Azken egunetako borroken ondoren, bi aldeek atzo adostu zuten su-etena. Liebermanen iritziz, Israelgo Gobernuak amore eman du "terrorearen" aurrean. Iruditzen zaio, gainera, beharrezkoa dela hauteskundeak aurreratzea. Berez, datorren urterako deituta daude.
Liebermanek ez du bat egiten Benjamin Netanyahu lehen ministroak azkenaldian hartutako zenbait erabakirekin. Batetik, akats bat iruditzen zaio Netanyahuk trabarik ez jartzea Qatarrek Gazari datozen hilabeteetan emango dion diru laguntzari —150 milioi dolar—. Eta bestetik, ez du su-etena onartzen.
Likud alderdikoa da Netanyahu, eta alderdiaren iturriek Times of Israel egunkariari adierazi diotenez, ez dago hauteskundeetara deitzeko beharrik. Lieberman Yisrael Beiteinu alderdikoa da, eta haren sei diputatuek Likuden erabakiak babestu izan dituzte Parlamentuan. Yisrael Beiteinuren sostengua galduta ere, Likudek gehiengoari eutsiko dio Knesset-ean
Lieberman gobernuko kidea izan da azkeneko ia 20 urteotan, eta hainbat ministeriotako burua izan da.