KOLONBIAKO GATAZKA

Bahituez herri «neutral» batean negoziatzeko prest dago Bogota

Aska daitezkeen presoak zeintzuk diren aztertu beharko dutela nabarmendu du Atzerri ministroak

arantxa elizegi egilegor
2005eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Hogei etxek osatzen dute Aures herrixka eta berrehun bat pertsona bizi dira han. Leku horixe aukeratu zuten FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrillak bahitutakoen senideek haien eta Gobernuaren arteko negoziazioak hasteko. Kolonbiako presidente Alvaro Uribek proposamena onartu zuen atzo. Orain FARCen erantzunaren zain daude, bahituen eta preso dauden gerrillarien trukeari buruz hitz egiten hasteko. Caicedonia herriaren menpe dago Aures. Hango alkate Jorge Aldemar Ariasek azaldu zuenez, herrixkan ez dago polizia edo soldadurik. Hori izan zen, FARCek hasieratik jarritako baldintzetako bat.

Bakerako goi komisionatu Luis Carlos Restrepok eman zuen Gobernuaren erabakiaren berri. «Negoziazioak laster hasiko diren itxaropena dugu». FARC gerrillak bahitutako hamabi diputatuen familiekin bildu ostean esan zuen baitez presidenteak. Horien artean dago Ingrid Betancourt ere, duela ia lau urte bahitutako presidentetzarako bozetarako Oxigeno alderdiko hautagaia. Preso dauden 500 gerrillarirekin trukatu nahi ditu FARCek 60 bahitu inguru. Hala ere, Atzerri ministro Carolina Barcoren esanetan, zein preso trukatu daitezkeen aztertu behar du lehenik Gobernuak. «Badira gizateriaren kontrako krimenak egin dituztenak ere, eta horiek askatzea ezinezkoa litzateke». Askatutako gerrillariei atzerrira joaten lagunduko zietela adierazi zuen Barcok. Hark azaldu zuenez, preso ohiak gerrillari taldera ez itzultzea da Gobernuaren baldintzetako bat.

Oztopo ugari

Erakundea negoziazioak hasteko prest egon da beti, baina horretarako lekuak soldadurik edo poliziarik gabekoa behar zuela izan zehaztu zuen. Hasieran Caqueta edo Putumayon biltzea proposatu zuten. Baina Bogotak Plan Patriotico delakoa indarrean jarri zuen iaz lurralde horietan. Historikoki FARCek kontrolatzen zituen lurretatik gerrillariak bidaltzea da horren xedea.

Gerora, Florida eta Praderan biltzea proposatu zuten. Baina Gobernuak esan zuen ezin izango zuela bermatu soldadurik ez egotea, eta ondorioz, FARCek uko egin zien negoziazioei. Orduan, seriotasunik gabe hitz egitea leporatu zion erakundeak goi komisionatuari, hasieran ez zela soldadurik izango esan eta gero segurtasun indarrak ezin zituztela erretiratu erantzuteagatik. Gerrillari taldeak duela bi urte izendatu zituen negoziazioetan parte hartuko zuten hiru ordezkariak. Carlos Antonio Lozada, Felipe Rincon eta Fabian Ramirez dira horiek. Nazioarteko Gurutze Gorriko, Frantziako edo Suediako ordezkariek negoziazioetan bitartekari lanak egitea aztertzen ari da Bogota. Bestalde, FARCeko gutxienez 30 gerrillari hil zituzten atzo soldaduek Vigia del Fuerte eta Urrao bonbardatuta. Iturri ofizialen arabera, soldaduek bi herriak inguratu zituzten gerrillariek ihes egin ez zezaten. Handik gertu, Santa Rosa herrixkan, 150 nekazarik ihes egin behar izan zuten, soldaduen eta gerrillarien arteko borrokak zirela eta.

Hiru errepublikanoak

Gerrillariei bonbak egiten erakustea leporatu eta 17 urteko kartzela zigorra ezarri zien Kolonbiako auzitegi batek Jim Monaghan, Niall Connolly eta Martin McCauley errepublikano irlandarrei. IRA Irlandar Armada Errepublikanokoak izatea ere leporatzen diete. Lehenago kartzelara zigortu zituen beste epaile batek, herrialdean dokumentu faltsuekin sartzeagatik. Baina epaile hark berak aske utzi zituen handik gutxira. Herrialdetik ezkutuan atera ziren berehala. Duela gutxi, hirurak Irlandan zeuden zurrumurrua zabaldu zen eta Kolonbiak haiek estraditatzeko eskatu zion Dublini.

Irlandako lehen ministrorde Mary Harneyk Poliziara joateko eskatu zien atzo hiru errepublikanoei. «Ihes egiteari utzi diotela entzun dut. Non dauden dakitenek Poliziara jo behar dute». Estraditatzen ez badituzte, hiru akusatuek euren zigorra Irlandan bete dezaketela ere esan zuen Dublinek.

PARAMILITARRAK



 

Bahituen senideek kalte-ordaina eskatu dute





AUC Kolonbiako Autodefentsa Armatuak talde paramilitarrak 509 pertsona bahitu ditu gaur arte. Haien senideek kalte-ordaina eskatu zioten atzo Kolonbiako Gobernuari, indarrean jarri berria den Bake eta Justiziaren Legean oinarrituta. Haren arabera, bahituak askatu behar dituzte talde paramilitarrek eta biktimei kalte-ordainak emango dizkie Bogotak. Bahituen senideek bat egin eta halako eskaera bat egiten duten lehen aldia da. Familiek azalpenak emateko ere eskatu zioten AUCri. Nueva Esperanza gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 1996 eta 2004 artean bahitutako askok desagertuta jarraitzen dute. «Gure seme-alabak bizirik edo hilik dauden jakin nahi dugu, ez besterik», esan zuen senideetako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.