Azken epaiketaren proba saioa

Bi milioi musulmanek Mekarako erromesaldiaren ekitaldi nagusia egin dute Arafat mendian.

Edu Lartzanguren.
2006ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Mundu osotik heldutako bi milioi pertsona, zuriz jantzita, Saudi Arabiako Arafat mendia ahal bezala igotzen. Hatx erromesaldiaren erritual nagusia egin zuten atzo Mekara heldutako musulmanek. Arafat edo tauba (damua) mendian barkamena eskatzen diote Alari, eta bekatuak garbitzen zaizkiela uste dute. Munduaren amaieran egitekoa den azken epaiketaren proba saioa da.

«Hemen nauzu, Jauna», esaten zuten erromesek atzo menditik. Goizean, Mekatik Mina hirirako bost kilometroko bidaia egin zuten. Minan, kanpaleku erraldoia antolatzen du Saudi Arabiako Gobernuak. Suaren kontrako materialekin eraikitako denda zuriak dira. Izan ere, 1997an 343 erromes hil ziren kanpalekuan sorturiko sutean. Lau egunez bizitokia dute Minako eremua, eta handik ateratzen dira Hatx-eko erritualak betetzera.

Erromesaldia islamaren bost zutabeetako bat da, eta ahal duten musulman guztiek bizitzan behin egiteko betebeharra dute.

Otoitzean pasa zuten atzo eguna damuaren mendian. Gauean, Muzdalifara joan ziren, gaueko otoitzak egitera eta harriak jasotzera. Harri horiek botako dituzte gaur deabruak Abraham profetari egin zizkion hiru tentaldi saioak irudikatzen duten zutabeen kontra.

Gero, milioika ardi hilko dituzte, Aid al Adha edo sakrifizioaren jaian. Horrekin bukatuko da Hatx-a, eta ohore handiz hartuko dituzte erromesak euren herrialdeetan.

BERDINTASUNA, DESBERDINTASUNA. Gai bat da nagusi erromesaldian: gizaki guztien berdintasuna Jainkoaren aurrean. Erromes guztiek janzten dituzten tunika zuriak dira berdintasun horren ikurra. «Denok daramagu tunika berdina, baina begirada bakarrean esan dezakezu nortzuk diren txiroak eta nortzuk aberatsak», esan zuen atzo Irakeko erromes batek. Izan ere, diru gutxiko erromes ugari denda batean pilatzen dira, eta bidaia antolatuetan heltzen diren aberatsek erosotasun guztiak dituzte.

Europako bidaia agentziek, esaterako, 3.000 euro inguru eskatzen dituzte 10 eguneko bidaiaren truke. Saudi Arabian sartzeko, bisa berezia eskatzen diete, eta bidaiaren kostuak ordaintzeko dirua dutela frogatu behar dute. Denera, 4.000 milioi euro mugitzen ditu Hatx-ak, eta horietako hiru laurdenak Saudi Arabian geratzen dira.

Riadeko agintariek erromes kopurua mugatzen dute, jendetza kontrolpean izateko eta istripuak saihesteko. Halere, hildako ugari izan dira azken urteotan. 1990an 1.426 erromes hil ziren jendetzak azpian hartuta, eta aurten, beste 345 urte hasierako ekitaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.