Bagdadeko, Abu Nauas kaleko Kaddur jatetxea poliziaz eta zibilez beteta zegoen leherketa izan zenean. Ekintzaile suizida batek bere burua leherrarazi zuen jatetxera sartu orduko. Gutxienez 33 hildako eta 20 bat zauritu eragin zituen. Tartean zazpi polizia eta 26 zibil. Leherketa izan eta minutu gutxira AEBetako soldaduek eraikina inguratu eta sarrera-irteera guztiak itxi zituzten. Al Kaedak bere gain hartu zuen erasoa: «Martirien brigadako lehoi batek bere burua leherrarazi du jatetxeko polizia eta segurtasun indar desleialen aurka».
Hura, baina, ez zen izan atzo Iraken izandako eraso bakarra. Tikriten, herrialdeko presidente ohi Saddam Husseinen jaioterrian, bonba-auto bat leherrarazi zuten. Atentatuan zazpi polizia hil eta 13 zauritu zituzten. Irakeko Barne Ministerioaren arabera, urrutiko kontrol bidez zartarazi zuten lehergailua, azterketa medikoak egiten diren eraikinaren parean. Erasoa gertatu zenean hainbat pertsona zeuden inguruan. Bestalde, Gasan herrian, Waset probintzian, Poliziak 27 gizonen gorpuak aurkitu zituen. Eskuak lotuta zituzten eta tiro bana zuten buruan.
AEBen operazioa
Duela sei egun hasi zuten AEBek Siriarekin mugan dagoen Al Kaim hirian Altzairuzko gortinak operazioa. Ekintza horietan ustezko 277 ekintzaile hil eta beste 547 atxilotu zituztela jakinarazi zuen atzo Washingtonek. Irakeko Gobernuko eledun Leith Kubaren esanetan, hamar zibil ere hil ziren operazioan.
Estatubatuarrek erasotako inguruetako iturri medikuen arabera, ordea, 31 zibil hil eta beste 44 zauritu ziren. Estatubatuarrek instalazio zibilak, nahiz araztegiak bonbardatu zituztela salatu zuten herritarrek. «Al Kaimen dauden terrorista bakarrak AEBetako indarrak dira», zioen herriko agintariek kaleratutako ohar batek. Husaiban, herritik oinez ateratzeko agindu zieten okupazio indarrek herritarrei, autoei tiro egingo zietela ohartaraziz. Al Kaimgo, Husaibako eta Karabilako erietxeetako iturrien arabera, AEBetako Armadak bonbak jaurti zituen herri horietako bizitegi-auzoen eta etxaldeen aurka. Bagdadeko Al Taij barrutian, berriz, bederatzi irakiar hil ziren AEBen bonbardaketetan. Bestalde, Irakeko lehen ministrorde Ahmad Txalabi Etxe Zurian izan zen atzo. Txalabi izan zen Washingtoni Irakek suntsipen handiko armak zituela esan ziona, ondorioz demokratek haren bisita salatu zuten. Besteak beste, AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricerekin bildu zen lehen ministrordea.Nazio Batuen Erakundeak 40 milioi dolar eskatu zituen Iraken kutsatuta dauden ehunka gune militarren inguruak garbitzeko. Adituen arabera, kutsadura handiena Bagdaden dago; nagusiki uranio pobretuak eragina.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Bagdadeko jatetxe bati eraso, eta gutxienez 33 lagun hil dituzte
Ustezko 277 ekintzaile hil dituzte AEBek 'Altzairuzko gortinak' operazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu