KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

Bake akordioa berresteko konferentzia abiatu du FARCek

Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko-k ofizialki eman dio hasiera Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen hamargarren konferentziari. Hilaren 26an sinatuko dute bake hitzarmena, eta urriaren 2an bozkatu erreferendumean.

Rodrigo Londoño Echeverri, konferentziari hasiera emateko hitzaldian. @FARC_EPAZ
2016ko irailaren 17a
01:28
Entzun

Diamanteko eskualdean egiten ari da bilkura FARC-EP, Kolonbia hegoaldean, eta irailaren 23ra arte luzatuko da. Hamargarren konferentzia du FARCek, eta bertan hartzen ditu gerrillak funtzionamenduari buruzko erabakiak; espero da FARCek eta Kolonbiako Gobernuak lortutako bake akordioa berrestea, borroka armatuari uko eginez eta "mugimendu edo alderdi politiko" bilakatzea onartuz. Gerrillako 200 bat ordezkariren aurrean, Timochenkok esan du "beren esku" dagoela Kolonbiaren etorkizuna.

Erreferendumean ezezko botoa eskatzen dutenei ere erreferentzia egin die Timochenkok: "Gure arerioek esan nahi badute gerra irabazi dutela, hor konpon. FARCentzat eta gure herriarentzat poztasun handiena beti izango da bakea irabazi izana".

Konferentzia amaitu eta hiru egunera egingo dute Cartagenan bake ituna izenpetzeko ekitaldia. Bi aldeek akordioa berretsi eta sinatu ostean, herritarren txanda helduko da. Izan ere, lehen aldiz, kolonbiarrek eurek izango dute aukera bake prozesuaz iritzia emateko, urriaren 2an egingo den erreferendumean. Hauxe izango da erantzun beharreko galdera: Gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa babesten duzu?. Akordioak aurrera egingo badu, baiezkoak botoa ematera deituta daudenen %13ren babesa jaso beharko du; gutxienez, 4.396.626 boto.

Duela lau urtetik hona hasi ziren ofizialki negoziazioak, baina horren aurretik ere bi aldeak hainbat urrats egin behar izan zituzten, azken prozesu hori ahalbidetzeko. Bitarte horretan, hala ere, oztopo ugari gainditu behar izan dituzte. Besteak beste, droga trafikoa, biktimak, justizia eta armagabetzea izan dira puntu gatazkatsuenetariko batzuk. Azken horri dagokionez, akordioak sinatu ostean, sei hilabeteko epea izango du gerrillak, nazioarteko begirale talde baten zaintzapean, armak entregatzeko.

2012ko azaroaren 19an hasi zen negoziazio prozesua Habanan. 2013ko maiatzaren 26an erdietsi zuten alde biek lehenbiziko akordioa, lurren banaketarekin eta landa garapenarekin lotua; azaroaren 6an, berriz, parte hartze politikoarena adostu zuten. Ondoren etorri ziren akordio gehiago ere, eta joan den irailaren 23an erabaki zuten gerra krimenen arduradunak epaitzeko eskumen bereziak dituen auzitegi bat sortzea. Pauso garrantzitsua izan zen, eta hark ahalbidetu zuen 2015eko abenduaren 15ean biktimen erreparazioa hitzartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.