Mende erdi luzean, hamaika bake ahalegin egin izan dira Kolonbian. Jarraian, Kolonbiako presidente batzuek zein besteek babestutako negoziazio ahalegin nagusiak:
•1981. Julio Cesar Turbayren gobernuak bake batzorde bat sortu zuen gerrillarekin hizketan hasteko. Carlos Lleras Restrepo lehendakari ohiari eman zion prozesu hori gidatzeko ardura, baina karguari uko egin zion, matxinoekin kontaktatzen ez ziotela utzi argudiatuta.
•1982. Belisario Betancur FARCekin negoziatzen hasi zen.
•1984. Betancurren gobernuak eta FARCek La Uribeko akordioa sinatu zuten. Akordio horren arabera, alde biek eten zuten sua, bahiketa gehiago ez zen egin eta gerrillarentzako bide politikoak ireki ziren. Prozesua 1987an hautsi zen.
•1988. Virgilio Barcok FARCekin bakea lortzeko harremanak hasi zituen, baina gerrilla horrekin lotua zen Union Patriotica alderdiko milaka militante akabatu zituzten paramilitar ultraeskuindarrek, eta harremanok ez zuten aurrera egin.
•1990. Barcoren gobernuak bake akordioa sinatu zuen M-19 gerrillarekin. Azken horrek, armak eman ostean, bizitza zibilerako bidea egin zuen, eta indar politikoa bihurtu zen.
•1991. Cesar Gaviriak elkarrizketak hasi zituen Venezuelan FARCekin eta ELNrekin. 1992an hautsi zen prozesua. Urte berean, eta bake akordioak tarteko, EPL Askapenerako Armada Herritarraren, Quintin Lame talde indigenistaren eta PRT Langileen Alderdi Iraultzailearen gerrillak desmobilizatu ziren.
•1998. Ernesto Samperren gobernuak estatus politikoa eman zion ELNri, bake akordio bat lortzeko helburuarekin. Ez zen akordiorik izan. Andres Pastranak presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, kanpainan FARCekin bake prozesua abiaraziko zuela agindu ostean.
•1999. Gobernuaren eta FARCen arteko bake prozesua abian jarri zen. ELNrekin ere harremanetan sartu zen Bogota, baina ez zen bake prozesurik gauzatu.
•2002. Otsailean, FARCekin hasitako bake prozesua eten egin zen. Alvaro Uribek hartu zuen presidente kargua. AEBen laguntzarekin, Uribek eraso militarra abiarazi zuen gerrillaren aurka. Aldi berean, elkarrizketa hasi zuen ELNrekin Kuban. Prozesuak ez zuen aurrera egin.
•2012. Juan Manuel Santosek irailaren hasieran jakinarazi zuen FARCek eta Bogotak bake prozesua abiarazteko bide orri bat hitzartua zutela eta negoziazioak urrian hasiko zirela.
Bake ahaleginak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu