KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Azaroaren 9ko galdeketari eusteko eskatu diote Kataluniako Gobernuari

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren aurka eginez gero data atzeratzeko aukera ahotan izan du Kataluniako Gobernuko presidenteordeak.

Artur Mas, Joana Ortega, Francesc Homs eta Andreu Mas-Colell, Kataluniako Parlamentuan hizketan. ANDREU DALMAU / EFE
jon olano
2014ko abuztuaren 12a
07:07
Entzun

"Egongo da beste azaroaren 9 bat". Eta, horren karietara, "B planak A plana beharko luke", "kontsulta legezko eta adostu baten aurrean gaude", eta erreakzio soka luze bat. Kalapita sortu du Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak RAC 1 irratian eginiko adierazpenekin, ateak ireki baitizkio azaroaren 9an egitekoak diren independentzia erreferenduma atzeratzeari.

Ortegak azaldu duenez, azaroaren 9ko galdeketa ez da egingo legezkoa ez bada —Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baimentzen ez badu—, eta gaineratu du egongo dela "beste azaroaren 9 bat" erreferenduma egiteko.

CDC, UDC, ERC, ICV eta CUP atzean zituela iragarri zituen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak estatu bat eratzeari buruzko erreferendumaren galdera eta data; gaur, ordea, alderdi horietako batzuek ohartarazi diote gobernuari data ez dezala alda.

ERCko hainbat ordezkari mintzatu dira Ortegak esandakoaren kontra. "Galdeketa legezko eta adostu bat da, sei indar politikok babesten baitute", esan du Marta Rovira ERCko parlamentariak. Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuan duen diputatuak, berriz, nabarmendu du prozesua herritarren mobilizazioek baldintzatuko dutela; irailaren 11ko Diadakoak nahiz azaroaren 9koak.

CUPeko parlamentari David Fernandez izan da Ortegarekin kritiko agertu den beste ordezkari politiko bat. Twitterren, galdeketa "bai ala bai" egitearen alde azaldu da, eta erantsi du: "Demokrazia obeditu, inposizioa desobeditzeko. Inposizioa desobeditu, demokrazia obeditzeko".

Horrez gain, mezu ugari idatzi dituzte herritarrek #blindem9N traolarekin, galdeketaren data babesteko.

Konstituzionalaren betoaren kontra

Ara es l'Hora kanpainak ere ohar bat plazaratu du Ortegaren adierazpenen harira. Ez du "adierazpenen eta kontra-adierazpenen jokoan" sartu nahi, eta gogorarazi du azaroaren 9ko galdeketa Kataluniako gizartearen sektore zabal batek, parlamentuak eta gobernuak babesten dutela, eta "onartezina" dela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak "bozketa demokratiko bat" baldintzatzea: "Galdeketa dugun tresna demokratiko eta gardenena da, eta ez diogu uko egingo Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batengatik".

Kataluniako erakundeekiko "leial" izaten jarraitzen duela azaldu du kanpainak, eta gaineratu du galdeketa egiteko berme onena irailaren 11ko Diadako mobilizazioa dela: "Herrialdearen historiako mobilizazio garrantzitsuena izan behar da; askatasunerako urrats erabakigarria".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.