Mexikoko presidente berria aukeratzeko 21 egun falta direla egingo dute, gaur, lau hautagaien arteko bigarren eta azken eztabaida telebistan. Lehenengo debatea joan den maiatzaren 6an egin zuten, eta ordukoan PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagai Enrique Peña Nietoren kontra zuzendu zuten euren diskurtsoa Josefina Vazquez Mota kontserbadoreak eta Andres Manuel Lopez Obrador ezkertiarrak. Hilabetean asko aldatu da mexikarren boto joera, eta gaurko debatean Lopez Obrador izango da erasoen helburua. PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiak eta PRIk euren kanpaina estrategiak aldatu dituzte eta ezkerreko hautagaia jarri dute jomugan, bigarren postuan sendotuta dagoelako eta hauteskundeak irabaz ditzakeelako.
Hamabi urte daramatza boterean PANek, baina gobernuan egoteak ez dio mesederik egin hauteskundeei begira. Vicente Foxen agintaldiaren ostean Felipe Calderonek hartu zuen kargua 2006an. Mexikoko konstituzioak ez du onartzen presidente batek legealdi bat baino gehiago egiterik, eta horregatik, PANek Vazquez Mota aukeratu du presidentegai. Inkesten arabera, ordea, hondoratu egin daiteke alderdi kontserbadorea, hirugarren postuan geratuz, bigarrenetik oso urrun. Kanpaina abiatu zenean PAN eta PRI alderdi ofizialisten artean zegoen lehia, baina orain PRIren eta Lopez Obradorren artean dago borroka.
Peña Nietoren alderdiak 70 urte egin zituen boterean 2000. urtean Fox kontserbadoreak hauteskundeak irabazi zituen arte. Hamabi urte oposizioan egin ostean boterera bueltatzeko aukera da oraingoa PRIrentzat, baina ez du oso erraz izango garaipena. Reforma egunkariaren inkesten arabera, lehen postua lortuko luke Peña Nietok botoen %38arekin, baina gertu-gertu du ezkerreko hautagaia %34ko babesarekin. Vazquez Motak, berriz, botoen %23 jasoko lituzke, eta Gabriel Quadri Aliantza Berriaren Alderdiko presidentegaiak %5.
Kanpainako bideoak
Duela ia hilabete Mexikoko ikasleek hasitako protesta mugimenduak indarrez eragin du kanpainan, eta PRI eta PAN jakitun dira batez ere ezkerrari egin diezaiokeela mesede. Horregatik, eraso zuzena egitea erabaki dute. Lopez Obradorren kontrako bideo bana atera dute bi alderdiek, bakoitzak bere aldetik.
Bietan Lopez Obrador ageri da 2006ko irudietan. Urte horretan hauteskundeak izan ziren Mexikon, eta emaitzak erabat parekatuta geratu ziren Calderonen eta Lopez Obradorren artean. Datu ofizialek, azkenean, kontserbadoreari eman zioten garaipena, botoen %0,56agatik. Ezkerreko hautagaiak ez zuen emaitza onartu, eta protesta publikoa egin zuen hiriburuko kaleetan milaka jarraitzailerekin. «Joan daitezela pikutara euren erakundeekin», esan zuen orduan, eta esaldi hori jaso dute bideoan bi alderdi ofizialistek. «Duela sei urte Lopez Obradorrek ez zuen herriaren borondatea errespetatu», dio PRIren bideoak, eta ondoko esaldiarekin amaitzen du: « Lopez Obradorrek ez du demokrazian sinesten. Hori nahi duzu Mexikorentzat? Zeuk erabaki». PANen bideoaren goiburua, berriz, honako hau da: «Pertsona batzuk ez dira inoiz aldatzen».
Kanpainan bideoekin erakutsi duten estrategia erasokor bateratua gaurko debatean ere erabiliko dutela uste dute adituek. Vazquez Motak, ostera, ukatu egin du PRIrekin Lopez Obradorren kontra egiteko itunik egin izana. «Lehengo debatean galdetzen zidaten ea Lopez Obradorrekin ituna egin nuen PRIren kontra egiteko. Orain kontrakoa galdetzen didate. Baina ez lehen eta ez orain, ez dut itunik egin nire aurkariekin».
Eztabaidak 135 minutu iraungo ditu, eta hiru bloketan banatuko dute: politikaz eta gobernuaz berba egingo dute lehenengoan, Mexikok nazioartean duen rolaz bigarrenean, eta garapen sozialaz eta garapen jasangarriaz bigarrenean. Maiatzaren 6ko debatean ekonomia eta lana, segurtasuna eta justizia, eta ingurugiroa izan ziren eztabaidagaiak.
Guztira 79,4 milioi herritarrek parte hartu ahal izango dute uztailaren 1eko hauteskundeetan, eta presidenteaz gain legebiltzarraren eta senatuaren osaketa ere erabakiko dute. Inkesten arabera, herritarren %20k oraindik ez dute erabaki zer bozkatu, baina adituek diote ez direla erabakigarriak izango, gehienek abstentziora joko dutelako.
Azken debatea, ezkerrari eraso egiteko
Mexikoko PRI eta PAN alderdiek Lopez Obradorren kontrako diskurtsoa indartu dute haren gorakadagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu