Afganistan

Bahitutako 19 korearretatik 12 aske utzi dituzte talibanek

"Ahalik eta lasterren" Afganistandik tropa militar eta ordezkari zibil guztiak ateratzeko konpromisoa hartu zuen atzo Hego Koreak, eta trukean, datozen egunetan bahitu guztiak askatuko dituztela agindu zuten talibanek.

2007ko abuztuaren 29a
17:03
Entzun
Bahitutako erlijiosoen inguruan akordioa lortu zuten atzo Hego Koreako Gobernuko ordezkariek eta bahitzaileek, talibanek. Hasi dira ituna gauzatzen: gatibu dauzkaten 19 lagunetatik 12 aske utzi dituzte gaur, hiru txandatan. Lehendabizi hiru emakumezko utzi dituzte libre, eta ordu batzuen buruan, beste lau emakumezko eta gizonezko bat; hiru emakumeren eta gizonezko baten txanda izan da hurrena. Guztira 12 utzi dituzte libre. Negoziaketetako bitartekariek agertu dutenez, onik daude, eta Gurutze Gorriaren esku geratu dira.

Atzo hitzartu zuten akordioaren arabera, talibanek datozen egunetan aske utziko dituzte bahitu guztiak, eta, trukean, Hego Koreak, tropa militar zein ordezkari zibil guztiak aterako ditu Afganistandik, "ahalik eta lasterren".

Bitartekari lanetan ibili den Haji Zahir eskualdeko buruzagietako batek gaur 5-10 bahitu askatuko zituztela iragarri du, eta orain arte 12 utzi dituzte libre.

Uztailaren 19an bahitu zuen talibanek Hego Koreatik joandako boluntario katoliko taldea. Tropak erretiratzeko ez ezik, hainbat preso aske uzteko eskatuk zuten hasieran. Bahituetako bi hil egin zituzten gatibu hartu eta egun gutxira. Aldiz, abuztuaren 11n gaixorik zeuden bi bahitu askatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.