"Indar estatubatuarrak okupazio armada bat dira, eta, beraz, nire borrokarekin aurrera segituko dut arnasa daukadan bitartean", esan du Al Sadrek kazetari multzo baten aurrean. Era berean, Najafen segituko duela azpimarratu du, hiri hori baita Irakeko xiiten hiri santua, eta bere jarraitzaileei borrokan jarraitzeko deia egin die.
Borrokak puri-purian Najafen, eta etxeratze agindua Bagdaden
Hain zuzen ere, Najafen borroka giroak puri-purian jarraitzen du bostgarren egunez. Lekukoen arabera, miliziano xiitak hiriaren alde zaharrean eta hilerri inguruan daude gotortuta, eta AEBetako tropek, berriz, hesia ezarri dute gune horien inguruan. Najafeko herritar asko hiritik alde egiten ari dira borroketatik ihesika. Izan ere, ostegunean enfrentamenduak hasi zirenetik zibil asko hil dira. Gaur goizean, esate baterako, Najafeko erietxe zentralean hiru pertsona ingresatu dituzte hilotz, eta 19 zaurituta. AEBetako iturrien arabera, ostegunean oldarraldia hasi zenetik 360 miliziano hil dituzte; dena den, Al Sadren inguruko iturriek gezurtatu egin duten kopuru hori hain handia dela.
Beste zenbait gunetara bezala, hegoaldeko Basora hirira ere zabaldu da xiiten altxamendua eta han Erresuma Batuko Armadako soldaduen aurka ari dira borrokatzen erreboltariak.
Bagdadeko auzo xiitan, berriz, Sadr Cityn, etxeratze agindua jarri dute indarrean agintariek, istilu handiak gertatzeko beldurrez.
Dijalako gobernadoreordea hil dute
Najafen ez ezik, Irakeko beste hainbat lekutan ere indarkeria da jaun eta jabe. Gaur goizean ekintzaile suizida batek bonba auto bat leherarazi du Balad Ruz herrian, Bagdadetik 70 bat kilometro hegoaldera, eta zazpi lagun hil dira eraso horretan eta 23 zauritu dira. Hildakoetako bat Akil Amid Al Adili da, Dijala probintziako gobernadoreordea. Hain zuzen ere, atentatuak agintari hori zuen jomuga.
Bagdaden ostera, mortero bat leherrazi dute Irakeko behin-behineko Gobernuko Barne Ministerioaren egoitzetako baten aurka, eta hiru pertsona hil ditu: bi polizia eta funtzionario zibil bat.
Beste bonba auto bat Khalidiyan
Bagdad hiriburutik 50 bat kilometro mendebaldera, Khalidiyan, bonba auto bat zartatu dute, eta eraso horretan ondorioz lau lagun hil dira, guztiak zibilak. Hildako guztiak autobu batean Bagdadera zihoazen, eta lehergailua zeukan autoaren ondotik igarotzean hura lehertu egin da eta bete-betean harrapatu ditu eztandak.
Irak
"Azken odol tanta isuri arte" borrokan segituko dutela ohartarazi die Al Sadrek AEBei
Muktada Al Sadr buruzagi xiitak AEBetako "indar okupatzaileen aurka" borrokan segitzeko deia egin die bere jarraitzaileei, eta Washingtoni ohartarazi dio "azken odol tanta isuri arte" ez dutela etsiko. Beraz, borrokarako dei horrekin erantzun dio miliziano xiiten buruzagiak Irakeko behin-behineko Gobernuak atzo emandako ultimatumari. Horrenbestez, indarkeriak puri-purian jarraitzen du Iraken: Balad Ruzen zazpi lagun hil dira gaur goizean bonba autoz egindako eraso suizida batean; Khalidiyan lau zibil hil ditu beste bonba auto batek; Bagdaden mortero bat leherrarazi dute Barne Ministerioaren aurka, eta Najafen aurrera jarraitzeaz gain, Basorara ere zabaldu da miliziano xiiten altxamendua. Bagdadeko auzo xiitan etxeratze agindua jarri dute indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu