Irak

Bagdadeko gobernadorea hil dute tiroka

Ali Al-Haidri Bagdadeko gobernadorea hil dute gaur goizean, auto barruan zihoala tirokatuta. Xiita zen Al-Haidri eta lehenago ere egin zuten beste atentatu bat haren kontra; hartatik bizirik atera zen. Nolanahi ere, ez da hori izan gaur goizean Bagdaden izan den eraso bakarra. Aitzitik, erreboltariek bonba-kamioi bat leherrarazi dute hiri erdialdean, eta gutxienez hamar lagun hil ditu, gehienak poliziak.

2005eko urtarrilaren 4a
10:48
Entzun
Hain zuzen ere, Irakeko Poliziaren kontrol postu baten aurrean eztandarazi dute ibilgailua, agi denez, ekintzaile suizida batek. Orain arteko informazioen arabera, hamar bat dira hildakoak, eta zaurituak, berriz 40 inguru. Horietatik erdiak oso larri daudela jakinarazi dute osasun zerbitzuetako iturriek —batzuk hil edo biziko egoeran—, eta, beraz, litekeena dela hildakoen kopurua haztea.

Bagdadeko gobernadorearen aurkako atentatuari dagokionez, gizon talde batek Al Adel auzoko errepide bat moztu duela agertu dute iturri ofizialek, eta une hartan handik igarotzen ari zen Ali Al-Haidriren autoa eta hura babesten zuten ibilgailuen konboia tirokatu dituztela. Gobernadorea bizirik heldu da erietxera, baina segituan hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.