Juan Manuel Santos presidenteak "tunelaren amaieran argia" ikusten hasi dela onartu du, eta bakea lortzeko itxaropena agertu. Lau hilabeteko epea ezarri du, hala ere, Kolonbiako presidenteak, bake negoziazioak azkenera arte eraman edo bertan behera utzi erabakitzeko.
Kolonbian behin betiko bake akordio bat gauzatzeko bidean urrats erabakigarria egin dute Juan Manuel Santosen gobernuak eta FARC-EP gerrillak Habanako elkarrizketetan. Txandakako bilera sailen metodologiaren ordez, etenik gabeko lan teknikoa hastea hitzartu dute, akordio baten sinatzea azkartzeko. Eta gatazka militarraren apaltzea ere adostu dute bi aldeek.
FARC-EP gerrillaren alde bakarreko su-etena datorren astelehenean sartuko da indarrean, hilabete baterako. Eta Norvegiak eta Kubak —prozesuaren bermatzaile diren bi herrialdeek— alde biko su-eten bat bideratzeko egin zuten eskariari erantzunez, Kolonbiako Gobernuak ere agindu du "erasoko ekintzak bertan behera" uzten joango dela. Santosek nabarmendu du ez dela su-eten bat: "FARCek hitzartutakoa betetzen badu" Kolonbiako armada ekintza militarrak apaltzeko prest dagoela jakinarazi du.
Bake elkarrizketak hiru hilabetean blokeatuta egon ostean, eta erasoak gogortu egin direlarik azkenaldian, nabarmentzekoa da bi aldeek egindako balorazio baikorra. Bake elkarrizketen aldi "indartsu, oparo eta itxaropentsu bat" hasi dela nabarmendu du FARC-EP gerrillaren negoziatzaile taldeak, ohar ofizial batean. Eta "tunelaren amaieran argia" ikusten hasi dela onartu du Santosek.