Lehen postua kenduko dion aurkaririk barik, eroso dabil Mitt Romney errepublikanoa Etxe Zurirako hautagaitza ofiziala eskuratzeko lasterketaren azken txanpan. Nebraska eta Oregongo estatuetan gaur egingo dituzten primarioetan ahalik eta ordezkari gehien lortu nahi du Massachusettseko gobernadore ohiak, Alderdi Errepublikanoak abuztuaren amaieran Tampan (Florida) egingo duen konbentzioan AEBetako presidentetzarako hautagai izenda dezaten. Gainera, lehenengo aldiz, inkestetan Barack Obama presidenteari aurrea hartu dio. Datorren azaroaren 6ko hauteskundeak orain egingo balira, kontserbadorearen alde bozkatuko lukete estatubatuarren %46k, eta demokrataren alde, berriz, %43k.
Etxe Zurirako errepublikanoen hautagaia izateko, baina, 1.144 ordezkari bildu behar ditu, eta 945 bereganatu ditu dagoeneko. Nebraskan 35 ordezkari daude jokoan, eta Oregonen, 28. Bi estatuetan emaitza onak lortzen baditu ere, primario gehiago irabazi beharko ditu Romneyk, baina AEBetako hedabideek uste dute hilabete honen bukaerarako hautagaitza ziurtatuta edukiko duela —Arkansasen, Kentuckyn eta Texasen ditu primarioak ekaina baino lehen—. Denbora kontua baino ez da izango Romneyren izendapena. Izan ere, bere kontrako lehian geratzen zen bakarrak, Ron Paul libertarioak, «kanpaina aktiboa» egiteari utziko diola iragarri berri du. Bere jarraitzaileei bidalitako mezu elektroniko baten bidez azaldu du Paulek albo batera laga duela kanpaina, diru kontuengatik, baina ordezkariak biltzen jarraitzeko asmoa duela berretsi du —99 ditu orain—, alderdiak abuztuan egingo duen konbentziora bere ideia libertarioak eramateko.
Azken asteetan, bata bestearen atzetik amore eman dute Massachusettseko gobernadore ohiaren lehiakide gogorrenek: Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohiak eta Rick Santorum Pensilvaniako senatari ohiak. Santorumek, gainera, babesa eman dio Romneyren hautagaitzari.
Enpresariaren eskarmentuaz
Barack Obama AEBetako presidentea aspaldidanik ari da jokatzen Romney errepublikanoen presidentegai ofiziala balitz bezala, eta horren arabera egituratu du bere kanpaina ere. Aste honetan, esaterako, Massachusettseko gobernadore ohiaren kontrako sei minutuko bideo bat argitaratu du Alderdi Demokratak, hark Bain Capital konpainia pribatuan izandako kudeaketa azaltzeko eta haren kapitalismo eredua kritikatzeko.
GS Technologies enpresaren historia kontatzen du bideoak. Bain Capitalek 1993an erosi zuen enpresa hori, eta hamar urteren ostean itxi egin behar izan zuten, 750 langile kalera botata. Salerosketa horri esker 9,3 milioi euro irabazi zituen Romneyren konpainiak.
Ikus-entzunezko kontakizun horren bidez zera ohartarazi nahi izan diete demokratek herritarrei: hautagai errepublikanoaren politikak Etxe Zurian aplikatuz gero, inbertitzaile aberatsak lehenetsiko dituzte, langileen kaltetan. Izan ere, erdiko klaseri zuzendutako mezu batekin hasi zuen kanpaina Obamak, joan den astean, Forward (aurrera) leloko bideoaren bitartez: «Egunerokoa zaila da oraindik askorentzat, baina egoera ekonomikoari buelta ematen ari gara, erdiko klase indartsu batek bermatzen duelako AEBen handitasuna. Zuek ez duzuelako amorerik ematen, eta berak [Obamak] ere ez».
Gingrhichek eta Santorumek ere erabili zuten Romneyren enpresari eskarmentua Alderdi Errepublikanoko primarioen barne borrokan. Massachusettseko gobernadore ohia, ordea, bere aurkarien erasoei buelta ematen ahalegindu da behin eta berriz, Bain Capitalen izandako esperientziari esker AEBetako ekonomian hazkunde sendoa lortzeko gaitasuna duela argudiatuz.
Azken egunetan, baina, beste gai batek hartu du AEBetako hauteskunde kanpainaren erdigunea: gay eta lesbianen ezkontzak. Hilaren 9tik, Obamak homosexualen arteko legezko ezkontza babestu zuenetik, ezkontza horien kontrako jarrera nabarmendu du Romneyk, ezkontza «soilik gizon baten eta emakume baten arteko lotura» dela esanez. Oraingoz, badirudi kontserbadoreari egin diola mesede Obamaren adierazpenak, CBSk eta The New York Times egunkariak egindako inkestan irabazle jotzen baitute Romney, hiru punturen aldearekin. Inkesta hilaren 11tik 13ra bitartean egin zuten, presidenteak gay eta lesbianen arteko ezkontza babestu osteko egunetan.
Bakarkako lasterketan
AEBetan primarioak dituzte errepublikanoek Nebraska eta Oregonen; Mitt Romneyk ez du lehiakiderik bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu