Afganistango Guantanamo izenarekin egin da ezagun Bagramgo espetxea, herrialde horretako handiena, bertan preso egon diren anitzek AEBetako zaindariek egindako torturak eta gehiegikeriak salatu dituztelako. Atzotik, baina, Afganistango Gobernua izanen da Bagramgo arduraduna, «ekitaldi loriatsu» baten ondotik, Enayatullah Nazari Defentsa ministroaren hitzetan,AEBek eskumena igorri baitiote. Afganistanek burujabetza osoa eskuratzeko prozesuan aurrerapauso handia eman dutela nabarmendu dute bertako agintariek, baina espetxearen inguruko eztabaida ez dago itzalita, gehiegikerien salaketez gain, AEBek hainbat presoren gaineko zaindaritzari eutsi nahi diolako.
Parwan Atxiloketa Gunea izena du espetxeak, baina Bagram izenarekin egin da ezagun,NATOk Afganistanen zuen base handienetako batetik gertu zegoelako. Kabuldik 60 kilometro iparraldera dago, eta 3.000 lagun preso dauzkate gaur egun, talibanekin edo Al-Qaedarekin zerikusia izatea leporatuta. Horietako batzuk aske utzi zituzten atzo, espetxearen eskumen aldaketa gauzatzeko ekitaldiaren harira. Afganistango agintariekin batera, John Allen NATOren ISAF Segurtasuna laguntzeko Nazioarteko Indarra misioko burua etaAEBetako hainbat arduradun militar egon ziren.
Washingtonek eta Kabulek iragan martxoaren 6an hitzartu zuten espetxearen gaineko eskumena hango gobernuari ematea. Aimal Faizi Afganistango Presidentziako bozeramaileak azaldu duenez, ordea, AEBek oraindik 600 presoren gaineko zaindaritza dute. Jamie Graybeal NATOko bozeramailearen arabera, berriz, martxoa baino lehen atxilotutako presoen «%99» daude Afganistanen esku. Adierazi du zain daudela, Afganistango Gobernuak noiz azalduko preso horiekin zer egiteko asmoa duen. BBCk bi aldeetako iturri ofizialak aipatuz argitaratu duenaren arabera, AEBek espetxeko sail bat beren esku eduki nahi dute, eta borroka lekuetan atxilotu ahal dituztenekiko ardura izaten segitu nahi dute.
Hainbat hedabidek, Gurutze Gorriak eta nazioarteko bertze zenbait erakundek bildu dituzte azken hamarkadan Bagramen preso egondakoen testigantzak. The New York Times-ek 2005an AEBetako armadaren barne agiri bat argitaratu zuen, eta bertan zioen 2002an bi preso hil arte torturatu zituztela. Jipoiak, urarekin itolarria eragitea, eta loa galaraztea dira gehien salatutako tortura teknikak. Atxiloketa mugagabeak eta presoen pilaketak dira salatutako bertze gehiegikeria nagusiak. Aurtengo otsailean ere polemikaren erdian egon zen espetxea, AEBetako soldaduek koran aleak erre zituztelako han. Horrek sortutako protesta oldeetan 40 lagun inguru hil ziren.
NATO eta 2014ko ondorena
Nazioarteko tropek 2014an atera nahi dute Afganistandik, eta ordurako bertako gobernuaren esku utzi nahi dituzte estatuko egiturak. NATOk adierazi duenez, 2014aren ondotik Afganistanen eduki nahi duen rolaren printzipioak eztabaidatzen ari dira, eta heldu den urterako zehaztu nahi dituzte horiek. Talibanen jarrerak berebiziko garrantzia izanen du 2014rako. Erresuma Batuko Aholkularitzarako Errege Institutu Batuak egindako txosten baten arabera, talibanak prest leudeke AEBekin negoziatzeko; Afganistango Gobernuarekin, ordea, ez dute deus jakin nahi. Bitartean, indarkeriak ez du etenik. Iparraldeko Kondoz hirian gutxienez hamasei lagun hil zituzten atzo, suizida batek Poliziaren aurka egindako atentatuan.
Bagramgo espetxea Afganistango Gobernuaren esku utzi dute AEBek
Soldadu estatubatuarren aurkako tortura eta gehiegikeria salaketek egin dute ezagun kartzela hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu