Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak "terrorismoa" egotzi die Resistencia Galegako sei kideri: Eduardo Vigo, Roberto Rodriguez, Maria Osorio, Anton Garcia, Anton Santos eta Maria Asuncion Losadari. "Erakunde terroristako" partaide izatea, lehergaiak izatea eta dokumentu faltsuak erabiltzea leporatu die.
Vigo, Rodriguez, Osorio eta Garcia abenduan atxilotu egin zituzten, eta astearte goizerako deklarazio hitzordua jarri die epaileak. Santos eta Losada atzemateko nazioarteko agindua eman du, Resistencia Galegako buruzagiak direlakoan.
Jessica Rodriguez eta Catalina Alonsoren aurkako inputazioa erretiratu egin du.
Velascok dio erakundeak indarra erabiliz lortu nahi duela Galiziaren independentzia, eta bere helburuen artean bankuak, enpresa energetiko eta turistikoak, multinazionalak, poliziak, lan publikoak, hedabideak, etxegintza bulegoak, alderdi politikoak eta sindikatuak dituela. Azken urteetan ekintzak ugaritu egin ditu, epailearen arabera, "bai kopuru aldetik, bai kualitatiboki".