Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen, maiatzean: PPk B kutxa bat izan du legez kanpoko komisioetatik jasotzen zuen dirua zenbatzeko eta kudeatzeko; gutxienez, 1989tik 2008ra. Epaiak hitzez hitz dio urte horien artean PPk finantza eta kontabilitate egitura paralelo bat zuela, eta Gurtel ustelkeria sarearen ekarpenek osatu zutela. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak, ordea, ukatu egin du halakorik, Espainiako Kongresuan. "Barcenas jaunaren paperei buruz, Barcenas jaunak hitz egingo du, eta kontrakoa frogatzen ez den artean, nik diot ez dela B kutxarik". Aznarrek gaineratu du epaiak ez duela B kutxaren gaineko "froga bat bera ere" jaso. Aznar PPko presidente izan zen 1990 eta 2004 artean.
Espainiako presidente ohiak PPren finantziazio irregularrari buruzko ikerketa batzordean egin ditu adierazpen horiek. Talde politikoen galderei erantzun die banan-banan. Une askotan, urduri. PPko buru gisa eta Espainiako presidente karguan egin duen jarduna defendatu du, guztiz. Ez hori bakarrik. Modu erasokorrean erantzun die hainbat itauni, galderak egin dituzten diputatuek edo beren alderdiek ustelkeriarekin zerikusia izan zezaketela aditzera emanez.
Talde guztiek gauza bera argitu nahi izan dute, nagusiki: zein harreman izan duen Aznarrek Rafael Correa Gurtel sareko buruarekin. Aznarrek behin eta berriz errepikatu du ez duela Correa ezagutzen.
Batzordeko diputatuek zalantzan jarri dute Aznarren bertsioa; besteren artean, Correa Aznarren alabaren eta Alejandro Agag enpresariaren arteko ezkontzan izan zelako. "Ez zenuen Correa ezgutzen, baina aitabitxi izan zinen ezkontza horretan metro karratuko gaizkile gehiago zegoen Coppolaren pelikulan baino", adierazi du Rafael Simancasek (PSOE). "Ezkontza bat baino gehiago, kartel bat zirudien", aurpegiratu dio, berriz, Gaberiel Rufianek (ERC). Aznarrek erantzun du hura ez zela bere ezkontza izan.
Correak, Gurtel auzian deklaratu zuenez, "lagun mina" du Aznarren suhia. Harekin "oso harreman ona" zuen, bere esanetan.
EAJko Mikel Legardak Aznarri gogorarazi dio, Correaren arabera, PPko zuzendaritza nagusiarentzat lan egiteari utzi ziola Mariano Rajoy alderdiko presidente izendatu zutenean. Aznarrek nabarmendu du berak ez duela sekula Correaren Gurtel sareko enpresarik kontratatu; PPk baizik.
Oskar Matutek Gurtel auziko epaia izan du hizpide, eta nabarmendu du ebazpen horrek frogatutzat jo duela PPren legez kanpoko finantziazioa. Hori hala izanik, Matutek Aznarri galdetu dio berak gutun-azalik ikusi al zuen PPko arduradun nagusi izan zen garaian. Aznarrek ukatu egin du legez kanpoko gainsarien jakitun denik. Matuteri zalantzan jartzeko modukoa iruditu zaio erantzuna. "Inork ikusten ez zituen suntsipen handiko armak ikusi zenituen 5.500 kilometrotara, baina ez zara gai mundu guztiak ikusten dituen gutun-azalak ikusteko".
Aznar ez da bere jarduna defendatzera mugatu. Erasoari ere ekin dio. Matuteri eman dion erantzunean presidente ordeak aditzera eman du ezker abertzaleak zerikusia izan duela ETAren finantziazioarekin, PSOEri aurpegiratu dio legez kanpo finantzatzeagatik zigortutako alderdia dela eta EAJri De Miguel auziaekarri dio gogora.
Aurrez aurreko bortitzenak, baina, ERCko Rufianekin eta Podemoseko buru Pablo Iglesiasekin izan ditu. Iglesias "askatasunentzako eta demokraziarentzako arrisku bat" dela adierazi du presidente ohiak. Venezuelako eta Irango gobernuetatik "milioiak" jasotzea leporatu dio, baita erakundeak "leherrarazi" nahi izatea ere. Rufiani, berriz, "ordena konstituzionala" deuseztatu asmo duen "alderdi golpista" bateko kide izatea egotzi dio. Rufianek erantzun dio 36ko altxamendua sustatu zutenek sortu zutela PP. Horrez gain, ERCko ordezkariak nabarmendu du Iraken militarki esku hartzea defendatu zuela Aznarrek. Rufianek Jose Couso Iraken hil zuten kameralariaren kamiseta bat eraman du soinean.