auzibidea ireki zuenean. Puig Antichen senideek eskaria egin diote epaileari MILeko kidearen auzia ere aintzat har dezan. Zehazki, Utrera Molina atxilotzeko agindua emateko eskatu dute Puig Antichen senitartekoek.
Ikerketan bildutako informazio guztia Puig Antichen senideen abokatuaren esku jarri du Panyellak. "Hortik aurrera, beraiek ikusiko dute auzibideren bat abiarazteko edo datu horiek dagoeneko abian dagoen kereilari eransteko aukera ote dagoen, eta horren arabera erabakiko dute zer egin. Abokatuak galdetu dit ea liburuan agertzen diren lekukoak prest egongo ote liratekeen epaile baten aurrean deklaratzeko, eta nik erantzun diot ez dakidala, hori bakoitzak erabaki behar duelako, baina uste dut badagoela material interesgarria zerbait egiteko".
Auziak aurrera egiteko beste material dagoela pentsatu arren, Panyellak ez du uste horrek bide luzea egingo duenik, eta hala galdetu du: "Litekeena da Argentinako epaileek zerbait egin nahi izatea, baina norbaitek uste al du Espainiako Gobernuak Ruiz Gallardonen aitaginarreba atxilotu eta epaile horien esku jarriko duela?".