Atzoko iragarpenaren aurretik, Becksteinek aurreratu zuen FDP alderdi liberalarekin eta Hautagai Libreekin negoziatzen hastekotan zela, koalizioa osatze aldera -kide minoritarioak izango lirateke bi horiek-. Baina, itxuraz, alderdi barruko presioek ez diote bere planarekin aurrera egiten utzi.
Politikaren gailur-gailurrean zela jaso du kolperik gogorrena Becksteinek. Edmund Stoiber ordezkatu zuen Bavariako estatuburu karguan. Ordura arte Barne ministro izan zen Stoiberren gobernuan. Sheriff beltza gisa zen ezaguna orduan, bultzatu zituen etorkinen kontrako politika gogorrengatik.
Bururik gabeko alderdia
Becksteinekin batera, CSUko idazkari nagusi Christine Haderthauerrek ere kargua utzi zuen atzo. Aurreikus zitekeen erabaki hori, eta Alemaniako hedabideek iragarria zuten jada. Iragarpen hori medio, eta herenegun alderdiko presidente Erwin Huberrek dimisioa eman zuela kontuan izanda, CSU bururik gabe geratu da.
Kupula berria nork osatuko duen, ordea, ez da hain argia. Hasiera batean Horst Seehofer Alemaniako Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako ministroa zirudien CSUko buru izateko hautagai nagusia. Eta, bide batez, baita landerreko estatuburu gaia ere.Baina badirudi alderdikide guztiak ez daudela horrekin ados. Berlingo CSU da aukera horren aldeko -Alemaniako Gobernu federaleko bi ministerio daude CSUren esku, Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako Ministerioa, eta Ekonomia Ministerioa-. Bavariako alderdikideak, berriz, ez daude Berlindik haien etorkizuna erabaki dezaten prest. Eta, horren aurrean, alderdiko presidentetzarako hautagai zerrenda propioa aurkeztu dute. Atzo bertan irakurri zuen prentsaurrean oraindik jardunetan den Huberrek, Munichen. Joachim Herrmann landerreko Barne ministroa eta Thomas Goppel Kultura ministroa daude izenen artean.
Bestalde, Seehofer Bavariako estatuburu berri izendatzea ez letorkioke gaizki CSUri, Alemaniako Gobernuan presio handiagoa eragiteko. Seehoferrek Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako ministro kargua balia lezake horretarako. Izan ere, CSUren eta Angela Merkel Alemaniako presidentearen alderdiaren -CDU Batasun Demokrata Kristaua, CSUren «anaia»- arteko harremanak tirabiratsuak dira aspaldian. CDUk ez du, CSUko agintarien esanetan, Bavarian gauzatu nahi zuten zergen jaiste egitasmoa sustatu nahi izan.
Aukerak aukera, urriaren 27a baino lehen izendatu beharko dute CSUko buru berria. Izan ere, orduan hasi beharko dute eskualdeko parlamentuan koalizioa osatze aldera negoziatzen.
Alderdikideek ez didate nahikoa babes eman estatuburu karguan jarraitzeko»
gunther beckstein
Bavariako estatuburua