Espainiako hauteskunde orokorrak euskal gatazkaren konponbidean erabakigarriak izango direla nabarmendu dute Euskal Herriko indar abertzaleek. Legealdia amaitu aurretik, bake bidean «urratsak egiteko» eskatu dio EAJk Jose Luis Rodriguez Zapaterori, eta Eusko Alkartasunak «arduraz» jokatzeko eskatu die bai PSOEri bai PPri.
EAren arabera, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek «berebiziko garrantzia» izango dute Euskal Herrian ireki den jokaleku politiko berria sendotzeko. «Espainiako Estatuari erakutsi behar diogu Euskal Herrian gehiengo independentista bat dagoela eta gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpontzearen apustu irmoa egiten duela», esan du EAk komunikabideei igorritako ohar batean.
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak, berriz, uste du Zapaterok legealdi amaiera baliatu beharko lukeela gatazkaren konponbidean urratsak egiteko. Hala ere, buruzagi jeltzaleak uste du hauteskundeak aurreratu izanak ez diola mesederik egingo bake eta normalizazio prozesuari: «Espero dut hauteskunde prozesuek ez baldintzatzea bake prozesuaren atzera ezintasunean».
Espainiako Gorteetako hauteskundeei begira, alderdi abertzaleek zer hautu egingo duten ez dute argitu oraindik. Bilduko kide den heinean, EAk uste du Bilduk hauteskundeetan parte hartuko duela. «Bakerako eta burujabetzarako apustuan, erreminta guztiak eta ahal diren erakunde guztiak baliatu behar dira», adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
Urizarrek gogorarazi du Sortu legez kanpo dagoela oraindik, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain. Sorturen inguruko epaia denboraz iristea gustatuko litzaiokeela esan du. «Behingoagatik Euskal Herriko indar guztiek askatasunean aurkezteko aukera edukitzeak prozesuan aurrera egitea bultzatuko luke. Baina argi dugu horrek ez dituela baldintzatuko egin behar ditugun urratsak», gaineratu du.
Aralarren zuzendaritzak, berriz, Bildurekin elkarlan ildoa irekitzeko proposamena egingo die militanteei alderdiak urriaren 1ean egingo duen biltzarrean. Pello Urizarrek begi onez ikusi du Aralarren zuzendaritzaren asmoa, baina nabarmendu du proposamena txosten politiko bat baino ez dela oraindik.
Mariano Alava EAko kideak Kataluniako Legebiltzarrean eginiko prentsaurreko batean adierazi duenez, Bilduren asmoa da koalizioaren inguruan «indar gehiago biltzea eta abiatutako bidea sendotzea». Gaineratu du Aralarren eta EAJren ekarpenei irekita dagoela Bildu.
Alderdiaren presioa
Zapateroren iragarpenak ez du inor oharkabean harrapatu. «Aurrerapenak egungo testuinguruan kaltegarriak diren zalantzak argitzen ditu», esan du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak. Zapateroren erabakiaren oinarrian krisialdi ekonomikoa dagoela nabarmendu du Lopezek. «Hausnartutako eta herrialdearen eta gizartearen interesetan pentsatu ostean hartutako erabakia izan da». Lehendakariak Zapateroren gobernuak legealdi honetan aurrera eraman duen «lan zaila» goraipatu du, eta herritarrek egindako «sakrifizioak» aintzat hartuko dituztela uste du.
Zapateroren ibilbidea aztertzeko orduan euskal gatazkarekin lotutako «aipamen berezia» egin nahi izan du Lopezek. Euskal Herrian «askatasuna sendotzeko» agertu duen «konpromiso pertsonala» eskertu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.
Nafarroako Gobernuko eledun Alvaro Mirandak, berriz, uste du Zapaterok hauteskundeak aurreratzek erabakia hartu duela ezin izan diolako eutsi «egoera politiko eta ekonomikoari».
Gauza bera uste du Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak. Gaineratu du, halaber, bozakaurreratzea «ona» dela Euskal Herriarentzat eta Lopezentzat. «Modu horretan lehendakariak ez du EAJk Zapaterori egiten dion xantaia jasan beharko».
EAJrentzat ere ez da «sorpresa» izan Zapateroren iragarpena. Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak jakinarazi duenez, duela egun batzuk Zapaterok berak EAJren EBBko presidente Iñigo Urkulluri eman zion erabakiaren berri. «Eta alderdi jeltzalearekin hartutako konpromiso guztiak beteko zituela hitzeman zion», nabarmendu du. Erkorekak uste du PSOEren eta gobernuaren arteko «tirabiretan» alderdia atera dela garaile.
Bake bidean azken urratsa egin dezala eskatu dio EAJk
Bildu hauteskundeetan parte hartzearen alde azaldu da EA, «tresna guztiak baliatu behar direlako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu