Aste honetan Rick Santorumen aurrean Missourin, Minnesotan eta Coloradon galdu eta gero, berebiziko garrantzia hartu dute Maine estatuko hauteskunde primarioek Mitt Romneyrentzat AEBetako Alderdi Errepublikanoko hautagaia izateko lehian. Atzo bozkatu zuten Mainen, eta inkestetan Romney faborito bada ere, Ron Paulek gertutik jarraitzen dio. Maineko bozketa «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Paulek, lehian bultzada jasotzeko.
Oraingoz ordezkari gehien lortu duen hautagaia da Romney, baina, oraingoz ez da haren hautagaitza gainontzekoen artean nabarmentzeko gai izan. Alderdiaren barruan askok «behar adina kontserbadorea ez izatea» leporatu diote.
Santorumek aurrea hartu du
Bestalde, nazio mailan egin duten inkesta batean, lehen aldiz, Rick Santorum Pensilvaniako senatari ohia jo dute faboritotzat. Asteartean Minnesotako, Missouriko eta Coloradoko bozetan irabazita, indarra hartu du Santorumek. Errepublikanoen %38k babestuko dute, inkestaren arabera. Bigarren Romney kokatu dute, Newt Gingrichen aurretik. Eta azken postuan Paul dago, herritarren %13ren babesarekin.
Azken asteko hiru porrotak gainditu nahi ditu Romneyk, Mainen irabazita
AEBetako errepublikanoen lehian, lehen aldiz Santorum jo dute faborito nazio mailako inkesta batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu