Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak bozak irabazi osteko lehen agerraldia egin zuen atzo Asanblea Nazionalean. Ordu eta erdi inguruko hitzaldian, datozen bost urteetarako gobernu sozialistaren ildoak zein izango diren azaldu zituen, eta diputatu gehienen babesa jaso zuen, gehiengo osoa baitute sozialistek legebiltzarrean. Paris zein Brusela «norabide egokian jartzea» eskatu du Ayraultek, eta hazkunderik bako austeridadea kritikatu du.
Oreka zaila bilatu nahi du Parisko gobernuak: hauteskunde kanpainan Hollandek egindako promesak betetzea eta errealitate ekonomiko gordinari aurre egitea. Lehenengoaren haritik, 2013ko lehen seihilabetekoan gay eta lesbianen arteko ezkontzak legeztatuko dituztela eta adoptatzeko eskubidea aitortuko dietela iragarri du, eta baita «printzipio bidezkoagoak» izango dituen erreforma fiskal bat ere —milioi bat eurotik gora irabazten dutenei %75eko zergak ezarriko dizkiete—. Bigarrenaren haritik, berriz, aurreratu du Parisen helburua dela aurten defizita BPG Barne Produktu Gordinaren %4,5era jaistea. Eta horretarako, jakina, oraindik argitu ez dituen murrizketak egin beharko ditu.
Herenegun, hain zuzen, Parisko Kontu Auzitegiak txosten bat argitaratu zuen zorraren inguruan. Haren arabera, gobernuak ezarritako helburua betetzeko aurreikusitakoa baino 10.000 milioi euro gehiagoko murrizketak egin beharko lirateke aurten.
Ayraultek Europa «bide egokian jartzeko» eskatu du parlamentuan
Hazkunderik bako austeritatea kritikatu du, eta homosexualen arteko ezkontzak legeztatzeko agindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu