Preso politiko batzuk kargurik gabe aske uzteko hitza eman du Bahraingo errege Hamad ibn Isa al Khalifak. Horrek oposizioko kide erbesteratuei ere Bahrainera itzultzeko aukera emango lieke. «Batasun nazionalaren alde» eta «herriaren eskaera zintzoei» erantzunez hartu du neurri hori. Ez du, ordea, askatuko dituzten presoen kopuruari buruzko xehetasun gehiagorik eman; gaurko espero dituzte absolbituen izenak.
Neurri hori oposizioaren eskaeretako bat da, baina adierazi dute ez dela aski; Mohamed al Maskati Giza Eskubideen Aldeko Bahraingo Gazte Erakundeko presidentearen ustez, behintzat, ez. Preso politiko guztiak askatzeko —450 dira, Al Maskatiren esanetan— eta azken asteotako protestak zapaltzen aritu diren segurtasun indarretako kideak epaitzeko eskatu du.
Protesten hasierako eskaera nagusiari ere jaramonik egin gabe jarraitzen dute agintariek: herritarren gehiengo xiitari parte-hartze handiagoa ematea gizartean eta politikan.
Absolbitutako horien artean egon daiteke Hasan Mushaima, Haq oposizioko alderdiko burua. Atzo zen Bahrainera itzultzekoa; Erresuma Batuan egon da orain arte erbesteratuta, terrorismo delituak egotzita. Bahrainera heldu eta atxilotzea posible den arren, «herritarren albora» itzuliko dela esan dio CNN kateari. «Badakit milaka pertsona daudela ni iristeko zain. Monarkia konstituzionalaren formako gobernu berri bat nahi badute, haiekin egongo naiz. Erregimen aldaketa nahi badute ere, haiekin egongo naiz».
Lulu plaza, leporaino
Bien bitartean, protestak indarra hartzen doaz Manama hiriburuko Lulu plazan. Al Maskatik emandako datuen arabera, atzo ere 60.000 eta 70.000 lagun artean saiatu ziren hara heltzen. Han beste hainbeste protestari zeuden aurreko egunetatik, gaua kanpadenda gero eta ugariagoetan igarotzen.
Protestak hasi zirenetik zazpi lagun hil dira, gutxienez; atzokoa, ordea, protestaldi baketsua izan zen.
Ostiralean gertatu ziren istilu larrienetariko batzuk; manifestari bat hil eta dozenaka zauritu ziren armadak protestetan esku hartzea erabaki zuenean. Protestan ari zen beste pertsona bat, 32 urteko gizonezko bat, oso larri eraman zuten ospitalera, buruan tiroa jasota; herenegun hil zen.
Larunbatean, ordea, gobernuak erretiratu egin zituen militarrak Lulu plazatik, manifestariei protestarako arrazoi gehiago ez emateko. Orduz geroztik jendez leporaino dago Manama erdialdeko plaza.
Bahrainen gehienak musulmanak dira; horietatik %70, xiitak, eta %30, sunitak. Kargu politiko eta militar garrantzitsuenak, ordea, suniten esku daude, eta xiitak behin baino gehiagotan kexatu izan dira lanpostu eta etxebizitza duinak lortzeko dituzten oztopoengatik.
Al Khalifa 1999az geroztik da Bahraingo errege. Konstituzioa moldatu zuen orduan, parlamentua sufragio unibertsal bidez hautatua izan zedin. Dena den, praktikan monarkiaren ingurukoek dute boterea. Hain zuzen ere, erregeak berak aukeratutako kontseiluak hartzen ditu erabaki garrantzitsuenak. Horrela, goi kargu politikoak erregearen inguruan eta suniten esku gelditu ohi dira; xiitek sarri salatu dute baztertuta dauzkatela.
Bahraingo erregeak preso politikoak askatuko ditu, «herria batze aldera»
Protestak hasi zirenetik handienetakoa egin zuten atzo Lulu plazan; dagoeneko zazpi dira istiluetan hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu