Palestinarren etxebizitzak bota, kokaleku berriak eraiki, eta okupatu. Kolonizazioa, zentzu hertsian. Horixe da Israelen estrategia, gerra garaian zein bake negoziazioen atarian. Nazioartea begira duenean ere, berearekin jarraitzen du Benjamin Netanyahuren gobernuak. AEBetako Estatu idazkari John Kerry Jordaniara iritsi zen atzo, palestinarren eta israeldarren arteko bake negoziazioei «bultzada emateko». Tuba herrixka palestinarreko zenbait etxebizitza botatzea eta kokaleku berriak eraikitzeko planak aurreratzea izan zen Israelen erantzuna. Netanyahu lehen ministroak 69 etxebizitza eraikitzeko asmoa du, okupatutako Jerusalem ekialdeko Har Homa auzoan, eta horretarako baimen guztiak eman dituzte jada.
Tel Avivek atzerrian duten aliatu nagusia den arren, Etxe Zuriak berak ere harriduraz hartu du Israelgo Gobernuaren erabakia. «Argi dago horrelako urratsak ez direla batere lagungarriak», adierazi zuen atzo AEBetako Estatu Departamentuko ordezkari batek —izena eman gabe— The New York Times berripaperean. Obamaren kabineteak ez du, oraingoz, adierazpen ofizialik egin.
Palestinarrek eta okupazioaren kontra dauden Israelgo taldeek, ordea, atsekabez begiratzen diote Netanyahuren jarrera setatiari, bake elkarrizketak berpizteko esperantza oro urruntzen duelako. «Aukerako errepertorioa dauka Israelek AEBetako ordezkariei harrera egiteko: kolonizazioa, kolonizazioa eta kolonizazioa», esan du palestinarren negoziazio buru Saeb Erekatek, ohar batean. «Jerusalem ekialdean eta ingurumarietan kokalekuak eraikitzen jarraitzeko lanen ondorioz, porrot egiteko zorian da bi estatu bereizi aurreikusten dituen bide orria».
Iritzi berekoa da Israelgo Shalom Ajshav erakundea. «Kerry idazkariaren bisitaren bezperan Har Homako proiektua onartu izanak frogatzen du kolonizazio lanen eteteari buruz esan diguten guztia gezurra dela. Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian kokalekuak altxatzen jarraitzea da Israelgo Gobernuak ezagutzen duen politika bakarra», adierazi du giza eskubideen aldeko erakundeak, ohar batean.
Atzokoa ez da, alta, Israelgo Gobernuak halako operazio batWashingtongo ordezkarien aitzinean abiatzen duen lehenengo aldia. 2010ean, adibidez, AEBetako presidenteorde Joe Bidenen bisitaldian, okupatutako lursail handi batean urbanizatze lanei ekiteko agindua eman zuen Israelgo Barne ministroak. Israelgo Gobernuak atzo adierazi zuen bai 2010ekoa baita aste honetakoa ere «ohiko prozedurak» direla. Netanyahu lehen ministroak, bestalde, «ezinbestekotzat» jo ditu kokalekuak, bakea bermatze aldera: «Askok kontrakoa uste duten arren, bakea segurtasunean oinarritzen da, eta ez borondate onean. Segurtasunik, armadarik eta kokalekurik gabe, ezingo dugu geure burua defendatu».
AEBetako Estatu idazkariak «probokazioak saihesteko» eskaera egina die Israelgo agintariei, eta martxotik hona kokaleku berririk eraiki ez duten arren, 1.000 etxebizitza baino gehiago altxatzeko proiektuetan aurrera egin du Netanyahuren gobernuak. Azken bi hamarkadetan, hirukoiztu egin dira israeldarren koloniak, okupatutako lurraldeetan.
Urratsak nahi ditu Kerryk
Asteazkenean heldu zen Kerry Ekialde Hurbilera. Palestinarren eta israeldarren arteko prozesua «suspertzea» izango da datozen egunetan eginen dituen bileren helburu nagusia. «Pazientzia izateko» eskatu die alde bateko zein besteko eragileei, «zaila izanen baita fruituak egun batetik bestera ikustea». Horregatik, Estatu idazkariak ez du epe jakinik ezarri bere bide orrian. Hala ere, gaineratu du «premiazkoa» dela urratsak egitea NBE Nazio Batuen Erakundeak heldu den irailean eginen duen batzar nagusia baino lehen, «bake prozesuaren aurka baitabil denbora».
Jordaniako Abdullah II.a erregearekin bildu zen atzo Kerry, etagaurtik aurrera bilerak eginen dituNetanyahurekin eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin ere.
Bake hotsei, entzungor
John Kerryren bisitaren aurretik Jerusalem ekialdean kokaleku gehiago eraikitzeko baimena eman du Israelgo GobernuakBake prozesua iraila baino lehen «suspertu» nahi du AEBetako Estatu idazkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu