Oposizioa ahotsik gabe eta arnasarik gabe utzi nahi du Bahreingo Gobernuak. Astelehenean, atzerriko tropak sartu ziren armada laguntzeko. Asteartean, larrialdi egoera ezarri zuenHamad ibn isa al Khalifa erregeak, eta hiru hilabetez egongo da indarrean. Atzo, etxeratze agindua ezarri zuen hiriburuko hainbat tokitan, eta «kontrakoa agindu bitartean» indarrean egongo dela jakinarazi du. Horrez gain, manifestazioak egitea ere debekatu du gobernuak herrialde osoan. Manifestarien eta Poliziaren atzoko liskarretan sei hil ziren, eta hamarnaka zauritu.
Egunean hamabi orduz, 16:00etatik 04:00etara —Bahraingo orduaren arabera—, jendea ezingo da kalera atera Manama hiriburuko alde nagusietan: Seef merkataritza gunean, Lulu plazan —han zeukaten kanpalekua manifestariek— eta Bahraingo Finantza Portuaren auzoan, besteak beste. Otsailaren 14a mugimenduak atzo arratsalderako manifestazioak antolatu bazituen ere, 16:00etarako, Manama isi-isilik zegoen, lekukoek azaldu dutenez. Salbuespen neurriak betearazteko militar eta polizia ugari bidali ditu gobernuak hiriburura. «Neurriokin, normaltasuna berreskuratu nahi dugu», esan du gobernuak. Bien bitartean, eskolek itxita jarraitzen dute herrialde osoan, eta hango burtsa merkatuak ere eten egin ditu operazio guztiak.
Arratsaldeko isiltasunaren aurretik, sekulako liskarra izan zen oposizioko manifestariek hartua zuten Lulu plazan. Polizia eta armada indarrez sartu ziren plazara, tankeen eta helikopteroen laguntzarekin. Negar egiteko gasak jaurti zituzten, eta molotov koktelekin erantzun zieten manifestariek. Sei lagun hil eta hamarnaka zauritu dira segurtasun indarren erasoaren ondorioz, tartean hiru polizia. Lulu plaza hustu eta berreskuratzeaz gain, Salmanija ospitaleaz ere jabetu da Polizia. Oposizioko manifestariek kanpalekua zeukaten ospitalean ere. Baheringo estatu-telebistak «garbiketa operazio» izena eman dio armadaren sarraskiari, eta manifestariak kriminal gisa erabili ditu.
Oposizioaren zapalketa ikusita, dimisioa eman dute Nizar al Baharna Osasun ministroak eta Majid el Alaui Etxebizitza ministroak. Xiitak dira biak, eta «gobernuak manifestarien kontra erabili duen indarkeriagatik» utzi dute gobernua. Hamabi epaile xiitak ere euren kargua utzi dute arrazoi beragatik.
Esku hartzeari kritika
Pertsiako Golkoko herrialderik txikiena da Bahrain, milioi bat biztanlerekin. Boterea gutxiengo sunitaren esku dago, Al Khalifa erregearen gidaritzapean, baina populazioaren %70 inguru xiita da. Otsailaren 14an protestak hasi zirenetik, oposizioak monarkia parlamentarioa ezartzea eskatu dio erregeari. Konstituzio berri bat nahi dute, herritarrek gobernua eta legebiltzarra aukera dezaten.
Nazioarteak ere zuzeneko eragina du Bahraingo egungo egoeran. Astelehenaz geroztik, han dira GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak bidalitako tropak: Saudi Arabiako mila soldadu eta Arabiar Emirerri Batuko 500 polizia. Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak gaitzetsi egin du esku hartzea, eta AEBak egin ditu erantzule. Munduko erregimen xiita bakarra da Iran, eta Bahreingo protesten alde agertu da. Bestalde, Alemaniak ere kritikatu du atzerriko indarren esku hartzea, eta Amnesty Internationalek esku hartzea «berehala etetea» eskatu du. AEBek ez dute inbasio gisa hartu GCCren esku hartzea. Izan ere, Persiako Golkoa zaintzeko V. Gerra Ontzidia du hantxe, eta munduko petrolio trafikoaren %20 handik pasatzen da urtero.
Protestak herrialde arabiarretan
Bahraingo Poliziak indarrez hustu du Lulu plaza, eta sei lagun hil dira liskarretan
Hiriburuan etxeratze agindua ezarri eta manifestazio eskubidea debekatu du gobernuak herrialde osoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu