Babesa eskatu zuten sahararrak Espainiatik ez dituzte botako oraingoz

Madrilek ez ditu bidaliko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kanporatze prozedurak tramitatu artean

Erredakzioa
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iragan urtarrilaren 5ean Fuerteventura uhartera (Espainia) ailegatu ziren errefuxiatu sahararrak oraingoz ez kanporatzeko eskatu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuari. Hogeita bi errefuxiatuk eskatu zuten babes politikoa Espainian, baina Auzitegi Nazionalak horietako hamabortzen eskaria baztertu zuen. Kanporatzearen inguruko prozedura tramitatu artean inor ez bidaltzeko eskatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Madrilek adierazi du eskatutakoa beteko duela.

Estrasburgoko auzitegiak bere araudiaren 39. artikuluan oinarritu du Espainiari egindako eskaria. Horren arabera, errefuxiatu horiek «min konponezina jasateko berehalako arriskua» dute. Horrenbertzez, auzitegiak onartu du haien bizitza arriskuan egon litekeela edo torturatuak izateko arriskua dutela. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea arduratu da saharar horien babes juridikoaz. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak lehenbiziko aldiz onartu du CEARek egindako horrelako eskari bat, iheslarien laguntzarako erakundeak berak azaldu duenez.

Hilabete auzitegien menera

Iragan hilaren hasieran 28 saharar ailegatu ziren Fuerteventurara pneumatikozko txalupa batean. Horietako sei adingabeak ziren, eta Kanarietako Gobernuak adingabeen zentro batean sartu zituen. Gainerako 22ek babes politikoa eskatu zuten. Espainiako Gobernuak soilik bortz onartu ditu tramiterako, eta ebazpena argitaratu bitarte Espainian egoteko baimena dute.

Gainerako hamazazpi errefuxiatuetatik hamaseik Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea paratu zuten. Soilik batena onartu zuen auzitegiak, eta gainerako hamabortzek Estrasburgora jo zuten azken aukera bila. Oraingoz, horietako hamahiruren kasuak aztertu dituzte. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren eskaria jakin aitzinetik, Espainiako Gobernuak hamabortz sahararrak berehala Aaiunera bidaltzeko asmoa zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.