Auzora zabaldu da kolera izurritea

Lehen kolera kasuak agertu dira Dominikar Errepublikan eta Floridan; Haitin 1.100 lagun hil dira jada

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hiru astean kolerak 1.100 lagunetik gora hil eta 17.000 kutsatu ditu Haitin. Izurriek ez dituzte muga administratiboak ezagutzen ordea, eta aste honetan Dominikar Errepublikara egin du salto kolerak. Asteartean baieztatu zuten lehenengo kolera kasua auzoko herrialdean. Jatorri haitiarreko 32 urteko langile bat da, eta Dominikar Errepublikako ekialdeko Higuey hirian lan egiten du, eraikuntzan. Haitira joan, eta Higueyra bueltatzean agertu zitzaizkion koleraren lehen sintomak. Bautista Rojas Osasun Publikoko ministroaren esanetan, «gaixoa kasu hauek eskatzen duten protokoloa betez zaindu dute, eta egonkor dago Higueyko ospitalean».

Koleraren agerpenak alarma piztu du Dominikar Errepublikan. Eta neurriak hartzen hasi dira segituan. Leonel Fernandez presidentea ministro batzuekin bildu zen atzo: «Egoera aztertzeko bilera da, hartu ditugun osasun neurriak ebaluatu eta gaixo dagoen haitiarraren kasuaren inguruan Osasun Publikoko Ministerioak eginiko txostena ikusteko». Bada, orain arteko prebentzio neurriak nahikoak ez direla ondorioztatu eta Haitirekiko mugaren iparraldean segurtasuna bermatzeko «muturreko neurriak» hartu zituzten. Haitiko Ouanaminthe hirian kolera kasu gehiago atzeman zituzten atzo, eta Dajabon probintzia dominikarretik 600 metrora dagoenez, mugako iragazkia estutzea erabaki zuten. Aurrerantzean dokumentaziorik ez duten haitiarrek ezingo dute bi herrialdeen arteko muga gurutzatu.

Lehendik ere zorroztuta zeuzkaten mugako baldintzak. Haitin kolera agertu zenetik Dominikar Errepublikako Gobernuak hainbat neurri hartu zituen, bi herrialdeen arteko mugan militarren presentzia areagotuta. Besteak beste, mugaldean arropak saltzea debekatu zuen, nahiz eta arropen kontaktuak izurritea zabaltzen duen frogarik ez egon. Astelehenetan eta ostiraletan bi herrialdeen arteko arropa merkatua antolatzen zuten, baina lau aste daramatzate merkaturik gabe.

Karibetik kanpora ere hedatu da izurritea. Floridako (AEB) emakume batek kolera duela baieztatu zuen atzo Tomas Torok, Floridako Osasun Saileko Epidemiologia Bulegoko kideak. Haitin egon ostean bueltatu zen joan den astean Floridara. Hala ere, «ondo» dagoela jakinarazi dute medikuek.

Haitiarrak NBEren kontra

Izurriaren erantzulearen bila hasi dira haitiarrak, eta NBEko kasko urdinen kontra gogor egin dute asteon. Astelehenean manifestari haitiarren eta NBEko soldaduen artean sortu ziren istiluek bi hildako eta 30 zauritu eragin dituzte dagoeneko. Cabo hirian bildutako ehunka manifestarik NBEren soldadu nepaldarrek Haititik alde egiteko eskatu zuten. Manifestarien iritziz, urriaren erdialdean ailegatu ziren NBEko Nepalgo soldaduak izan dira Haitira kolera eraman dutenak.

Salaketa horri erantzunez, NBEk adierazi du soldadu nepaldarren kanpalekuan azterketak egin dituztela eta ez dela inolako loturarik agertu kolerarekin. Alabaina, AEBetako hainbat laborategik zabaldu dute koleraren piztaldia hego-asiar jatorrikoa dela eta, hain zuzen ere, soldadu nepaldarren kanpalekuaren ondoan dagoen Meille ibaian dagoela izurriaren foku nagusia. Datuok sortu dute haitiarren amorrua.

Indarkeria egoeraren kontra gogor agertu da Rene Preval Haitiko presidentea: «Harri kolpeek, barrikadek eta tiroek ez dute koleraren bakterioa hilko». Gobernuak liskarren erantzuleak zigortuko dituela azpimarratu du presidenteak, «estatu serio batek ezin duelako horrelako anabasarik onartu».

NBEk uste du haitiarren indarkeriazko erantzun horren atzean beste arrazoi bat dagoela: azaroaren 28an egingo dituzten hauteskundeei boikot egitea. Damian Cardona Kolonbia, Ekuador eta Venezuelarako NBEko Informazio zuzendariak argi dauka: «Zortzi lekutatik egin zuten eraso, eta sakelako telefono bidez SMSak bidaliz koordinatu ziren. Ondo antolaturiko erasoa izan den itxura du».

Presidente berria, Diputatuen Ganberako 99 diputatu eta Senatuko 30 senatarietatik 11 aukeratuko dituzte aste bi barru. Herrialdearen egoera muturrekoa bada ere, hauteskundeak egin egingo direla berretsi du Albert Ramdin-ek, OEA Ameriketako Estatuen Erakundeko alboko idazkariak. «Haitik egonkortasun politikoa eta batasuna behar ditu gehiago gara dadin, eta azaroaren 28ko hauteskundeak horretarako aukera dira». Hauteskunde horiek ikuskatzen arituko dira, elkarlanean, OEA eta Caricom Karibeko Herrien Elkartea.

Ia urtebete infernuan

Hauteskundeak gainean izan arren, bestelakoak dira haitiarren ardurak eta lehentasunak. Ia urtebete daramate infernuan. Joan den urtarrilaren 12an lurrikarak 300.000 lagun hil zituen. Azaroaren hasieran Tomas urakanak etxoletan bizi ziren milaka lagun aterpe gabe utzi zituen. Eta, ondoren, koleraren izurritea etorri da.

Haitiarrek duten informazio eta bitarteko falta gaitzetsi dute batez ere GKEek. Izan ere, ez dakite kolerak tratamendua duenik ere. Izurriteari aurre egiteko NBEk 163,9 milioi dolar eskatuko dizkio hilaren 30ean nazioarteko komunitateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.