Duela 31 urte Jose Lopez Portillo Mexikoko presidenteak AEBen edo Kubaren artean aukeratu behar izan zuen Ameriketako lehen goi bilerarako deialdia egiterakoan. Ronald Reagan presidente estatubatuarrak argi utzi zion: «Edo bera, edo ni», Fidel Castroz ari zela. Kolonbiako Cartagenan asteburuan egindakoa VI.a izanda ere, antzeko zerbait gertatu da, baina orain, orduan ez bezala, Latinoamerikako herrialdeek batera erantzun dute.
AEBek Latinoamerikan duten boterea garai hartakoa ez den arren, AEE Amerikako Estatuen Erakundean —berak antolatzen du— Washingtonek erabakitzen du oraindik, eta Barack Obamak ez du daldatu jarrera. Baina banaketa agerikoa izan da: alde batean AEBak eta Kanada eta bestean Latinoamerika kokatu dira—ñabardurak izan dira herrien artean—.
«Kuba gabe azkena» izango da. Horixe esaldirik errepikatuena, tonua ozenago edo leunago. AEEko idazkari nagusi Juan Manuel Insulzak ere hala nahi du, Kolonbiak, Brasilek, Argentinak, Uruguaik eta Txilek ere bai, besteak beste, eta ALBAko zortzi herrialdeetako ordezkariek esan dute Habanaren ordezkaririk gabe ez dela Ameriketako goi bilera gehiagorik izango, ez euren parte hartzearekin behintzat: «matxinada» hasi dute Latinoamerikako herrialdeek Boliviako presidente Evo Moralesen arabera. AEBek, berriz, «besoak zabalik» hartuko dute «Kuba askea». Kubak Brasilen, Txilen edota Kolonbian gertatutakoari erreparatzeko «itxaropena» dauka Obamak.
Fidel Castrok, berriz, AEEren jarrera «deitoragarria eta groteskoa» izan du gogoan goi bilerarekin denboran bat egin duen artikuluan. AEEk 2009an Kuba handik kanpouzteko erabakia baliogabetu zuen —AEBen nahiaren kontra—, Latinoamerikaren eta uhartearen arteko harreman sendoak zaharkitua uzten zuelako Gerra Hotzaren testuinguruan hasitako bidea. Habanak, baina, ez itzultzea erabaki zuen, eta aurten erabaki horretan dagoela berretsi du, «Latinoamerikari eta Kariberi erasotzeko AEBen plataforma gisa lan egin duelako». Hala ere, Ameriketako goi bileran egon nahi zuela jakinarazi zuen Raul Castrok otsailean.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente eta bileraren gonbidatzaileari egokitu zaio oraingoan Habanara joatea Raul Castrori jakinaraztera ez zela Cartagenako goi bileran egongo. Obamarentzat, castrotarren alboan argazkia aterata AEBen jarrera aldaketa iradokitzea ere pentsaezina da orain, presidentetzarako hauteskundeak dira-eta azaroan. Beste aldean, berriz, Venezuelak, Boliviak, Nikaraguak, Ekuadorrek, eta ALBAko gainerako kideek boikota egitea aztertu zuten, baina Rafael Correa Ekuadorko presidenteak baino ez zion eutsi asmoari; presio egitera joango zirela erabaki zuten gainerakoek, Hugo Chavez buru. Venezuelako presidentea minbiziaren tratamendua dela-eta ezin joan geratu da, eta Evo Moralesek hartu du haren bozemaile betekizuna.
Duela hiru urte hasitakoarenamaiera dirudi goi bileran gertatutakoak. Orduko bileran, Trinidad eta Tobagon, ospez hazita zegoen Barack Obama gogoz hartu zuten Latinoamerikako buruzagiek; Kubarekiko murrizketak malgutzeko bidea hartuta, Hugo Chavezen beraren adiskidantza keinua jaso zuen: «Zure laguna izan nahi dut», esan zion. Baina Obamak Latinoamerikarekin orduan hartu zituen konpromisoak ezerezean geratu dira, beste lehentasun batzuetan aritu baita.
AEE eta Kuba
1948an izenpetu zuten AEEren ituna, eta printzipio demokratikoetan oinarritutako adierazpena jasotzen du, hala nola gatazkei konponbide baketsua emateko konpromisoa eta segurtasun kolektiboa eta garapena bultzatzeko ekimenak. Itunak estatu kideen erregimen politikoa «demokrazia ordezkatzaile» gisara definitzen du, eta boterea estatu kolpez hartu duten herrialdeei parte hartzea ukatzeko eskubidea ere jasotzen du.
Baina Gerra Hotzaren garaian, Latinoamerikako herrialdeak AEBen nagusitasunaren menpe geratu ziren, eta harreman mota hori erakundean islatu zen, taldearen ekintzak AEBek agindutakoek baldintzatzeraino, printzipioek beharrean. Besteak beste, 1954an, Jacobo Albeniz Guzman guatemalarrek aukeratutako presidentearen kontra CIAk antolatutako estatu kolpearen aurrean AEEk ez zuen erantzun, eta gerora Txilen, Uruguain, Venezuelan, El Salvador edota Nikaraguan gertatutakoetan bide bera jarraitu zuen, salbuespenak salbuespen.
Aurretik, baina, Kubako iraultzaren garaipenak, 1959an, arazo berri bat sortu zuen erakundearen baitan. Fidel Castrok gidatzen zuen mugimendua ez baitzen soilik Fulgencio Batistaren diktadura botatzera mugatu: politika eraldaketa izugarriak bultzatu zituen; AEBk uhartearekiko zuten harremana apurtzeraino eta gainerako herrialdeak ere horretara jartzeraino. Izan ere, garai hartan bizirik irauteko aukera gutxi zituen AEBei desafiatzen ausartzen zenak. Paradigma demokratiko-liberalarekin eta estatubatuarren hegemoniarekin hautsi nahi izanak eragin zituen, hain zuzen, Guatemalan bezala hainbat herritan AEBek egindako esku hartzeak.
Garai hartan Latinoamerikako gobernu gehienak kontserbadoreak ziren edota AEBekiko harremanean autonomia gutxi zuten. Batistaren kontrako borrokak babesa izan zuen hasieran, baina Kubak Haiti, Panama edota Dominikar Errepublikako borroketan gerrillariei laguntza emanez bideratu zuen parte hartzeak, zatiketa eragin zuen. Erreforma sozialak, enpresa eta banku sektoreak estatalizatzea, edota Elizarekin izandako borrokak ere aldendu zituen gobernuok, eta AEBentzat, erabakigarriak izan ziren aldaketok bahimenduari hasiera emanez.
Herrialde sozialisten mamua AEBei jazartzen ari zitzaien, eta ez zeuden prest, Sobier Batasunarekin zeukaten borrokaren testuinguruan eskualdean bertan ahultasuna erakusteko eta Kubako merkatuan kontrola galtzeko. Baina Kuba Sobiet Batasunaren aliatu bilakatu zen, eta AEBak berehala bere makineria guztia martxan jarri zuen Kuba ekonomikoki eta politikoki itotzeko, eta iraultzaren kontrako mugimendu amatuak babestu zituen.
Kubak, ordea, hainbat herrialderekin harremana izaten jarraitu zuen, eta bat egin zuen, besteak beste, 1959an Latinoamerikako hainbat buruzagik Nikaraguako, Paraguayko, Dominikar Errapublikako eta Haitiko de facto-ko gobernuak gaitzetsi zituztenean. Gobernu haiek AEEtik kanporatzeko eskatu zuen Jose Figueres Ferrer Costa Ricako presidente izandakoak zuzendutako taldeak. Baina geroago Kubatik Panaman, Nikaraguan eta Dominikar Errepublikan sartzen saiatu zirenean, AEEn bilera eskatu zuen talde horrek berak. Santiagoko Adierazpena onartu zuten 1959ko abuztuan.
Santiagoko adierazpena
Erakundearen itunarekin bat egiten duen erregimen motaren azalpena ematen du Santiagoko adierazpenak, diktadurak gaitzesteko asmoz, baina era berean Kubatik urruntzen hasi zen erakundea, demokrazia ordezkatzailearen printzipioaren izenean.1960an, berriz, Venezuelak Trujilloren kontrako adierazpena bideratu zuen AEEn, Romulo Betancourt presidentearen kontrako atentatuaren ostean, eta estatutuetan zeuden zigor neurriak aplikatzea erabaki zuen.
Bien bitartean, Kubak blokeoa salatzera Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilura jo zuen —SESBek babes osoa eman zion—. Hark, ordea, erabaki zuen bi herrialdeen arteko auzia AEEren esku zegoela, eta horrela egin zuten San Joseko Adierazpena.
Kuba zuzenean aipatu gabe, puntu guztietan «gai amerikarretan kontinentetik kanpoko potentzien esku hartzearen kontra» agertu ziren, eta konkretuki Txinaren eta Sobiet Batasunaren kontra: «Kontinentearen batasuna, bakea eta segurtasuna hausteko arriskua» aipatu zuten. Raul Roa Kubako kantzilerrak ez zuen sinatu.
Agerian geratu zen Kubak AEEn ez zeukala lekurik, are gehiago Fidel Castroren erantzunaren ondoren. Habanako I. Adierazpenarekin erantzun zuen: AEBen politika eta haiek babesten zutenena salatu zuen, herri sozialistekin aliantza berretsi zuen, Txinarekin harremana eta Taiwanekin haustura, eta demokrazia parte hartzailearen aldeko aldarria egin zuen, ordezkatzailearen gainetik.
1961eko apirilean AEBak, Nikaraguaren eta Guatemalaren laguntzaz Bahia de Cochinos inbaditzen saiatu zirenean, AEEk ez zuen erantzun, eta maiatzean Errepublika Sozialista aldarrikatu zuen Kubak. 1962ko urte hasieran, berriz, Kubaz espresuki eztabaidatzeko bilera egin zuten AEEko Atzerri ministroek.Herrialde sozialistekin Kubak aliantza osatzea salatu zuten herrialde guztiek, baina aplikatu beharreko neurrietan ez zuten bat egin. Azkenean, Washingtonen nahia islatu zen. Bilera hartatik ateratako erabakiak hauxe du goitizena: Amerikan komunismoaren ofentsiba. Ameriketako sistemarekin «bateraezinak» dira komunismoaren printzipioak, eta ondorioz, Kuba erakundetik kanpo uzten dute. Kuba ofizialki bota ez bazuten ere, Habanak kanporatutzat jo zuen bere burua.
AEEk, ordea, jarraitu zuen Kubarekin kezkatuta. 1964an, Caracasek eskatuta, Venezuelako gerrillariei Kubak ematen zien laguntza aztertzeko bilera eskatu zuen, FALN Askapen Nazionalerako Indar Armatuei armak eman zizkiolakoan eta hainbat kubatarrek haien borrokarekin bat egin zutelakoan. Romulo Bentancourt eta Raul Leoni presidenteen garaian arerio gogorra izan zen Venezuela Kubarentzat, eta harreman diplomatikoak hautsi zituzten 1961ean. Bilera horretan onartu zuten Kubak zuzendutako ekintzak jasan zituela, eta ekintzok gobernua botatzeko helburua zutela. «Indar armatuak» erabiltzeko mehatxua ere egin zuten AEEtik. Horixe izan zen Kubaren eta Latinoamerikako gainerako herrien harreman kaxkarrenak erdietsi zituen garaia.
Amaieraren hasiera
Kubaren kontra sortu zen blokea, ordea, hausten hasi zen 1970eko hamarkadan, erregimen aldaketak gertatzen hasi zirenean eta ezkerreko gobernuak AEBekiko autonomia handituz joan ziren neurrian.Juan Velasco Alvarado Peruko presidentea izan zen lehena: 1972an AEEri eskatu zion Kubari zigorrak altxatzeko, eta lortu ez bazuen ere, Kubarekin harremana hasi zuen Peruk, eta ondoren jarraitu zioten Barbadosek, Jamaikak, Trinidad eta Tobagok, Argentinak eta Panamak.
Gertaera horrek ezinbestean aldatu zuen Amerikako erakundearen izaera. 1974an, Kolonbiak, Costa Ricak eta Venezuelak zigorra altxatzeko eskatu zioten, herrialdeek arazorik ez izateko Kubarekin aritzeko, eta azkenean denek bat egiteko ahalmenik ez zegoenez, onartu zuten estatuek euren interesen arabera eta askatasunez erabaki zezatela Kubarekin jokatzeko modua. Hurrengo urteetan pixkanaka harremana berreskuratuz joan ziren herrialde guztiak, eta AEEk Kuba kanpoan uzteko erabakia bertan behera utzi zuenean garai berriei bidea egin zien, 2009an. Horretara iristeko makina saio izan dira, halere, Rioko Taldearena tartean. Orain, AEEren etorkizuna ikusteko dago.
Ameriketako goi bilera
«Azkena» Kuba gabe
Washingtonek Ameriketako goi bileran Habanari betoa ezartzeko erabakiak baldintzatu du Kolonbiako hitzordua, eta agerian utzi Ameriketako Estatuen Erakundearen barruko zatiketa eta latinoamerikarren haserrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu