Giza eskubideak

Babesleen babesle

Nazioarteko Bake Brigadek hamaika herrialdetara bidali dituzte boluntarioak azken hiru hamarkadatan. Haien xedea: giza eskubideen aldeko ekintzaileak zein beren lan esparrua babestea, eta erakundeekin mintzaidetza sustatzea.

PBIko kide bat Guatemalan, 
Alargunen Koordinakundearen martxa batean. PBI
Ainhoa Sarasola.
2014ko apirilaren 13a
19:26
Entzun

Urratuak daude giza eskubideak mundu zabalean. Eta mehatxatuak horiek bermatzearen alde lan egiten duten erakunde eta ekintzaile asko eta asko. Arriskupean lan egiten dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek herrialde askotan, mehatxu etengabean, eta beren lana egitea ezinezkoa zaie askotan. Hala, PBI Nazioarteko Bake Brigaden babesa eskatzen dute hainbatetan. Ekintzaileen alboan egotera, haien lan espazioa babestera joaten dira brigadetako boluntarioak orduan. Hala egin dute azken hiru hamarkadetan, eta hala egiten dute egun ere, martxan dituzten hamaika proiektuetan.

2000. urtean izan zuen erakundearen berri Maribel Martinezek (Donostia, 1971), telebistan ikusitako dokumental baten bidez. Artean Kriminologia eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa ikasketak egiten ari zen, eta brigaden lanak asko erakarri zuen. Haiengana jo zuen orduan. Xavier Minguezek (Roses, Herrialde Katalanak, 1980), berriz, beste bide batetik ezagutu zuen egitasmoa, 2010. urtean. Psikologia ikasketen barnean euskal gatazkaren inguruko doktore tesia egiten ari zela, besteak beste PBIko kide bat elkarrizketatu zuen, eta hortik sortu zitzaion brigadetan lan egiteko gogoa. Prestakuntza prozesu bat hasi zuten orduan, bost hilabete ingurukoa; herrialde horretako testuinguruari, gatazkaren historiari eta giza eskubideen ekintzaileen laguntzari buruzkoa izaten da trebaketa hori, batez ere. Ostean, topaketak egin ohi dituzte, eta behin boluntario lanetarako nolabait egokitzat jota, proiektu batera, "lekuan bertan lan egitera" bidaltzen dituzte boluntario horiek, tokian tokiko beharren arabera. Urtebete igarotzen dute herrialde horretan lanean. Kolonbian eman zuten biek urtebetea: Martinezek Bogotan, 2000ko martxotik 2001eko martxora, "une hartan behar gehien zegoen lekuan"; eta Minguezek, 2010ean, Barrancabermeja hirian eta inguruetan.

Beren lana azaltzea apur bat zaila izan litekeela iritzi arren, Minguezen hitzek argi adierazten dute zer diren Nazioarteko Bake Brigadak: "Gobernuz kanpoko erakunde bat dira, baina ez dute garapenerako lankidetzarik egiten. Brigaden helburua da giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeen eta pertsona zehatzen lanerako espazioa babestea. Erakunde horien eskariz lan egiten dugu; ez gara haien bila joaten, haiek eskatzen diete brigadei babestuak-lagunduak izatea". Giza eskubideen aldeko elkarteak izaten dira horiek, baina baita, zeharka, giza eskubideen alde egiten duten nekazari elkarteak, emakumeenak, abokatuenak, kazetarienak... Haietako kideek duten arriskua eta brigadek babesa eskaintzeko duten ahalmena baloratzen dute laguntza emateko, baita boluntarioek izan dezaketen arriskua ere.

Printzipio jakin batzuen arabera ere jarduten dute: indarkeriarik eza, injerentziarik eza eta alderdikeriarik eza dira nagusienak. Horiei jarraiki, brigadek ez dute esku hartzen edo parte hartzen babesten dituzten erakundeen zereginetan, erabakietan eta funtzionamenduan. "Haiei prozesuan babestu-lagundu besterik ez dugu egiten". Alderdikeriarik eza ere oinarri nagusietako bat izaki, ez dute parte hartzen "ez erabaki politikoetan, ezta gatazkan dauden inongo aktoreren alde ere, deklarazio publikoak kaleratuz adibidez". Proiektu bakoitzak era batean funtzionatzen badu ere, bakoitzean dauden kideen arteko adostasunez parte hartzen dute.

Babesle-laguntzaile eta diplomazialari lanak

Bi zeregin nagusi izaten dituzte boluntarioek proiektu guztietan, Martinezek azaldu duenez: "Elkarteetako kideei babes-laguntza fisikoa eskaintzea da bata, bidaiatu behar badute haiekin egotean datzana". Minguezen hitzetan, laguntza horren xedea da balizko mehatxuei "atzera eragitea", baita bidaian aurrera egiteko indar armatuen baimena lortzea ere. Kolonbian, hiriguneetan banaka, baina mendialdean herrialde ezberdinetako bi boluntario joaten dira, "edozer gertatuz gero bi enbaxada aldi berean aktibatzeko".

Baina hori bezain garrantzizkoa da, bien iritziz, harreman eta elkarrizketa diplomatikoen lana. "Mintzaidetza lan oso indartsua egiten da gobernu erakundeekin, departamentuekin... etengabeko elkarrizketan izaten gara, giza eskubideen aldeko babesle horien egoeraren berri emateko, eta egiten duten lana azaltzeko, beren lanerako espazio hori bermatze aldera. Beraz, nire ustez presentzia fisikoa berebizikoa da, ikusgarritasuna ematen baitu, baina atzean mintzaidetza lan hori gabe, ez du ezertarako balio".

Horregatik, askotan brigadetako boluntarioen inguruan dagoen irudia ez dela erreala diote, askorentzat giza ezkutu modukoak baitira. "Egiazki, diplomazia lan ez-formala egiten duzu; azken batean, mintzaidetza politikoa da. Kezka bat agertzen duzu, batzuek ezin dutelako beren lana egin segurtasuna ez dutelako bermatua, eta hori egiten da tokian tokiko alkatetza eta defentsa edo prokuradorearen erakundeetatik enbaxada eta diplomazia kidegoraino... baita indar militarrekin ere, zeren goi agintari militar batzuekin biltzea ere egokitu izan zaigu". Bilera horietan, oso argi dute esku hartzerik eta alderdikeriarik ezaren printzipioei eutsi egin behar dietela, aitortzen badute ere zenbaitetan ez dela erraza. "Horixe da brigaden lana; modu ez-bortitzean eta diplomazialarian aritu behar duzu. Kontua ez da militar horrekin bildu eta bera seinalatuz esatea paramilitarrak ari direla... ez, hori ez da kontua, nahiz eta zuk pentsa dezakezuna pentsatu. Kontua da esatea berak, Kolonbiako Gobernuaren aparatu baten parte den neurrian, betebeharra daukala herritarren bizitza eta segurtasuna bermatzeko".

Martinezen hitzetan, gainera, beste modu batera egingo balitz ezingo lirateke han egon: "Gertatu izan da seinalatzea, 'ezkerreko elkarte hauek' edo 'gerrillaren alde dauden horiek'... baina ez da hori, inoiz ez duzu hori egingo, azkenean hori bertako elkarteen kalterako baita; adibidez, badira hainbat elkarte ez direnak paramilitarren aurka borrokan ari, baizik eta beren semea, senarra... desagerrarazi dutelako, eta salatu behar dutelako, baina orduan gobernua ere salatzen dute, eta...".

Babestu eta laguntzen dituzten pertsona horiek guztiek jasaten dute "mehatxu etengabea eta arrisku erreala", eta hil ere egin dituzte batzuk, alboan laguntzailerik ez zutenean. Baina boluntario gisa beren burua arriskuan ikusi ote duten galdetuta, ezetz diote, giza ezkutuaren irudi hori berriro ere uxatu nahian. "Arriskatze erlatiboa da gurea", dio Martinezek. Hala da Minguezentzat ere: "Niretzat giza ezkutua da dakidanean pertsona hori hil egingo dutela eta, ni aurrean jarriko naizenez, baita neu ere. Baina nik badakit kasu honetan ez gaituztela ez bera ez ni hilko. Arrisku minimoa da. Nire ustez, aukera gehiago dituzu edozer gertatzeko lanean ari ez zarenean, brigaden kamisetarik gabe, lanean ari zarenean baino, erabat!". Martinez bat dator: "Dena ezin da %100 kontrolatu, baina probabilitateak minimoak dira, bizitzan bezala. Badakizu ez zabiltzala alde zaharrean paseatzen, badakizu lan bat egiten ari zarela, baina ez duzu arriskutzat, benetan. Eta beldurra senti dezakezu, baina badakizu gero ez dela ezer gertatuko". Segurtasun hori lan egiteko moduak berresten duela dio: "Edozein ekimen edo bidaia egiten duzula, gobernuak eta diplomazialariek uneoro dakite non zauden eta zertan, denek dakite... zuri zerbait gertatzeko moduan! Segurtasun hori baduzu. Gainera, gatazka kontroletik at ateratzen bada, nazioarteko zuzenbide humanitarioa hausten bada, hor arrisku bat badago, eta jada brigadek ez dute zer eginik".

Martinezek dioenez, "brigaden babesak gatazkaren eta jarraipenaren une baterako balio du". Eta "maila baterako", gaineratu du Minguezek: "Profil jakin bateko pertsona bat babesten duzunean, bere maila igo egiten da, eta, ondorioz, baita mehatxu eta arrisku maila ere, baina momentu bat iristen da non zuk jada ezin duzun babestu, eta bestelako neurriak behar izaten ditu, administrazioarenak, dela auto blindatua, bizkartzain armatuak... Eta hortik aurrera gu jada ez gaude hor".

Bake prozesua

Zalantzak dituzte Kolonbiako bake elkarrizketekin eskubide urraketek behera egin ote duten. Minguezen iritziz, "baliteke arriskua areagotu izana". Prozesuak "kezko hesi" gisa ere funtziona dezakeela uste du Martinezek, "fokua orain ez baitago halako tokietan, bake prozesuan baizik".

Biek aitortu dute lagundu dituzten pertsonekin harreman estua sortzen dela eta etxera itzultzea ez dela erraza izaten. Lan "oso oso berezia" baita boluntarioena. Hara joan gabe ere Euskal Herritik asko lagun daitekeela dioten arren, biek ala biek nahiko lukete egunen batean lekura bertara lan egitera itzuli. Beste behin, babesleak babestera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.