"Katalunia, bera bakarrik, munduko herrialde aberatsenetako bat izango litzateke". Ez dira enpresari independentista baten hitzak, ez. Nazioarteko Diru Funtseko ekonomia arduradun ohiarenak baizik, Kenneth Rogoffenak. Izan ere, Kataluniaren egoerak, bai politikoak bai eta ekonomikoak ere mugak gainditu ditu. Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok berak, etorkizunari aurrea hartuz edo, ohartarazia du Kataluniaren balizko independentzia Europan eta nazioarteko legediaren barruan eztabaidatu beharreko auzia dela, eta ez soilik Espainian. Etxetik gertuago, Generalitatean bertan badira ahotsak diotenak egungo estatua amaitua dela. Horietako bat da Ferran Mascarell Kultura sailburua: "Espainiak porrot egin du estatu gisa". Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia sailburuak, aldiz, Madrili egin dio oharra: "Kataluniak ez du tokirik kolore bakarreko Espainian".
Adierazpenok une giltzarrian heldu dira. Espainia izaten ari den gainbeherak gogor jo du Katalunian. Gobernu zentralari diru gehien ematen dion erkidegoetako bat izaki —hirugarrena Madril eta Balearren atzetik—, gutxien jasotzen duenetako bat ere bada —hamargarrena Gaztela-Mantxa eta Balearren atzetik—. Alegia, eta adibide argigarri moduan, Madrilek Kataluniatik jasotzen duen euro bakoitzeko, 43 zentimo beste erkidegoetan inbertitzen ditu. Horrek eta Generalitateak Madrili 5.023 milioi euroko laguntza eskatu behar izanak —batez ere kontuan izanda erreskateak gobernu zentralaren esku hartze handiagoa dakarrela berarekin— bultzada nabarmena eman die alternatiba bakartzat independentzia jotzen dutenei.
"Joko makurra da Espainiako Gobernuarena. Zergei dagokienez, modu bidegabean jokatzen du Kataluniarekiko. Madrilek katalanen lanaren ondorio diren zergak jasotzen ditu, baina gero, gastu publikoa egiterakoan, beste aldera begiratzen du", salatu du Muriel Casals Omnium Cultural erakundeko presidenteak. Horixe da, hain zuzen, Artur Mas Generalitateko presidentearen alderdiak bultzatu eta beste bi alderdik, hau da, Esquerra Republicanak eta Inicitiva per Catalunyak babestutako —Alderdi Sozialistatik soilik Ernest Maragall diputatuak bozkatu zuen alde— proposamena babesten duen erakunde subiranista bakarrenetarikoa. Espainiarekiko harremanak berregituratuko lituzkeen akordioa lortzea da Masen helburua. Izan ere, Itun Fiskalak Kataluniak bere zergak kudeatzea aurreikusten du, baita beste erkidegoekiko elkartasun kuotak Madrilekin negoziatzea ere. Bere garaian, estatututik kanpo geratutako puntuetako bat izan zen hori, hain zuzen, gobernu zentralak begi onez ikusten ez zuelako. Orain, baina, badirudi itunak aurrera egingo ez balu alternatiba bakarra geratzen zaiola erkidegoari: independentzia. Azken hori, Espainiak inoiz onartuko ez lukeen aukera. "Egoera oso konplikatua da, eta apolitikoaren mugan ere badago. Masek ez du tarteko irtenbiderik: edo lotsagarri geratzen da, edo arrakasta lortzen du. Oraingoan, ez dago Itun Fiskala adabaki bilakatzeko aukerarik [Estatutuarekin gertatu moduan]. Katalunian inork ez du onartuko hitzarmenaren ordez euro apur batzuk gehiago jasotzea", ohartarazi du Josep Ramoneda filosofo eta kazetariak.
Itunaren gaineko negoziazioak irailaren 20an hasiko dituzte ziurrenik Mariano Raxoi Espainiako presidenteak eta Masek. Baina, Madrilen jarrera ikusirik, askok iragartzen dute dagoeneko akordioaren porrota. "Itun Fiskala Espainiarekin hitzartzea litzateke, eta urte asko daramatzagu Espainiarekin betetzen ez diren hitzarmenak sinatzen, eta honako honetan ere ez dugu beteko duten konfiantzarik. Mundua eta Europa une erabakigarrian daude, eta ezin dugu denborarik galdu Madrilekin negoziatzen. Badakigu Espainiako oligarkiak orain arteko dinamikarekin jarraitu nahi duela eta ez duela inolako asmorik sistema berrantolatzeko", nabarmendu du Ramon Carnerrek, Cercle Catala de Negocis elkarteko presidenteak. Iritzi berekoa da Salvador Cardus ekonomialari eta idazlea ere: "Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak ituna onartuta ere, Madrilek babesik eman ezean, ez du aurrera egingo. Batzuek diote Madrilek diru kopuru bat jarriko duela mahaian, hemengo gizartea isiltzeko. Baina ez du dirurik hori egiteko ere, eta, beraz, alde horretatik independentziarako azken urratsa da ituna".
Erkidego sistemaren porrota
Ekonomia ez da gain behera doan bakarra, baina krisialdiak beste egitura batzuen ezina azaleratu du. Orain arte erkidego sistemaren alde hitz egin izan dutenek ere dagoeneko aitortu dute horrek ez duela etorkizunik. Alderdi Popularrean bertan hasiak dira esaten zentralismorantz jotzea dela irtenbidea; aldiz, sozialistek euren betiko helburuari eusten diote, federalismoari. Katalunian, ordea, bata zein bestea hilda daudela uste dute. "Erkidegoen sistemak argi utzi ditu bere mugak. Finean, Euskal Herria eta Katalunia Espainian barneratzeko sortu ziren erkidegoak, baina bi lurralde horien arazoa inoiz baino goriago dago", azaldu du Ramonedak.
Alderdi Popularreko gobernuak, ordea, ez du ahots kritikorik onartzen, eta Kataluniatik entzuten diren aldarriei neurri gogorragoekin eta esku hartzeekin erantzun die. "Madrilen uste dute herrialdea estu hartuz euren helburua lortuko dutela, baina ez dira ohartzen oraingoan ez dela hala izango. Ez dira ohartzen 2010etik hona, Konstituzionalaren sententziaren ondotik, herrialdea aldatu egin dela eta ikusi duela erkidegoen eredua amaitua dagoela. Ez dut uste Madrilgo gobernua aldatuta ere atzera egingo genukeenik. Ez dut uste independentziarako prozesu honetan atzera egiterik dagoenik", gehitu du Cardusek. Casalsen esanetan, berriz, Espainiarekiko harremanak hobetuz gero, "itunak arrakasta izango balu", litekeena da prozesua hoztea, moteltzea, "baina independentziaren nahia bere heldutasun politikora heldu da, eta harremanak hobetuko balira ere ziurrenik gehiengoak nahiago izango luke harreman hori bizilagunen artekoa izatea".
Bada, ordea, independentismoaren gorakada beste alternatibarik ez izatearen ondorio gisa ikusten duenik. Hori da, esaterako, Ramonedaren kasua. "Independentziak abantailak eta arriskuak ditu. Lortzen bada, izugarria izango da; baina porrot eginez gero, frustrazioa inoiz ezagutu gabekoa izango da. Arazoa da horixe dela oraingoz dugun alternatiba bakarra. Herritarrei etorkizun bat eskaintzen dien proposamen politiko bakarra da. Espainia aldean alternatibarik baldin badute, ondo ezkutatuta daukate. Madrilen nahiago dute krisitik irteteko itxurazko irtenbide teknokratikoari eutsi, zeina apurka-apurka hondoratzen ari den".
Kataluniako enpresarien elkarteko buruzagiak berak ere argi du Europan jarri behar dituztela begiak, han baitago etorkizuna, eta ez Espainian. "Kataluniak beti izan du ekonomian aurrera egin eta aberastasuna sortzeko ahalmena. Baina indar hori murriztu egin dute. Horixe zen helburua erkidego sistema asmatu zutenean: 40 urtean Francoren pean lortu ez zutena erdietsi nahi zuten era horretan. Baina Katalunia menderatzearekin bat, Espainia bera ere baliabiderik gabe geratu da, eta une hauxe baliatu behar dugu enpresari eta independentista katalanok".
Alderdiak, herri mugimenduen atzetik
Goitik behera baino gehiago behetik gora doan mugimendua da independentismoa. Horiek hala, alderdiak dira oraingoan herritarrek zabaldutako bidetik jotzea beste aukerarik ez dutenak, zokoratuta geratu nahi ez badute behintzat. CiU izan da alde horretatik mugimenduak egiten lehenetakoa. Koalizioko bi kideetako batek, CDC Convergencia Democratica de Catalunyak —Masen alderdia ere badenak—, buruzagitza berria aukeratu zuen joan den martxoan, eta agintera iritsi berrien arteko bat da Oriol Pujol, zeinak subiranistatzat duen bere burua. Cardusen iritzian, CiUkoek egindako urratsa ez da pose politiko hutsa. "CiUk ia hasieratik jo du subiranismorantz. Saihestu egiten dute independentzia hitza, alderdi barruko zenbaiti beldur ematen dielako termino horrek. Baina CDCren azken kongresuan Kataluniarentzako estatu bat eskatu zuten. Alderdiaren oinarrian independentismoa pil-pilean dago. CiUko idazkari nagusia bera, Josep Rull, independentista da, berdin gobernuko eleduna ere, Francesc Homs". Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen iritziz, baina, ulergarria da Masek urrats argirik egin nahi ez izatea, aurretik botere faktikoen babesa bermatu gabe.
Bide horretan atzean geratu da PSC Kataluniako Alderdi Sozialista, batez ere aste honetan bertan Pere Navarro presidenteak buruzagitzan egindako aldaketen ostean. Izan ere, alderdiaren orain arteko ildoekiko kritikoak izan diren kideak alde batera utzi, eta bere konfiantzazko jendeaz inguratu da Navarro. "Geroari buruzko eztabaidak eragina izan du batez ere alderdi sozialistan. Uneotan PSC diskurtsorik, estrategiarik eta buruzagirik gabe dago. Hautesleak galtzen ari dira, eta arazo larri bat dute hartu beharreko bidearen gainean. Barne haustura handia dute —sektore katalanista, Antoni Castellsek eta Ernest Maragallek ordezkatzen dutena, mugitzen hasia da—, eta horrek eragin du egungo eztabaidan jarrera argirik gabe geratzea".
Ramonedak berak ere ez du zalantzarik Navarroren azken erabakien ondorioz bakartu egingo dela alderdia. "PSC valentziartzen ari da. Alderdi barruko tira-birek eta borrokek etorkizunerako proiekturik eta ideiarik gabe eta gizartearen ia babesik gabe utzi dute taldea. Sozialistek ez dute hitzik egin herrialde honetan eztabaidatzen ari diren gaien inguruan, eta, gainera, beren burua azken urteotan egingo diren manifestazio jendetsuenetatik at utziko dute —PSCko hainbat kidek parte hartuko dute, baina ez alderdiaren izenean—. Bide horretatik jarraituz gero, porrota ziurra izango da". Datuek eurek ere arrazoi ematen diote filosofo eta kazetariari; izan ere, Kataluniako Alderdi Sozialistak nabarmen egin du behera inkestetan. Centre d’Estudis d’Opinio erakundearen arabera, hauteskundeak orain eginez gero, sozialistek hamar puntu aterako lituzkete, ICVk baino bat gehiago. Horiek hala, ez da harritzekoa hainbat alorretan haien aliatu izan den azken hori PSCtik urruntzen hasi izana.
Laguntzarik gabe oinez hasteko prest
Estatutuaren inguruko negoziazioek eta duela bi urteko Konstituzionalaren erabakiak, zeinak funtsik gabe uzten zuen Kataluniako Parlamentuak onartutako testua, ezin eramanezko bilakatu zuten herritarren frustrazioa. Horrek arrazoitzen du, besteak beste, balizko erreferendum batean baiezkoa erantzungo luketenen kopuruak gora egin izana: %48,1etik 2010ean, %51,1era aurtengo uda hasieran. Baikor dira Igandea-rekin hitz egin duten adituak ere.
"Katalunian tentsio egoeran bizi gara. Kaleko jendeak politikaz eta herrialdeaz hitz egiten du, etorkizuneko katalunia nolakoa izango den. Tentsio horri irtenbidea aurkitu behar zaio, eta hori ezin da gehiago luzatu. Ezin dugu horrela jarraitu beste 50 urtean. Uste dut urte gutxiren buruan irtenbidea aurkituko dugula, eta horretarako aukeretako bat da banantze prozesua hastea", dio Casalsek. Carnerren iritziz, Kataluniarentzat ez ezik Espainiarentzat ere "onuragarria" izango da banaketa. "Espainia mende askoan bizi izan da bere koloniei lapurtutakoari esker. Harentzat ere mesedegarria izango litzateke banaketa, ohartuko litzatekeelako herrialde normala izateko lan egin behar duela, eta produktu eraginkorrak ekoitzi". Cardusentzat ere geldiezineko prozesua da honako hau. Irakasle eta ekonomialariak, gainera, gertu, oso gertu ikusten du amaiera: "Honek guztiak ez du zerikusirik hauteskundeetarako estrategiekin, oso tarte txikian gertatutako gizarteko aldaketekin baizik. Elurrezko bola erraldoi baten antzekoa da hau, eta nik uste dut hori dagoeneko geldiezina dela. Horrek ez du esan nahi nahitaez independentzia lortuko dugunik, gerta liteke ez lortzea ere; baina epe laburrean, hau da, bi edo lau urtean lortzen ez bada, frustrazioa izugarria izango litzateke".
Ramonedak kontu handiagoz hitz egiten du, besteen aldean. "Maiz esaten da katalanen erdiak baino gehiago independentziaren alde leudekeela, baina hori ere landu egin behar da... Alde izatea eta bozkatzea ez da gauza bera. Eta hori lortuta ere prozesua oso luzea izango da. Errealitateak harri asko jartzen ditu bidean, eta galdera asko daude erantzuteko: Europatik botako lukete Katalunia? Zer-nolako zorrarekin geratuko ginateke? Zer egingo luke Espainiak balizko independentzia aldarrikapen baten inguruan?".